Publizitatea

Iritzia

Bakardadea

Gero eta jende gehiago bizi da bakarrik. Bakardadea hautazkoa edo behartua den, ordea, aldea dago. Reizabalek eta Gallok egin dute gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-06-30

Laura Gallo Rodriguez

Adinekoen bakardadea eta zaurgarritasuna

Laura Gallo Rodriguez. IKEI Research & Consultancy

Euskadin, bakarrik bizi dira 65 urtetik gorakoen %23. Hau da, pertsona bakarra bizi da 65 urtetik gorako 106.600 lagunen etxean: emakumeak 79.500 dira, eta gizonak, 27.100 (INEren Inkesta Jarraituaren 2018ko datuak). Gainera, gero eta gehiago dira. Azken urtean IKEIk Hurkoa fundazioarekin Arrasaten, Azkoitian eta Pasaian eginiko zenbait ikerketaren argitan, ondorio interesgarri batzuk atera daitezke. Azpimarratzekoa da gero eta adineko gehiago bakarrik bizitzeak zerikusia duela Euskadiko adinduek bizimodu autonomo eta independentea egiteko duten gaitasunarekin. Bakarrik bizi diren adineko gehienak nahiko ondo moldatzen dira bai eguneroko jarduera eta zeregin oinarrizkoetan, bai jardun instrumentaletan —telefonoa erabili, etxeko lanak egin, dirua gobernatu...—. Gainera, osasun ona dute, eta bitarteko egokiak ere bai harremanak izateko eta gizartean eta komunitatean parte hartzeko. Hain zuzen, 65 urtetik gorakoetan, bakarrik bizi diren hamar lagunetik zazpik baieztatu dute bizi kalitate ona dutela.

Gainera, egiten ari diren ikerketei esker, badago modua arrisku eta zaurgarritasun faktoreak identifikatzeko bakarrik bizi diren adinekoen artean. Ongizate emozionala da pertsonen bizi kalitatearen gakoetako bat. Gutxi gorabehera, bakarrik bizi diren 10 adindutik bik adierazi dute askotan bakarrik sentitu direla joan deneko hamabi hilabetean. Gizarte sarea edukitzea eta nork lagundu izatea funtsezkoa da bakardadea leundu eta zaurgarritasunari ihes egiteko. Bakarrik bizi diren adineko gehien-gehienek baieztatu dute harreman onak dituztela familiarekin eta badutela laguntza nahikoa.

Hala ere, familiak ondo lagunduta dauden arren, gure gizarte aurreratu honetako fenomeno bat da bakardadea, arretaz erreparatu beharrekoa. Orain arteko datuen arabera, egiaztatuta dago badirela gure artean sozialki bakarturik dauden adineko asko, familiarik ez dutenak edo familiarekiko harremanik gabeak, eguneroko martxan lagun egiten dien eta premialdi edo krisialdietan n laguntzen dien adiskiderik gabeak. Kezkatzekoa da halako pertsonak ikusezin bihurtu izana gizartearentzat. Horregatik, abian jartzen hasiak dira bakardade egoerari aurrea hartzeko egitasmo batzuk. Bilboko Udalak, esaterako, programa bat du, Begirada Aktiboa izenekoa, gizarte antenen sare aktibo bat sortzeko: adinekoek, entitate profesionalek eta oro har herritarrek osatuko dute, eta bakardade egoerak atzeman eta konpontzeko bidean jartzea izango du helburua. Donostian, berriz, Lkaleak proiektua dute adinduentzako babes sareak sortzeko; Egia auzoan lantzen ari dira, eta helburua da argitzea zein diren gakoak sare formal eta informalak egituratzeko, egoera zailean dauden adinduak lagundu eta zaintzeko, eta gizartearekin duten harremanari eusteko edo handitzeko. Frantzian, La Poste izeneko posta enpresak Veiller sur mes parents deritzon programa du (Nire Gurasoak Zaindu): zerbitzu berri bat eskaintzen die bakarturik dauden adinduei, herrialdeko txoko guztietan duen egiturari esker.

Halako egitasmoek laguntza publikoa izan behar dute, eta ezinbestekoa dute herritarren eta bizilagunen parte hartzea ere. Halakoek oinarriak jarri behar dituzte bakardade edo zaurgarritasun egoerarik izan ez dadin —eta batzuetan ez da izaten pertsona oso zaharren egoera soilik— eta bermatu dadin bakarrik bizi direnek gizarte babes nahikoa edukiko dutela bizi kalitate egokia izateko eta beren etxean bizitzen segitzeko, ahalik eta denbora gehiena.

( Erredakzioan itzulia )
Luixa Reizabal Arruabarrena

Bakardadearekin gozatu ere egin liteke

Luixa Reizabal Arruabarrena. EHUko irakaslea eta UEUko kidea

Bakardadea sentitzeko beldurrak behartzen nau egun hontan barnekoa ateratzera», dio Su Ta Gar taldearen abesti batek. Baina, zer da bakardadea? Zergatik izaten gara hura sentitzeko beldur?

Bi aldeko txanpona dugu bakardadea: bata, positiboa eta bestea, berriz, negatiboa. Badira bakarrik egotea gustuko duten pertsonak, eta, ondorioz, bakarrik egotea erabakitzen dutenak. Halaber, pertsona askok beren bizitzako une jakin batzuetan bakarrik egon nahi izaten dute. Halakoetan, bizipen atsegina da bakardadea, atsedena, indarra eta baliabideak lortzeko eta norbere burua hobeto ezagutzeko tresna, sormena sustatzen duena.

Txanponaren beste aldean, berriz, bakardade negatiboa dugu. Psikologiaren alorrean horren inguruko hainbat definizio daude. Horietatik guztietatik guk aukeratutakoaren arabera, sentimendu mingarria da bakardadea, pertsonak dituen harreman sozialak nahi baino gutxiago eta, bereziki, nahi baino kalitate eskasagokoak direnean agertzen dena.

Artikulu honetan bakardade negatiboaz hitz egingo dugu, hiru ezaugarri dituena. Batetik, pertsona arteko harremanetan pertsonak hautematen dituen hutsuneen ondorioa da. Bestetik, esperientzia subjektiboa da. Izan ere, ez du zertan isolamendu sozialaren sinonimo izan. Hala, badira jendez inguratuta bizi arren, bakarrik sentitzen diren pertsonak, bai eta isolatuta egon arren, bakarrik sentitzen ez direnak. Azkenik, bizipen estresagarri eta desatsegintzat hartzen da.

Bakardade negatiboari dagokionez, bi mota bereizi dira nagusiki. Batetik, soziala, pertsonak sare sozialik ez duenean gertatzen dena. Bakardade mota horretan, baztertuta, ez onartua, isolatuta etab. sentitzen da pertsona, eta interesak, kezkak eta antzekoak partekatuko dituen talderen batean murgiltzeko desio sutsua izaten du.

Bakardade emozionala, berriz, pertsonari afektua eta segurtasuna ekartzen dioten atxikimendu-harremanik ezaren/ galeraren ondorio izaten da. Hutsune sentimenduak sortzen ditu eta bizitza partekatzeko norbait nahi izaten da.

Egungo gure jendartean, bakardade tasak handitzen ari dira zenbait aldagai direla medio. Besteak beste, familia-egitura aldatzea; bakarrik bizi nahi duten pertsonen kopurua handitzea; isolamendua ekartzen duten eskaera sozialak areagotzea eta pertsonen beharrizan sozialak eta emozionalak asebetetzeko aukerak gutxitzea. Hala, bakardadea pertsonek noizbait izaten duten bizipena da.

Egun, jendartean osasun arazotzat hartzen da bakardadea, ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak izan ditzake eta. Izan ere, osasun fisiko (bihotzeko gaixotasunak, elikadura nahasmenduak, loaldi arazoak, etab.) eta mentaleko (besteak beste, depresioa, antsietatea, alkohola eta beste droga batzuen abusua eta suizidioa) nahasmenduak ekar ditzake.

Ondorio kaltegarri horiek saihesteko, garrantzitsua litzateke zenbait neurri hartzea. Maila indibidualean, egoki litzateke bakardadearen ondorioz sor daitezkeen emozioak erregulatzen ikastea eta bakardadea ekarri duten baldintzak aldatzen saiatzea.

Maila sozialean, berriz, asko dira har daitezkeen neurriak. Besteak beste, emozio-hezkuntza lantzea; bakarrik daudenei laguntza soziala eskaintzea; auzo edota herrietan pertsonen arteko laguntza eta parte hartze soziala sustatzea; bakarrik dauden eta lagunak egin nahi dituzten pertsonei baliabideak eskaintzea (sare sozialak, jarduera komunitarioak, elkartzeko lokalak...) eta bakarrik egoteak dituen alde positiboak irakastea, «bakardadea ez baita sufritzeko, disfrutatzeko baizik».