Publizitatea

Iritzia

Euskal selekzioa eta diaspora

Javier Clemente euskal selekzioaren hautatzailea Ameriketara joandako euskaldunen ondorengoak selekzioan jokatzearen aldekoa da. Goirizelaiak eta Rojok gogoeta egin dute gai horren ertzei buruz.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-03-17

Ekain Rojo Labaien

Amerikako diaspora eta euskal selekzioa

Ekain Rojo Labaien. EHUko irakaslea eta Nor Ikerketa Taldeko kidea

Javier Clemente euskal selekzioaren hautatzaile izendatu berriak esana da futbol elkargoari proposatuko diola Ameriketara joandako euskal sendien ondorengoak euskal nazio taldean zelairatu ahal izatea. Clementeren hitzetan, euskal herritarrak dira, eta euskal futbolaren parte. Inondik ere, kirol prestatzailearen arrazoibidearen oihartzuna futbolaz gaindikoa da, eta zuzenean eragiten dio euskal izaeraren definizioari. Zehatz esanda euskal komunitatearen gainean ebazteke dauden auziei gaineratzen zaie. Itxi gabeko nazio izendapen ezbaitik hasi, euskal lurraldetasunaren ikuspegi ezberdinetatik igaro eta oro har euskal adiera politikoaren batasunik ezaren erakustoki izan da berriki euskal selekzioa. Horrela, badira Clementeren izendapenari begi txarrez erreparatu diotenak ere, euskal hautatzailea euskal herritarra bai baina euskalduna ez izateagatik.

Futbol selekzio nazionalak sortzetik hartu izan dira ordezkatzen duten herrialdearen haragitzeak bailiran. Eric Hobsbawm historialariaren arrazoibideari jarraikiz, 11 jokalarik osatutako taldea gailu oparoena zatekeen milioika pertsonaren komunitate imajinatua islatzeko, hots, benetakotzeko. Gainera, komunitate eredua sorterrian eta atzerrian islatzeko eragingarriak izan dira futbol selekzio nazionalak. Horren adibide nagusiak dira Frantziako eta Alemaniako taldeek historian barna haragitu izan dituzten nazio izaera eta nazio partaidetza eredu kontrajarriak. Hala, Frantziak ius solis —lur eskubidea— izeneko irizpidea ezarri izan du nazio partaidetza onartzeko. Alegia, Frantziako mugen baitan jaiotako edonor zuzenean izango zen frantziar nazioaren kide. Hartara, futbol taldeak aro goiztiarretik kolonia menderakuntzatik eratorritako etorkinen ondorengoak zelairatu zituen. Bestalde, Alemania ius sanguinis —odol eskubidea— deritzon ereduaren adierazle izan da. Esan nahi baita, nazioaren kidetza familia oinordetzaz erdietsiko zela, odolez, ez jaioterriz. Horrela, Alemaniako futbol selekzioa 1990eko hamarkada erdi arte nazio adiera zurrunaren erakusgarri sinbolikoa izan zen. Globalizazioaren hazkundeak gizartean nahiz futbolean ikuspegi hori arindu zuen azkenerako, eta etorkinen sendien ondorengoak futbol selekzioaren, eta bidenabar, nazioaren kidetzat onesten lagundu.

Bada, futbol selekzioak, batetik, estatuetan oinarritutako nazio identitateen aingura sinbolikoak bihurtu dira globalizazioaren hazkundearen garaian. Bestetik, nazio aniztasunerako ezinbesteko bilakaeraren ispilu dira. Hori hala, nazioarteko lehiaketetan jokatzeak ematen duen ospe eta zilegitasunik gabe ere, euskal selekzioa atzeratu ezinezko nazio gogoetaren eztabaida gune izango da. Horretan txertatzen da euskal diasporaren gaia ere, nahiz eta euskal identitate eta lurraldetasunaren hausnarketan bigarren mailakoa izan.

Ezin aipatzeke utzi Ameriketan jaiotako euskal herritarren ondorengoei zuzentzen zaien Clementeren ekimenak izan dezakeela Mendebaldeko menderakuntzaren zantzurik ere. Futbolaren globalizazioak Europako loriari begira jarri izan ditu mundu osoko kirolariak, eta hori ere azalaraziko da eremu honetan. Zernahi dela ere, argi dagoena da euskal selekzioa euskal identitate eta komunitatearen ikuspegi garaikidearen jokalekua izango dela aurrerantzean.
Maialen Goirizelaia Altuna

Euskal selekzioan nahi zaitugu

Maialen Goirizelaia Altuna. EHUko ikertzailea

Javier Clemente izendatu dute euskal selekzioko entrenatzailea berria, eta hasi dira jada maiatzaren 29an Panaman jokatuko den partidarako taldea prestatzen. Azken egunotan hainbat komunikabide eta albistetan presente izan dugu Clementek aurkezpen egunean esandakoa. Bere karrera profesionalean zerbait faltatuko litzaiokeela euskal selekzioa entrenatuko ez balu; beretzako, hau, lana barik, sentimenduarekin lotuta dagoen zerbait dela, eta gure koloreak jantziz, gure taldea baina, baita ere, gure herria defendatzen ditugula. «Euskalduna naiz, euskaldun sentitzen naiz, eta uste dut futbolaren bidez asko lagundu dezakegula gure herria». Guztiz ados zurekin. Futbolak herriaren markan laguntzen du, hau da, herri bat nazioartean posizionatzen laguntzen du; eta gure koloreak defendatzen ditugunean, gure herria ere defendatzen eta zabaltzen ari gara. Gainera, berak dioen moduan: «Herri independente bat garen egunean, gure selekzio propioa izango dugu. Horrela ez gara hutsetik hasi beharko ofizialak garela esaten digutenean».

Aurkezpen egunean esandakoen artean, niretzako deigarriena, eta zergatik ez, politena, izan da 19 jokalari horien artean ez direla bakarrik Euskal Herrian jaiotakoak izango. Clementeren ustez, 1980ko hamarkadan ere Athleticen zegoenean esan zuen bezala, Euskal Herritik arrazoi batengatik edo beste batengatik joan behar izan zutenen ondorengoak ere egon beharko lukete. Hau da, diasporako kideek ere euskal selekzioan eta Athleticen jokatu beharko luketela uste du. Errepikatzen du hori iritzia baino ez dela, ez erabakia, eta bere gainetik asko daudela hori horrela izango den edo ez esango dutenak.

Ez da, beraz, erabaki bat, eta, are gutxiago, erabaki erraz bat, batez ere, hainbeste urtetan errotutako zerbaiten desberdina denean. Hala ere, bada lehen pauso bat publiko egitea eztabaida, eta aurrera eramatea posible dela ikustea. Gainera, euskal selekzioak horren aldeko hautua egiteak Athleticen ere hori egitea posible dela erakutsiko digu. Egungo gizartean batzuk bagoaz, beste batzuk bagatoz, eta, horren ondorioz, ugari dira diasporaren parte direnak. Munduan zehar ia 200 euskal etxe ditugu, gure kultura, identitatea eta herria munduan zehar zabaltzen dutenak. Gure taldeetan euskaldunak nahi ditugu, baina, esan bezala, asko dira hemen jaio ez arren, euskaldunak direnak eta gure herriarekin lotura dutenak. Zaila izango da hori definitzea eta abizena, sentimendua, sustraia, lotura eta identitatea funtsezkoak izango dira honetan guztian. Hala ere, uste dut apustu polita dela eta emaitzak oso positiboak izan daitezkeela. Horrela, euskal selekzioak, alde batetik, herriaren markan lagunduko du; baina, horrez gain, kanpoan dauden euskaldunekin jokatzen badugu, sare eta zubiak sortzea erraztuko du.

Clemente, esan duzu zure ibilbidean hutsune bat egongo litzatekeela euskal selekzioa entrenatuko ez bazenu; euskal selekzioak ere hutsune bat izango du zure iritzia erabaki positibo bihurtzen ez bada eta jokalari horiek taldetik kanpo gelditzen badira.