Publizitatea

Iritzia

Frankismoaren zilegitasuna

Zerk sustatzen du frankismoa auzitan jartzea edo bermatzea? Hari horretatik tiraka egin dute gogoeta Fresnedak eta Peñak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-07-28

Yoseba Peña

Memoria, zertarako?

Yoseba Peña. Idazlea

Alzheimerra inguruan izan duenak badaki pertsona disolbatu egiten dela memoria baporatu ahala. Halaxe gertatzen da herrien memoriarekin ere. Sedimentazio kolektibotzat hartu izan da tradizionalki, prozesu naturala eta sasi magikoa balitz bezala. Aitzitik, etengabe eraikitzen dugu eta ezinbesteko prozesua da identitatea garatzeko.

Zeren memoria, ordea? Gauza batzuk nabarmentzen baititu gogoratzeak, beste batzuk isildu. Horixe da kontakizuna edo errelatoa; haren kronika formala, Historia, irabazleen bandoko gizonezko idazle batek erredaktatzen du.

Ez da kasualitatea; Orwellen 1984-n bezala, iragana kontrolatzen duenak kontrolatuko du etorkizuna. M. Halbwachs soziologoa harago joan zen: balio etikoa du memoria kolektiboak. Talde baten memoria da, kideek mundu-ikuskera baten arabera osatua, eta handik eratortzen dituzte balio etikoak. Beraz, iragana kontrolatzen duenak oraina ere kontrolatzen du, nola eta ongia zein gaizkia definituz, bidezkoa zer den markatuz. Adibidez, Francok oraindik jarraitzen du mausoleotzar ofizialean; bitartean, Txillardegi, XX. mendeko gure kultur eragile nagusietako bat, ofizialki betatuta dago liburutegi bati ere bere izena jartzeko.

Pelikulek aise manipulatzen gaituzte onartzeko partisanoek zilegi dutela naziei tiro egitea euliak balira bezala. Lehengoak justiziaren izenean borrokatzen dira eta besteak, erregimen autokratiko eta genozida baten alde.

Labaina da morala. Zer da zuzenagoa, erregimenari aurre edo men egitea? Hura aberasteko baliatzea edo ezer ez egitea? (Beste baterako bi hari-mutur. Baga, ez ekitea ez da inoiz errugabea; biga, M. Niemöllerren poema: «Naziek komunistak harrapatzean/ isilik geratu nintzen/ ez bainintzen komunista...)».

Morala tranpolin, eman dezagun salto mortal bat: Frankismoko amnistiek zein helburu zuten, kaleratzea erregimenaren kontra borrokatutako ehunka etakideak edo zuritzea haiek jazarri, torturatu eta hil zituztenak?

Bere memorietan, Sándor Máraik kontatu zuen sobietarrek Hungaria konkistatu ondoren kapitain batek eskatu omen ziola «apuntatzeko errusiar ofizial batek bisitatu eta ez ziola minik eman». Beste batek, entzunda Márai idazlea zela, miresmena adierazi zion «idazleok esan dezakezuelako geuk pentsatzen duguna». Horra hor literaturaren bi zeregin: gertakizunak erregistratzea eta besteen sentimendu zein ideiei forma ematea (fikzio hitza latinezko fingere-tik dator: ogi-orea oratzea, buztina moldatzea).

Lagun batek aitortu zidan berriki Fakirraren ahotsa eta Hariak irakurrita, gogoa zuela nobela bati heltzeko «baina ETArik gabe». Asko idatzi da euskaraz geure historiaz, ondo idatzi ere. Zentzu horretan, euskal idazleok gure ekarpena egiten ari gara memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko. Arazo txiki bat baino ez: oso gutxi irakurtzen da euskaraz (gure intelektualengandik hasita). Gordinago esanda, euskal gizarteak nahiago du espainolezko edota frantsesezko fikzioa, eta haiekin harilkatuta doazen kontakizuna, mundu-ikuskera, balioak eta betoak.

Alzheimerra inguruan izan duenak badaki azken estadioetan gaixoak bakarrik erreakzionatzen duela haurtzaroko abestiekin. Beldur naiz Baionako errugbilariek edo oraintsu Realeko neskek Txoria txori kantatzea ez ote den horren sintoma izango.
Iratxe Fresneda

Irudika dezakegu Hitlerren dukesa bat?

Iratxe Fresneda. EHUko irakaslea eta zinema zuzendaria

Oroimena begiradaren eta pentsamenduaren bitartez eraikitzen dugun munduarekin lotuta dago. Gure oroimen indibiduala gure identitate kolektiboarekin elkarrekintzan bizi da, eraldatu egiten da, eta orainak baldintzatzen duen kontakizuna ere bada.

Historiak begiratzeko moduak eratzen ditu. Baina zein da kontakizunen enkoadraketatik at dagoen historia? Irudi-errelato zenbait isilarazteak zer dakar? Zein da horrek guztiak duen harremana pentsamendu garaikidearekin, egunerokoarekin, tokian tokiko bizitza eta historiekin?

Enkoadraketatik at dagoenak existitzen ez denaren ilusioa sortzen du, hortaz gure mundu ikuskera eta ekiteko eraz at gelditzen da, gure oroimen kolektiboaren eraikuntzatik kanpo, elkarbizitzatik kanpo.

Nazien irudigintzaren eraikitzaileek ondo baino hobeto zekiten, eta, horregatik, ederto landu zuten bere ikonografia, bere propaganda, mundu ikuskera eta begiratzeko era konkretuak sortzeko. Alemanian, egun, Hitler edo nazismoarekiko erreferentziarik ez luketela egingo esan du berriki Aleida Assmannek (Alemania, 1947) elkarrizketa batean. Constanzako unibertsitatean irakaslea den filologoa, antropologoa eta egiptologoaren aburuz Hitler, nolabait, bada Europako oroimenaren erreferentzia lotura garrantzitsua, baina erreferentzia hori akordio desberdinen emaitza da, oroimen kolektibo, historiko bat eratzeko asmoz.

Estatu Espainiarrean izan dugun trantsizioan isiltasun ituna egon da urteetan Frankoren diktaduraren ondoren. Zinemagintzan nabarmena izan da. Orain dela gutxira arte, pelikula dokumentalik ez zen ekoizten frankismoan desagertuen inguruan, besteak beste. Aldiz, erregimenaren iruditegiaren pean sortu ziren fikziozko lanek gure oroimenean bizirik irauten dute.

Estatu espainolean diktadura batek sortutako sarraskiarekin ez genuen mozketa garbirik, zorrotzik egin, kontakizunak ez ditugu oraindik guztiz eraldatu.

Franco diktadorea bere ohean hil zen, eta, oraindik ere, Erorien Haranean dago haren gorpua. Oroimen kolektibo baten adierazle erreferentziala izaten jarraitzen du, onartua.

Emeterio Diez Puertasen El montaje del Franquismo (Laertes) liburuak ondo baino hobeto azaltzen du zein izan zen indar matxinatuen politika zinematografikoa, erregimenaren kontakizuna; talde kohesioa bilatzeaz gain, talde horren boterearen iraupena bilatzen zuen, eta ongi baino hobeto egin zuen bere lana. Zentsura, errepresioa, erregimenaren kontrako ideologiarekin zerikusirik zuten profesionalak erbestera, kartzelara edo desagertzera kondenatuak izan ziren. Iraganarekin eta orainarekin lotura egin nahiko bagenu, mozal legea izango litzateke gure zubia, garai hartatik eratorritako uzta, benetako apurketa bat ez dela sekula izan adierazten duena. Mundu ikuskera hegemoniko bat sortzeko unean, askatasuna mugatzeko galbahetik pasatu behar dira bestelako kontakizunak; hori, edo ikusezin bihurtu. Frankismoaren tradizio politiko-kolektiboak ekarri duena egunotan bizi duguna da, normaltasunaren itxurapean, ideologia frankista bizirik da, eraldatuta. Zeintzuk dira, beraz, oraindik ere gurean diktadura baten iruditeria eta horrek barruan daukan mundu ikuskera onartzearen arrazoiak? Beharbada, behar bezala ez dugula iraganeko sarraskiarekin apurketa erradikalik egin, oraindik ere benetako oroimen kolektibo bat eratu ez dugulako.

Egunotan, Francoren dukesa berria izendatu berri dute, Carmen Martinez Bordiu. Irudika dezakegu Hitlerren dukesa bat izendatzea? Gehiegi dago egiteke.