Publizitatea

Iritzia

Kultur kontsumoa

Aspaldi ikusi gabeko adierazle batzuk egon dira azkenaldian euskarazko kultur kontsumoan: kontzertu ugaritako sarrera guztiak, salduta; zinema aretoak, beteta... Zerbait loratzen ari da, edo oasi bat da basamortuan? Perezek eta Goikoetxeak gakoak eman dituzte noranzkoaz.

2019-02-10

Nekane Goikoetxea

Gosearen alde

Nekane Goikoetxea. Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Haurtzaroan euskal dantzara joaten ginen. Eraikin zaharrean kokatutako ikastolako patioan ikasi ohi genituen cuatropelos, llamada eta carrerak. Ederki ibiltzen ginen uztai, ezpata eta zapiekin jolasten. Izerdi patsetan bueltatzen ginen etxera teron teron hamaika aldiz kantatu ostean. Sanferminetan Iruñeko zezen plazara eramaten gintuzten, inude eta artzain jantzita, umeen egunean. Labrit frontoian elkartzen ginen etxetik eramandako bokadiloa jatera euskalerrietatik joandako ehunka ume. Artean ez ginen jabetzen ekintzaren dimentsio politikoaz.

Gaztetan jada dantza taldearen ardura hartuta ikastera joaten ginen bailara mailako gazteak. Han jantzi genituen dantzarako zapatila bigunak lehen aldiz, eta dantza pausoak izendatzeko euskara erabiltzen hasi ginen... lauarin, deia eta lasterkaz gain andraxetak, zote eta ingurutxoak. Barrezka begiratzen genion luzaketak egiteko barrari, herri xeheak lehen ilustratuei nola. Donostiara joaten ginen tarteka, Argia-koen lokalera, eta adinik ez zuen gizon dotore bat ezagutu genuen. Artean ez ginen jabetzen ekintzaren dimentsio politikoaz. Gosea genuen, besterik ez.

Dantza deitu dio Esnalek bere filmari. Abizenik gabe, substantiboki, subkultura izatearen arrastorik gabe. Poza hitz txikia gertatzen da lepo betetako zinema-aretoan usaindutako emozioa deskribatzeko. Familia handia da herriz herri dantza egin duen jendearena eta gosea besarkatzen lagundu digute Jauregik eta Esnalek. Horretantxe laguntzen digu kulturak, gosea besarkatzen.

Irati Elorrietaren azken lanak zentzumenak ekartzen ditu lehen orrira. Marx itzulikatuz dio leihoak etxe batentzat zer, horixe direla bost zentzumenak buruarentzat. Familiako etxeak leihoak nahi lituzke, arrazionaltasun modernoari irekitako fugak. Berlindik egiten du euskal kultura Elorrietak gosea duen edonorentzat.

Azkoititik egin zaio agurra Laja trikitilariari. Bat-batean joana, berrehun bat trikitilarik trikiti doinuz bete zuten Andramari parrokia. Familia bidezko kultur transmisioak ez zuen hor ere hutsik egin, Lajarekin hazitako haur, gazte zein helduek trikiti eta pandero agurtu zuten belauna. Malkotan zegoen bertan Aristerrazuko iganderoko erromerietara biltzen den lagun taldea sinistu ezinik igandeko ondoezaren ondorioa. Heriotzak definitzen ei du bizitza. Gure nor izatea ez izateak zedarritzen du.

Errepertorio askotarikoak ditugu klik batera gula garaiotan. Homologazio bulegoetatik ez dira eskaintzak falta. Zer dela-eta egingo dugu aukera bat ala beste? Naturala den goseari kasu egitea da naturalena. Hori bai, gosea kontzeptu kultural, hots, politiko bihurtua dugu mendebaldarrok. Arrazionalizatzen dugu zer den gosea eta teorizatzen dugu globalizazioaren konpultsioez. Gosea zentzumenak dira, etxeari ireki dizkiogun leihoak. Ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena. Etxeak diraueno egongo da gosea eta goseak diraueno gorputza.

Gula garaiak eszeptizismoz bizi ditu Fontcuberta argazkilariak. Aukera egitearen ariketa politikoa aldarrikatzen du aurre egiteko inpermeabilizatzen gaituen irudien gehiegikeriari, bihotz begiz sentitzeko gaitasun kamustuari. Aukera egingo duen jende hori izango da gero ere kulturan murgilduko dena. Gens libera, esango luke berendiak. Horretan gabiltza gosetiak, hiperarrazionalizazio honi gorputzez haginka egiten saiatuz, dela Iruñean, dela Berlinen, dela Aian.
Fernando Perez

Sarrerak agortuta?

Fernando Perez. Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbaoko zuzendaria

Ekitaldi euskaldunetan gizartearen parte-hartzea gero eta handiagoa dela-eta iritzia eskatu zidatenetik, luze aritu naiz horretan pentsatzen. Are gehiago, azterketa antzeko bat egin dut, garai berrien eta inteligentzia kolektiboaren kontua aintzat hartuta.

Nire lagunen sarea ohituta dago iritzia eskatu eta ematera, eta nik kontuan izan dut kolaborazio hau idazteko orduan. «Hobe bakarrik, lagun txarrekin baino» dioen esamoldearekin ados ez banago ere —nire ustez, idealena lagun onak izatea da—, aitortu behar dut gero eta nagi handiagoa ematen didatela gertakizun handiek.

Euskaldunok bide luzea egin dugu aldarrikapen kolektiboen alorrean. Era masiboan biltzen garenean, beti izaten da arrazoi on batengatik. Edonola ere, ez nuke esango kontzertu jendetsu horiek, sarrerak agortu dituzten ekitaldiak edo leporaino beteta egoten diren bertsolari txapelketako finalak masa kontzentrazioak direnik. Nire iritziz, neurri handi batean, eguneroko sukalde lanaren, horien sortzaileen ahaleginaren eta proposamenen kalitatearen ondorio dira.

Gure kasuan, gainera, hizkuntza bat partekatzen duen espiritu kolektiboaren kide izatearen harrotasunaren fruitu ere bada. Gainera, ikuskizun masiboak ez dira fenomeno isolatuak, ez da euskalduntasunaren ezaugarri, ezpada gizartearen kode berrien eta sare sozialen boterearen ondorio. Komunitate birtual, global eta kolektibo honen eraginak kendu egiten digu askatasun indibidual apur bat, aukeratzeko orduan.

Ez zait iruditzen egoera hau fan fenomenoaren ondorioa denik soilik; nire ustez, gehiago erantzuten dio muskulu euskalduna ateratzeko beharrari, komunitatea posizionatzeko forma gisa. Kultur sistema txikia izanda ere, gizarte oro dago bideratuta halabeharrez bere ekitaldi propioak sortzera. Elkartzea behar sozial bat da. Espazio komunak eta esperientzia partekatuak bilatzea, ia beharrezkoa den zerbait. Eta euskaraz egiten badugu, gainera, beste eremu txiki bat irabazi izango dugu, euskal kulturari dimentsio berri bat emateko.

Baina ez dezagun ahaztu txikia ere ederra dela, eta egunerokoa ezinbestekoa. Sarrerak sold out ikustea garrantzitsua da, baina ez soilik emanaldi izugarrietakoak; garrantzitsuagoak dira eguneroko sold out txikiak. Euskal kultura ekitaldi puntualak edo fenomeno handiak baino askoz gehiago da. Gehiago da eskaintzaren eta eskariaren arabera egokitzea, eta formatu artistiko eta kultural guztiak eguneroko bihurtzea.

Ikuspuntu orokorrago batetik, kultura kontsumo hutsa baino estrukturalagoa den zerbaiten moduan ikusi behar dugu. Praktikatik, prozesutik eta esperientziatik heldu behar diogu. Horregatik ezinbestekoa iruditzen zait epe-laburkerian ez erortzea. Oreka bat bilatu behar dugu programazio egonkorraren eta ekitaldi puntualen artean; kultura ezarri behar dugu gertakizun handia eta txikia, tokikoa, desberdin egiten gaituena uztartzea ahalbidetzen digun zerbaiten gisara.

Jar dezagun arreta agente eta espazio txiki guztien arteko ehuna eta identitatea zaintzen, horiek ematen baitigute aukera programazio globalizatutik bereizteko. Ekitaldi handiekin soilik eraikitzen den hiri bat, komunitate bat, izango da leku bat non epe luzera ez diren sortuko proposamenik ez kalitatezko kultur ekonomia ez komunitate artistikoen garapena bultzatzeko.

Beste mila gauza bururatzen zaizkit publiko euskaldunak zenbait ekitaldiri era masiboan erantzuteari dagokionez, besteak beste, erosahalmena, kulturaren «ebentifikazioa», fanen fenomenoa, komunitatearen kide ez izateari beldurra, formatuen globalizazioa, zuzeneko ekitaldien indarra, aisialdia eta negozioa... Nolanahi ere, hori beste egun baterako utziko dut.