Publizitatea

Iritzia

Tomas Zumalakarregi

Hautsak harrotu ditu Mikel Sorauren historialariak aurkitutako dokumentu batek. Esparzaren ustez, historia iraultzen du; Alberdiren irudiko, ezin da halakorik esan.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-03-10

Jose Mari Esparza Zabalegi

Errepublikanoa eta independentista?

Jose Mari Esparza Zabalegi. Editorea

Zumalakarregiri buruzko artikulu bat argitaratu nuen, gaztelaniaz, kontatzeko litekeena dela hark asmo independentistekin eta errepublikanoekin bat egin izana, eta, ezbairik gabe, testuak harritu egin ditu gure historiaren inguruko jakin-mina duten horiek. Baieztapen horren froga, hain zuzen, 1834ko apirilean idatzitako gutun bat da, Mikel Sorauren historialariak Nafarroako Artxibo Nagusian aurkitua; eskutitz hartan, Jose Antonio Zurbano, Nafarroako Diputazioak Madrilen zeukan negoziogizona, diputazio horrexetako idazkari Jose Basseti mintzatzen zitzaion, eta, kontuan harturik zer kargu garrantzitsu zeuzkaten bi goi funtzionario haiek, are nabarmenagoa da gutuna. Idazkian Zurbanok zioenez, «Zumalakarregiren aldarrikapen bat» iritsia zen Madrilera: «[aldarrikapen horrek] esaten du ezen, ikusirik zeinen gauzaez den eta zer-nolako utzikeriaz ari den On Karlos bere kausaren alde, Nafarroako Erresuma eta euskal probintziak Errepublika Federal gisa aldarrikatzen dituztela, eta [Nafarroako] estatuei dei egingo dietela horretarako, gerrak modua ematen duenean». Segur aski, orduantxe erabili zen lehen aldiz errepublika federal kontzeptua gure herrialdean, eta euskal militar ospetsu hari egozten diote, gainera, nahiz eta historiografia ofizialak beti esaten duen gizon hura espainola, absolutista eta erreakzionarioa izan zela. Eskutitz hartatik hilabete gutxi batzuetara hil zen Zumalakarregi, Bilboko setioan.

Gutun horrek garrantzi erabakigarria dauka I. Gerra Karlistaren pizgarrien inguruko eztabaida historiko luzean. Gerra hartako figurarik inportanteena karlista zirkunstantzial gisa agertzen bada, eta euskal errepublikano independentista eta federal gisa, horrek aldatu egin dezake Historia. Nolanahi ere, euskal herritarrak beren askatasunen alde borrokatu zirela berresten duten lekukotza ugarien artean, beste datu bat da aipatutako hori. Karlismoa, azken batean, bandera koiuntural bat zen, zeinak, Cherbuliez alemanak zioen bezala, «errepublikano abarkadunen artean» errekrutatzen baitzituen bere «bandak».

Europarrek aspalditik onartua zuten euskaldunek sentimendu errepublikanoa zutela, eta independentziarako joera. 1795ean, Espainiak Frantziari utzi behar izan zion Santo Domingo uhartea, hartara lau euskal probintziak berreskuratzeko, galdutzat jota baitzeuzkan ordurako. 1808an, berriz, Napoleonek aztergai izan zuen euskal Estatu bat sortzea, lurralde guztiak hartuko zituen «Fenizia Berri» bat.

Susmagarriro deigarria da zer arreta txikia jarri izan dieten historialariek lehen matxinada karlistan euskal herritarrak independentziaren alde borrokatu zirela berresten duten lekukotza askotarikoei. «Gerra, Nafarroan, gerra nazional bat da hango biztanleentzat, eta oso antzera da beste hiru probintzia salbuetsietan», adierazi zuen Nafarroako erregeordeak 1834an. Historialarien artean, Pirala izan zen lehenengoetakoa Zumalakarregiren asmo independentisten inguruan mintzatzen, baina ez zuen izan jarraitzale askorik, puri-purian egon den gai deseroso bat izan baita historiografia ofizialarentzat. Wilkinson, Somerville, Borrow eta beste aditu britainiar batzuek, ordea, aipatua dute independentismo hori, eta euskal herritarren «harrotasun errepublikanoaz» hitz egin izan dute; Lataillade, Faucher, Mitchel eta Viardot frantsesek ere aipatu izan dute, bai eta Laurensek eta beste prusiar batzuek, Mackencie eta beste iparramerikar batzuek, Lassala eta beste espainiar batzuek ere; Abiraneta, Xaho eta beste euskal herritar batzuek bezala, eta abar.

Dokumentazioa aski eta sobera dago zenbait historialarik bazter utz ditzaten Osaba Tomasi buruz esan dituzten tontakeria guztiak, gure historiako gizon itzaltsu, euskaldun, independentista eta errepublikano bat izan baitzen Zumalakarregi.

(Erredakzioan itzulia)
Mikel Alberdi Sagardia

Errepublikano federala?

Mikel Alberdi Sagardia. Zumalakarregi museoko dokumentazio arduraduna

Arestian irakurri ahal izan dugu Tomas Zumalakarregi, berriki aurkitutako dokumentu baten arabera, errepublikano federala zatekeela eta bere ibilbidearen inguruan ikertu dugun historialariak itsu egon garela oraindaino; okerrago dena, ez ikusiarena egin dugula hainbat arrastok dagoeneko nabarmentzen zuten bere jarrera aurrerakoiaren aitzinean. Baina dokumentu bakar batek eta haren heriotzaren ostean zabaldutako zurrumurruek, besteak beste, karlisten aurka borrokatzera etorritako zenbait soldadu britainiarrek jasotakoak, Zumalakarregik euskaldunen errege izateko asmoa izan zuela dioena esaterako, ez dira gai bere ibilbidean erakutsitako jarrera ezeztatzeko.

Iraultza frantsesaren bezperan jaio zen Tomas Zumalakarregi, 1788ko neguan alegia, eta bere bizitza erabat baldintzatu zuen Mendebaldeko mundua hankaz gora jarri zuen gertakari hark. Antzinako erregimenaren krisialditik sistema liberalaren ezarpena arteko garaian bizi izan zen, eta, gatazka horretan, beti absolutismoaren aldeko jarrera erakutsi zuen.

Napoleonen aurkako gerra bukatu zenean, euskal gerrillaren buruzagi nagusiek, Gaspar Jauregi Artzaia-k modu apalean eta Javier Minak —hau bai urri erreibindikatua gurean— eta haren osaba Espozek sutsuki jo zuten proiektu liberalaren alde, Fernando VII.aren absolutismoaren aurrean. Horiek erbestera jo behar izan zuten bitartean, Tomasek karrera militarra jarraitzeari ekin zion. Bere anaia Migel Antonio Zumalakarregi, Cadizko Gorteetan Gipuzkoako ordezkaria, Madrilen kartzelan zegoen bere jarrera liberalagatik; Tomas, berriz, Iruñean Borboien Infanteria Errejimentuko buruzagi izendatu zuten.

Espainiako liberalek boterea eskuratu zutenean, 1820.ean, berriro Iruñean, goarnizioa agintari liberalen aurka altxatzen saiatu zen, arrakastarik gabe, eta, azkenean, hiritik ihesi, gerrilla absolutistarekin bat egin zuen. San Luisen Ehun Mila Semeekin batera bukatu zuen altxamendu hau Tomasek, Lleidako setioan. Ondoren, liberalen aurkako errepresioa bideratu zuen Nafarroako komisio militarraren partaide ere izan zen.

Karlistaldia piztear zegoenean, 1833ko udazkenean, berriro ere Tomas aginte militarretatik kanpo utzia zuten, bere aurkako epaiketa batean Fernando VII.aren kontra altxatzearen susmoetatik errugabe atera izanagatik ere. Berriro Iruñean, erregearen heriotza ostean Don Karlosen aldeko altxamendua hasi eta laster, Zumalakarregi karlistekin bilduko da.

Bere bizitzako azken urte eta erdiak Tomas Zumalakarregi mito bihurtu zuen. Baina ez dugu aurkitzen bere jarrera absolutista tinkoa aldatu zen aztarnarik. Egia da Agosti Xahok bere Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques liburuan, Tomas Don Karlosen borrokatik bereizi eta euskaldunen eskubideen defendatzaile bihurtu zuela. Baina adostasun zabala dago Xahoren elkarrizketa euskal erromantizismoaren pasarterik bikainenetakoa dela: asmakizun literarioa, alegia.

Dena den, Zumalakarregiren ibilbidearen irakurketa abertzaleak hasieratik izan zuen arrakastak adierazten digu, jendeak sinetsi nahi bazuen, bazegoela grina euskal armadaren buruzagia izan zedin, bera benetan militar espainiar soila izan arren.

Horregatik, Zumalakarregiren biografia bortxatzen ibiltzea baino askoz interesgarriago iruditzen zaigu idazle zuberotarraren figura itzaletatik ateratzea. Izan ere, oraindik nekeza da Xahoren ekarpen itzela ezagutzen duenik aurkitzea, eta bera bai, zalantzarik gabe, izan genuen errepublikazale, eta euskal abertzaletasunaren aitzindari. Aërio!