Publizitatea

Iritzia

Bake prozesuak

Iragan apirilean IRA Berriak Lyra McKee kazetaria hil zuen. Bake prozesuen hauskortasunari buruz gogoeta egin dute Paul Riosek eta Teresa Todak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-05-12

Teresa Toda Iglesia

Akordioak mugarri dira, ez helmuga

Teresa Toda Iglesia. Kazetaria

Lyra McKee Irlandako «su-etenaren belaunaldiko» kazetari gaztea zen, eta bere belaunaldiko egoeraren kronista argia. «Bakearen onurak ez dira inoiz guregana heldu», idatzi zuen duela gutxi. McKee Derryko Creggan auzoan hil zuten. Auzo txiro eta gatazkatsua da. Azken urteotan, Belfasteko ekonomiak %14 egin du gora, baina Derryrena %7 jaitsi da. Jaiotzen diren haurren bi heren, pobrezian jaiotzen dira. Egoera benetan erdiragarria da. Derry muturreko eredua izan daiteke, baina errealitatea da bakearen onurak ez direla Ipar Irlandako bazter guztietara berdin iritsi, ez arlo sozioekonomikoan, ez komunitateen arteko harremanetan.

Ostiral Santuko Bake Akordioa prozesu luze baten emaitza izan zen, nahiko landua eta zehaztua. Halere, urteek agerian utzi dute zer gabezia eta hutsune zituen, eta gatazkak utzitako aztarnak, sufrimenduak eta ezinikusiak ez dira berez osatu. Borondatea izanda ere, pausoak eman behar dira; adostutakoa bete behar da. Eta ez da horrela gertatu.

Bake prozesuetan akordioak ezin dira helmugak izan, egin behar den bidearen mugarriak baizik. Gatazkaren erroak estaliak geratzen badira, biolentziak utzitako ondorio guztiei ez bazaizkie erantzun egokiak ematen, pilatutako erreminak azaleratu daitezke modu bortitzetan. Gatazka armatuaren txinpartek diraute Ipar Irlandan. 1998ko Itunaz geroztik, 157 pertsona hil dituzte, aurreko parametroetan egindako ekintzetan. Bestalde, prozedura luze eta korapilatsuaren ostean Bloody Sunday-ko sumarioan soldadu bakarra auzipetzeak, eta erantzukizun politiko edo militarrak ez ikertzeak, min handia sortu du komunitate errepublikanoan. «21 urte dira Akordioa sinatu zela, eta gatazkaren absentzia baino zerbait gehiago behar dugu», esan berri du Mary McDonald, Sinn Feineko lehendakariak.

Dirauen egoera soziopolitiko horri, gobernu propioaren falta eta brexit-aren inkognitak gehitu behar zaizkio. Duela egun gutxi izandako udal hauteskundeetan, DUP eta SF alderdiek beraien lidergoa mantendu dute, baina beste mota bateko indar politikoek ere emaitza politak lortu dituzte, polarizazioa leuntzeko joera indartuz.

McKeeren heriotzak ondorio politikoak izan ditu. Belfasteko Gobernua berrosatzeko elkarrizketei ekin diete berriro. Azpimarratzekoa da hor ez direla bi alderdi nagusietara mugatzen, parlamentuan dauden bost alderdiek parte hartuko baitute. 21 urteotan egindakoan eta egin ez denean arreta berria jartzen ari dira.

Gure prozesuetan, begirada Irlandan jarri izan dugu askotan, Lizarra-Garazitik hasita. Desberdintasun nabariez gain, irakaspenak atera ditugu, bakea eraikitzeko oinarri batzuk unibertsalak direlako. Foro Sozial Iraunkorrak behin eta berriz azpimarratu duenez, irekita dirauten gaiei —gure kasuan, presoak, iheslariak, biktima guztiak...— konponbidea eman behar zaie ahalik eta lasterrena, eta ostertzean dugun gizarte baketsurako, justurako eta demokratikorako ezberdinen arteko elkarrizketak, elkar entzuteak, enpatia, memoria inklusiboa, egia, justizia eta erreparazioa lantzen joan behar dugu.

Irlandan baino egoera hobean gaude Euskal Herrian, etorkizun hurbil eta urrunagoari aurre egiteko. Gaur aska ditzakegun korapiloak askatzen ez baditugu, etorkizunerako bidean harriak eta desbideratzeekin topo egiteko arriskua handituko da.
Paul Rios

Arriskuan ote Irlandako bakea?

Paul Rios. Gatazken konponbidean aditua

Joan den apirilean, Ostiral Santuko Bake Akordioaren kontrako talde batek, IRA Berriak, Lyra McKee kazetaria erail zuen. Barkamena eskatu du, baina justifikatu ere egin du erailketa, argudiatuta Derryn Poliziari tiroka ari zitzaizkiola istilu batzuetan, eta Mckee «indar arerioen artean» zegoela. Erailketa horrek seko astindu du Irlandako gizartea. Eta, logikoa denez, bake akordioen aurreko garaietara itzultzeko beldurra piztu du berriro, eta prozesuan segitzeko aukerari buruzko zalantzak sorrarazi ditu. Egunotan, bada, analisi bat bestearen atzetik etorri da. Lyra McKee erailak berak ere idatzia zuen artikuluren batean: «Ostiral Santuko akordioen belaunaldikoak ginen, aurrerantzean gerrako izugarrikeriarik sekula ikusi beharko ez zutenak, baina bakearen uzta bilduko zutenak. Antza, ordea, halako uztarik ez zitzaigun heldu sekula».

Mckeeren hitz profetiko horiek egitate bat erakusten dute: Ipar Irlandako gazte askoren egoera ekonomikoa eta soziala ez dela hobetu bake akordioen eraginez. Eta hori ez dagokio soilik komunitate katolikoari. Harold Good artzain protestantea da, bake akordioetan rol garrantzitsua izandakoa eta Euskal Herrira sarri askotan etorritakoa, eta hark behin baino gehiagotan azaldu izan du akordio horien kontra dauden erakunde paramilitarrek ere gazte protestante langabeak dituztela jomugan.

Ipar Irlandako Poliziak gaztigatua du lau urteotan ugaritu egin direla eraso sektarioak. Eta badira talde paramilitar aktiboak ere, IRAko disidenteenak nahiz taldetxo loialistenak. Ez dirudi beste gatazka armatu bat antolatzen ari denik, ez behintzat aurrez bizi izandakoaren tamainakorik, baina gertatu berri denak kezkatuta dauka gizartea, lehendik ere asaldatua brexit-a eta gazte askoren itxaropenik eza dela eta. Joanak dira 20 urte pasa Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenetik. Orduan ere izan zen haren aurkakorik, eta indarkeria iraunarazi nahi izan zuenik, gazte berriak sartuz talde armatuetan. Baina bi oztopok eragotzi zieten areago haztea. Batetik, Irlandako gizarteak oraindik ere bizi-bizirik zuen indarkeriaren oroitzapena, eta hark zer ondorio zorigaiztoko zekarzkien herritarrei.

Bestetik, IRAko kide ohiak eta paramilitar loialistek beren itzala baliatu zuten, hain zuzen, gazte asko konbentzitzeko ezen iritsia zela bakerako eta politikarako abagunea. Zilegitasuna ematen zieten militantzian jardun zuten urteek eta, kasu askotan, kartzelan emandakoek, eta, horri esker, beren ahotsa entzunarazi eta errespetarazi ahal izan zieten bake prozesua kritikatzen zutenetako askori, eta berriro indarkeria balia zezaten eragotzi.

Arazoa zertan datzan? Bada, haiek ez dutela lehen adinako itzalik gaur egungo gazteen artean, zeinak artean jaio gabe baitzeuden akordio haiek sinatu zirenean. Gaur egungo gazteentzat, oroitzapen lauso bat baino ez dira indarkeria urte haiek; alabaina, bizi-bizirik dauzkate langabezia, pobrezia, aukerarik eza eta egoera politiko aldakorra.

Horrek guztiak gogoeta eginarazi beharko liguke Euskadiko bakearen iraunkortasunaz. Erronka da ez dadila itzul indarkeria gaur egun, baina ezta hemendik hogei urtera ere. Memoria gordetzea da hori lortzeko bide bat, alderdien interesetatik aldenduko den memoria bat, indarkeriak berekin dakartzan sufrimendu izugarriak gogoraraztean zentratua. Eta beharrezkoa da, halaber, lan egitea gizarte kohesionatu bat lortzearren, berdintasun irizpidean oinarrituko dena, eta zeinean pertsona orok garatu ahal izango baitu bizi proiektu bat. Memoria gehi etorkizuna, ekuazio horrexek ematen du bidea bake prozesu iraunkor bat bermatzeko: izan Irlandan, Kolonbian edo Euskal Herrian.

(Erredakzioan itzulia)