Publizitatea

Iritzia

Hiriak eta gazteak

Hirien bilakaerak gazteen bizi proiektuetan izan duen eraginaz hausnartu dute Ormazabalek eta Suarezek, ertz banatatik Donostiara eta Bilbora begiratuta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-05-19

Gaizka Suarez Iparragirre

Kapitala bizi, gazteok biziraun

Gaizka Suarez Iparragirre. Eragin-eko kidea

Giza komunitate garaikidearen ekosistema dira hiriak; hiritarren arteko harremanek osatutako errealitate sozioekonomikoak. Metabolismo jakin bati jarraikiz etengabeko eboluzioan daudenak, gainera.

Gure ekosistemak azken urteotan aldaketa bortitzak jasan ditu. Seguruenik hiriaren beraren jarduna naturalki horren asimilatua izateak eraman gaitu maiz bertan gertatutako aldaketa horiek fenomeno natural bezala ulertzera. Hala ere, alokairuak 955 euroan dauden bitartean gazteon batez besteko soldata 855 eurora murrizteak naturaletik ezer gutxi dauka. Hain zuzen, Euskal Herriko hiriburuetan eta, gure kasuan, Bilbon gertatzen ari den tertziarizazioa eta turistifikazioa prozesu gidatua da, arduradun batzuek hartutako erabakien ondoriozkoa, hots, Thatcherismotik datorren ofentsiba neoliberalaren aplikazio praktikoa da.

Kapitalaren kapitala bihurtu da Bilbo. Bizitzak bizitzeko beharrean, kapitalaren akumulaziorako bizi den hiria. Glovo, Deliveroo, Uber... bezalako espezie inbasore berriek beraien esplotazio eredu modernoak ereiteko habitat egoki bezala aurkitu duten hiria. Modernitatearen sinbolo eta joera berri bezala azaltzen zaizkigun multinazional hauen atzean inoizko esplotaziorako teknika eraginkorrenetako bat ezkutatzen da. Autonomoen figura faltsuekin langileak (normalean gazteak eta migranteak) autoesplotaziorako motibatu eta era berean babesgabetasun handienean geratzen dira. Hori gutxi balitz bezala, langileoi edozein herri ekimen egiteko espazio publikoaren erabilera guztiz ukatzen zaigun bitartean, gure kaleak beraien negoziorako lantokia dira inongo mugarik gabe.

Ildo beretik, ostalaritzarena da Bilbo globalizatu eta kapitalista ezaugarritzen duen beste sektore bat. Gero eta masiboagoa den turismoari kontsumo eskaintza egiteko ugaldutako frankizia erako kateak edota jabe bakarraren jabetzakoak izaten diren taberna sareak negozio tradizionalak estutzen dituzte, lehiarako gaitasun handiagoa dutelarik. Nortzuk dira berriro ere honen biktimak? Alde batetik, beraien lanpostuetan ostalaritzako hitzarmeneko baldintzak ere aitortzen ez zaizkien langileak eta, bestetik, kolonizazioak eragindako prezioen igoera eta eremu erreproduktiboen deuseztapena dela kausa auzoetatik botatzen ari diren auzotarrak.

Baina, hiriaren paradigma berri honek dakartzan ondorioak ez dira soilik lan esparrura mugatzen. Zer da behin lanetik aterata gure eguneroko miseriak denbora batez ahazteko duguna? Amancio Ortegaren Gran Via-ko erosketek, Aburtoren makroekitaldiek eta apustu etxeek monopolizatu nahi duten kontsumo aisialdia dugu. Guztiak alienatzaileak eta kapitalisten poltsikoak betetzen jarraitzera bideratuak baina, horietan azkena bereziki kezkagarria, gazteria desaktibatu eta galbidera eramateko duen gaitasunagatik. Bereziki kezkagarria azken urteotan langileoi miseriatik ateratzeko itxaropen faltsuak sortzeari esker izandako gorakadagatik.

Hasieran esan bezala, aldaketak ez dira zerutik etortzen, ez dira naturaren patua; ekosistema hauetan agintzen dutenen estrategia dira eta estrategia horrek kondenatzen gaitu gauden bezala egotera, bizirautera. Etortzen denaren menpe aldi baterakotasunean harrapatuta. Bizirauteko gutxieneko soldata bat eskuratzeko lanaldi amaigabeak egitera behartuak. Pisu turistikoen ondoriozko alokairu garesti horiei aurre egiteko gaitasunik gabe. Kolektibotik deserrotuta, atomizatuta, arazoei era kolektiboan erantzuteko ezintasunean. Bilboko Oasi emankorraren kontakizun hori basamortuan ezinean dabilen gazteari sortutako ispilatzea besterik ez da. Hiri bizigarri baterako eskubidea ukatzen ari zaizkigu, bizitzarako eskubidea, eta erantzuten ez badugu beranduegi izango da.
Markel Ormazabal

Hiri-eredua eta bizitza burujabeak

Markel Ormazabal. Donostiako Sortuko kidea

Igaro zen aste santua eta hedabide eta agintari gehienek, berriro ere, aho beteka eta harro agertu dituzte turismoak gurean utzi dituen zifrak eta errekorrak. Eskuak igurtzi, eta udak emango duenari begira dauzkagu jada. Zenbakiek, ordea, ezkutuan dituzte helmuga-turistikoetako biztanleon eguneroko penitentziak. Izan ere, bisitari eta turistekin batera heltzen baita, besteak beste, behin-behineko gaien garestitzea, garraio publikoko sarearen saturazioa, kutsadura eta hondakinen sortze altua, edo espazio publikoaren masifikazioa. Badira, halaber, gurpildun maletetan bildurik turistaren ohiko bizilekura itzuliko ez diren gaitzak ere; hala nola gentrifikazio-prozesuak, prekaritatearen hedatzea edo higiezinen espekulazioa. Hiriak, eta Donostia nabarmen, hiri-eredua sakon aldatzen ari den kapitalizazio prozesu betean aurkitzen dira: kapital higiezin-finantzarioak erabakitzen du inbertsioen norabidea, eta turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hirien egitura produktiboa eraldatzen ari dira.

Aldaketa hauek ez dira ausaz sortutako errealitateak. Aitzitik, ekonomia jakin baten ondorio dira, eta zehatzago, espazioaren ekoizpen kapitalista jakin baten emaitza; Ivan Miró ekintzaile eta ikerlariak akumulazio turistiko-inmobiliarioa deitzen duen erregimen berrian orokorturiko baldintza espaziala dira, hain zuzen ere. Kapitalismo finantzarioak munduko ekonomiaren azken hedapen zikloa ezaugarritu du eta espazioaren produkzioa nahiz honi lotutako prozesuak dira, hain zuzen, logika finantzarioa ekonomiaren erdigunera ekarri duten indarrak: merkatura bideratutako ekoizpen espaziala da finantza-ekonomiaren oinarri materiala eta hiri-espekulazioa, berriz, finantza merkatuaren lehengai nagusia. Espazioa, kapital metaketaren euskarria izatetik, metaketaren lehengai izatera igaro da, eta logika honen ondorioz, hiria (lurraldea) kapitalismo globalaren erdigunean kokatu da.

Izan ere, hiriak kapitala erakartzen du, besteak beste, hirietan bideragarriagoa delako azpiegitura nahiz zerbitzu publikoetan inbertitzea. Hala bada, hiri guztiak lehian dabiltza zeinek erakarriko kapital eta inbertsore gehien, eta norgehiagokan garaile irteteko, etekin handiena emango duen egitura ematen ari zaie hiriei. Norgehiagoka horretan lehiakor izateko, halaber, «marka» sortu behar da. Eta hiria merkantzia bilakatzen da, salgaia eta, aldi berean, merkantzia ekoizten duen enpresa. Inoiz baino produktiboagoa den hiri-eredua gailendu da, eta hiria enpresa bat bezala kudeatzen da. Lehen bizitzeko ziren hiriak negoziorako espazio bilakatu dira orain. Turismoa, zentzu honetan, Europa hegoaldeko herrialdeetako hiri-marken osagai behinena bilakatu da, eta aldi berean, nazioarteko kapitalarentzat sarbide nagusia.

Herritarren erabaki ahalmena finantza-elite batek bahituta dago, gure bizitzak indibidualismora eta merkatuarekiko erabateko dependentziara eta kontrolera kondenatu nahi dituzte. Menpekotasun egoera hori gainditu eta burujabetza osoa nahi dugu, bizitza burujabea delako bizitza duin bakarra. Eta hiri-testuinguruan, burujabetza anitzen (ber)eskuratzea hiria bera berreskuratzetik pasatzen da. Bestela esanda, espazioa kapital metaketarako lehengai nagusia bada, hots, desjabetutako klaseen zapalkuntzarako elementu nagusia bada, egungo klase borrokaren helburua espazioaren ekoizpen eta kudeaketaren sozializazioa eta kolektibizazioa izango da.