Publizitatea

Iritzia

Digitalizazioa hezkuntzan

Ordenagailuak txertatuta daude hainbat hezkuntza proiektutan. Digitalizazio horri buruzko gogoeta egin dute Ipiñak eta Maritxalarrek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-09-29

Montse Maritxalar

Eraikitzailea eta kritikoa

Montse Maritxalar. EHUko irakaslea eta UEUko kidea

Hamar urte igaro dira Euskal Herriko ikastetxeetako ikasgeletara eskola 2.0 lehorreratze teknologikoa heldu zenetik. Teknologiaren lilurak irakasle batzuk itsutu omen zituen, eta hezkuntzaren benetako helburuak alde batera gelditu omen ziren. Hori diote hezkuntzaren digitalizazioaren kontra aritzen diren batzuek. Silicon Valley-n dauden erraldoi teknologikoetan lan egiten dutenen seme-alabak teknologiarik gabeko eskoletara doazela jakinarazten digute hezkuntzaren digitalizazioaren aurka aritzen direnek. Erraldoi teknologikoen menpe bizi omen gara erraldoi horietako exekutiboen seme-alabak kobazuloetako buztinezko tailerretan hezten diren bitartean. Bertan sortzen den pertsonen arteko harremana hezkuntza-prozesurako funtsezkoa dela argudiatzen dute, Internet konexiorik gabeko harremana, eta, noski, mugikorrak ere debekatuta kobazuloetako ikasgeletan. Baina Platonen kobazuloaren errealitatean heziko al ditugu gure gizarteko haur eta gazteak? Ez al gara konturatzen beraiek dagoeneko kateetatik askatu eta kobazulotik ateratzen ari direla ideien mundura? Han ikasteko estrategia berriak eraikitzen ari dira, kobazuloko itzalen bitartez jasotako ezagutza aberastuz. Ezagutzaren eraikuntza komun partekatuaren filosofia sortzen ari da kobazuloaren kanpoaldean. Hezkuntzan ari garenok ezin gara kobazulo barruan kateatuta geratu, bertako paretari begira: kanpora atera behar dugu, edo behintzat ateratzen saiatu, kultura digital honetan gure rola zein den deskubritzeko. Irakasleok, kanpoko munduak planteatzen dizkigun erronkak eta egoerak planteatu behar dizkiegu ikasleei, protagonismoa beraiei emanez. Horrez gain, hezkuntza-prozesu horretan aholkulari papera garatzeko unea heldu zaigu. Irakasleak izan ohi duen ezagutzaren monopolioa desagertu da.

Digitalizazioari mugak jarri behar zaizkio, noski, hezkuntza ez-digitalizatuari jarri behar zaizkion bezala: alde batetik, erraldoi teknologikoen monopolioak, eta, beste alde batetik, liburuen argitaletxeen monopolioak. Bazterkeriak erreproduzitzeko ahalmenaren aurrean neurri hezigarriak asmatzen gabiltza, bai gailu teknologikoen bitartez sortzen diren egoeretan, bai ingurune fisikoetan gertatzen direnetan. Hizkuntzaren osasun digitala bermatzeko ere, hezkuntza-sisteman mugak, edo estrategiak, ezarri beharko genituzke hizkuntza erraldoien agintea neutralizatzeko; baina erronka bera zegoen hezkuntza ez-digitalizatuan. Geure buruari galdetzen diogu zenbat eskola-ordu digitalizatuta jaso behar duten ikasleek hezkuntza-prozesuan zehar kalterik ez jasateko. Eta, era berean, zenbat eskola-ordu magistralez egon behar du ikasleak era pasiboan irakaslearen diskurtso jarraitua entzuten? Azken horren inguruko ikerketez gain, dagoeneko argitaratzen hasiak dira eskola-ordu digitalen kopuruaren inguruko ikerketak ere.

Teknologia ez da gure hezkuntza-metodologien ardatza, baina hezkuntza-metodologia berriak denon artean deskubritu behar ditugu kobazuloaren kanpoaldean dugun teknologia kontsideratuz. Kanpoko argiak erakutsiko digun bidea gure iraganeko hezkuntza-sistematik abiatzen asmatzea ezinbestekoa da. Digitalizazioak ekartzen dizkigun onurak hezkuntza-sistema ez-digitalizatuek zituzten onurekin uztartu behar ditugu, kobazuloaren kanpoan, barruan, paretari begira, edo atzera begira kanpoalderantz. Edozein kasutan, hezkuntzan eraiki beharreko bide berrien erronka nagusienetako bat da etorkizuneko biztanleak hiritar eta herritar digital, aktibo, kritiko eta sortzaile izatea.
Nagore Ipiña Larrañaga

Eredu digitala

Nagore Ipiña Larrañaga. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlaria

Digitalizazioaren, digitalaren eta digituen inbasioa sentitzen hasiak gara hezkuntza munduan. Ziurgabetasunez. Eta ziurgabetasun horren aurrean, bi ikuspuntu: negatiboa eta positiboa. Normalean negatiboak gehiago positiboak baino. Beldur garenean, gainera, gure beldurrak berresten dituzten hitzak eta iritziak entzutea gustatzen zaigu, ez horiek diluitu ditzaketenak. Eta predisposizio horren aurrean, diskurtso baikor batek desabantailaz jokatzen du beti. Beldurra 1 Ilusioa 0.

(Er)aldaketa digitalak badakar iraultza industrialaren dinamiken zantzua; bertsio aurreratu gisa aurkeztu izan zaigu. Gizarte eredu zehatz baten isla da. Konturatu gabe edo kontziente izanda, ehun digitalaren parte gara, eta hezkuntza ere ekosistema horretan integratu da. Beldurra 2 Ilusioa 0.

Baina dagoeneko naturala da digitalizazioa, ez artifiziala. Eta naturala den heinean, hazten jarraituko du. Ez dut zalantzarik. Ez nuke digitalizazioaren mugez hitz egin nahi, naturalari ez diogulako mugarik jartzen. Baina bai ereduaz. Alegia, hezkuntzak, hezkuntzatik erabaki beharko du zein eredu digital nahi duen. Ondo legoke jasangarria eta osasuntsua izatea... Beldurra 2 Ilusioa 1.

Digitalizazioa ulertzea da lehenengo urratsa digitalizazioak hezkuntzari eskaintzen dizkion aukerak identifikatzeko eta eredu digitala garatzeko. Eta horretarako, inoiz baino garrantzitsuagoa da geure burua formatzea, sarean eta saretik kanpo; ehun digitalean. Izan ere, sarean gertatzen dena beti ez da sarean geratzen. Beldurra 2 Ilusioa 2.

Ereduak pertsona, ikaslea jarri beharko luke erdigunean. Hezkuntzaren helburuetako bat da etorkizunean ikasleek beharko dituzten gaitasunak garatzeko aukerak ematea eta horretarako espazioak eraikitzea. Digitalak ere bai. Gainera, digitalizazioaren eraginez oso aldakorrak bihurtu dira orain arte estatikoak izan diren hainbat kontzepzio. Adibidez, digitalizazioak bota ditu eskolako hainbat horma dagoeneko. Eta hasi da modu naturalean hazten, hormetatik eta leihoetatik irteten. Beldurra 2 - Ilusioa 3.

Berria aitortzea zaila bada, etortzeke dagoena irudikatzea, oraindik eta zailagoa. Baina printzipio pedagogikoak kaltetu gabe, eszenatoki horren hainbat pista marrazten ausartuko naiz. Eragile berriekin partekatuko dugu eszenatokia, botekin. Eta, beraz, harreman dialogiko berriak txirikordatuko dira. Izango dugu denbora gehiago ikasle bakoitzarekin egoteko, batera eraikitzeko eta elkarrengandik ikasteko. Inteligentzia artifizialak lagunduko digu ikasle bakoitzarentzat proposamen pertsonalizatu bat sortzen; zernahi-nonahi-noiznahi. Izango ditugu ere teknologiarik gabe espazioak, arnasguneak; egoteko, izateko. Makinek ez dute irakaslea ordezkatuko; ez dut uste hezkuntza automatizatuko denik. Hori interpretazio azkarra besterik ez da. Beldurra 2 Ilusioa 4.

Izango dugu beste erronka bat ere. Ezagutza modu esponentzial batean hazten da; 2030ean 12 orduero ezagutza bikoiztuko dela diote... nola kudeatu eta interpretatu informazio hori? Norenak dira datu horiek? Galdera hezigarriak ez ezik, etikoak ere badira. Baditugu urte batzuk pentsatzeko... baina ez ahaztu atzean dagoena dela garrantzitsuena; hori izango baita gure eredu digitalaren oinarria. Beldurra 2 Ilusioa 5.