Publizitatea

Iritzia

Emakumeentzako gailua

Eraso matxistei aurre egiteko asmoz, gailu bat hedatu dute zenbait herritan. Gizonak ez ote dira interpelatuta sentitu? Albenizek eta Bergarak egin dute gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-05-26

Ander Bergara

Egin klika, aukeratu berdintasuna

Ander Bergara. Emakunderen Gizonduz programaren koordinatzailea

Autobusaren geltokian umeen zain geundela, lagun batek esan zidan bere bikotekide ohiari urruntze agindua jarri diotela, eta berak Bortxa aplikazioa jarri duela telefonoan. Eraso arrisku baten aurrean aplikazioan klika egiteko aukerak, ordea, ez zuen askorik lasaitzen. Izututa zegoen orduan eta orain ere. Bera ez da bakarra. Segurtasun Sailaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa. Besteak beste, 732 biktimak dute Bortxa telefonoa edo haren ordezko aplikazioa eta 66k eskolta pertsonala. Beraz, gurean ehunka emakume bizi dira bikotekide ohiaren hurrengo erasoaren beldur. Eta askoz gehiago dira, emakume guztien heren bat inguru, inkestetan adierazten dutenak bizitzan zehar indarkeria matxista modu batean edo bestean jasan dutela. Gehiago esango nuke, emakume gehienak sentitu dira inoiz deseroso edo mehatxatuak gizon baten erasoaren beldur izan direlako.

Biztanleriaren erdia beste erdiaren mehatxu errealaren edo potentzialaren beldur bizi den gizartea ez da askea, ezta demokratikoa ere. Baina egoera honen aurrean zer pentsatzen dugu gizonok? Zer sentitzen dugu? Zer sentitu beharko genuke? Zer egin beharko genuke? Askotan sentitzen dugu geure buruak ez duela zerikusirik indarkeria matxistarekin, ez diogulako inoiz emakume bati eraso egin edo hura bortxatu. Baina, indarkeria sexista ez da gizon jakin batzuen arazo indibiduala; aitzitik, egiturazko arazo sistemikoa eta unibertsala dela, emakumeen eta gizonen arteko botere-harreman asimetrikoen ondorioa. Matxismoa dago oinarrian. Eta matxismoaren biziraupenean badugu erantzukizunik.

Indarkeria erabiltzen ez dugun gizonok ez gara beste batzuek baliatzen duten indarkeriaren errudun; bai, ordea, indarkeria horren iturri den matxismoaren erantzule. Emakumeen bizkar dugun botereari eta pribilegioei eusteko erabiltzen den neurrian, gizonok emakumeen kontrako indarkerian erantzukizun berezia dugu, bai maila indibidualean, bai gizatalde bezala.

Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasunik: hura elikatzen duen gizarte matxista aldatzeko ezer egiten ez badugu, arazoa handitzen eta betikotzen ari gara. Gizartea errotik aldatu nahi badugu, ezin gara prozesu honetatik kanpo geratu. Emakumeek historian zehar euren eskubideen alde egindako lan eta ahalegin guztiari batu behar diogu gure konpromisoa, erantsi behar diogu gizarte matxista hau aldatzeko gure jarrera asko aldatzeko ahalegina. Horretarako, uko egin behar diogu botereari, pribilegioei eta indarkeriari estu lotua dagoen gizon eredu hegemonikoari. Gizon izateko beste modu batzuk bilatu behar ditugu, askotarikoak izan daitezkeenak, baina betiere zaintza erdigunean jarriko dutenak eta berdintasunarekin bat etorriko direnak.

Gizonak berdintasunaren alde inplikatzeko sortu zuen 2007an Emakundek Gizonduz programa. Ordutik, hainbat prestakuntza egin dugu, horien artean aplikazio informatiko batean oinarritzen den Gizonok esan eta egin kanpaina. Aukera ematen digu gure jarrera sexistak identifikatzeko, konpromiso desberdinen artean gureak hautatzeko eta horien jarraipena egiteko. Webgunean eskuragarri dago eta dagoeneko 200 bat gizonek erabili dute.

Aplikazio batek hain errotuta dagoen arazo bat konpontzen ez duela jakin badakigu ere, benetako berdintasuna lortzeko teoria «aplikatu» beharra dagoela gogorarazi nahi diegu gizonei. Hitzetatik harago, konpromisoak behar direla. Emakumeek Bortxa aplikazioan klika egin behar ez dezaten, gizonok egin behar dugula klika behingoz benetako berdintasunaren alde.
Egoitz A. Albeniz

Egiturazko desoreka(k)

Egoitz A. Albeniz. EHUko irakaslea

Durangoko Udalaren ekimenez, emakumeentzako botoi bat atera dute. Eraso matxista bat jasateko arriskua duela sentituz gero, botoiari birritan klik eman ostean, udaltzainen bulegoan alarmak jotzen du.

Udalak komunikabide batean aipatu duenez, gailu honen helburua emakumeak ahaldundu eta erasotzaileei erasoak gauzatzeko asmoa deuseztatzea litzateke; eta hortxe amaitzen da erasoen arazoa. Behin-behinean erresolutiboa, agian; eraginkorra ote den, beste kontu bat da.

Maila instituzionalean, gailu honek hainbat ondorio dakartza era inplizitu baina argian. Onartzen da, bai, badagoela jendartearen sektore bat, zeinak erasoak jasaten dituen; onartzen da, bestalde, jendartearen beste sektoreko kide bakan batzuek (askotan «ero» edo «desekilibratu» edo «perbertsotzat» joak, era interesatu samarrean) erasoak eragiten dituztela; baina, horren atzean dagoen kausen inguruan ez da, orobat, arakatzen, eta are gutxiago eragiten.

Aipatu beharra dago, instituzioez ari garenean, jendarte egitura jakin batek bere buruari ematen dizkion kudeaketa, biziraupen eta erreprodukziorako espazio zilegituez ari garela. Gure kasuan, jendarte egitura patriarkal, kolonial eta kapitalista batez ari gara, hau da, egitura matxista, arrazista eta klasista batez, eta, hortaz, argiki, instituzio hauek ere badira indarkeria hauek guztiak eragin eta sostengatzen dituztenak. Instituzioetatik erantzun integral, erradikal eta eraldatzaileak ematea espero duenak jai dauka.

Gailua baliagarria izan daiteke erabiltzeko beharra sentitzen duen edozein emakumerentzat, ez dago zalantzarik, baina sakoneko planteamenduak egiten ez diren bitartean, partxe batean besterik ez da geratzen.

Mugimendu feministak aspaldidanik emanak ditu honen inguruko hainbat gako: egiturazko indarkeria patriarkalaren aurrean autodefentsa da bidea, hau da, emakumeak* ahaldundu eta subjektu oso izate horretatik bizitzako esparru guztietan agentzia hartzea: esparru publikoa, lan mundua, politika, nork bere bizitzaren gaineko erabakiak hartzea...

Aldiz, gizonoi dagokiguna, motzean esanda, orain arte izan dugun gizon kokapen honen oinarrian zer dagoen galdetu eta parekidetasuna eta justizia soziala zentzu sakonenean bilatzeko bidea urratzen hastea da. Oinarrian zer dagoen, hemen eta orain esango dizuet: jendarteratze prozesu biolento baten ondorioz sortzen den botere kokapen hegemoniko pribilegiatua (bat baino gehiagok, jada, tripak dantzan hasiak izango ditu). Eta hemendik eratortzen da genero biolentzia sinboliko zein material guztia, jendarteratze prozesu bitar honek sortzen dituen identitate itxi eta hegemonikoetatik. Eraso matxisten atzean, ez dago bat-batekotasunak jota erasotzen duen gizonezko bat; jendarte egitura sinboliko eta material oso batek sortu eta sostengatzen duen identitate erasotzaile bat baizik. Eta horrek gizon kategoriaren pean kokatzen garen guztioi interpelatzen gaitu.

Askok pentsa dezakete pribilegioak ez dutela zertan txarrak izan, indarkeriarik eragiten ez duten bitartean; baina kontuan izan pribilegioak egoera desorekatuetan goiko posizioan egotearen ondorio direla, eta ez kokapen neutroetan egotearen ondorio.

Egiturazko desoreka bati egiturazko eraldaketa batekin egiten zaio borroka. Eta batzuk (emakumeak*, transak, pertsona arrazializatuak, marikak...) hasiak gara bizitza bizigarriak sortu eta jendarte eredua iraultzeko estrategiak sortzen.