Publizitatea

Iritzia

Umorea

Egiten den umorea ez da maiz ausazkoa izaten. Nondik eta norentzat egiten den eta beste hainbat ertz arakatu dituzte Anduagak eta Arriolak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-10-27

Nerea Arriola Urberuaga

Nork bere buruaz barre?

Nerea Arriola Urberuaga. Umoregilea eta erizaina

Umorearen loraldi batean gaudela esan daiteke. Gizartean gaia bolo-bolo dabilela iruditzen zait niri behintzat, eta «zer da umorea? Non dago marra gorria? Umorean denak balio du?» bezalako galderak erantzuten pasatzen dugu eguna. Nik ez ditut galdera horien erantzunak oraindik, baina badakit umorea zer den niretzat.Tresna bat, esan nahi dudan hori esateko baliabide bat, hizkuntza eta metodo propioak dituen erreminta, jendeari barrea eragitea lortzen duena, baina baita elkar konektatzen laguntzen diguna. Baina barrea unibertsala den bezala, umorea ez. Eta arriskutsua da, berdintasun faltsu batean bizi garela sinetsarazten diguten bezala, umorearen hizkuntza atsegin horrekin umore unibertsal eta aske baten irudia ematen digutelako. Denak balio duela diote, hizkuntza hori erabili ezin dugunok erabiltzen dugunean, umorearen hegemonia hori kolokan jartzen dugunean erantzuna gogorra izaten da, gure iritzia gutxietsi eta geure buruaz barre egiten ez dakigula esaten dute.

Oso kuriosoa da norbere buruaz barre egin behar dela esaten duten horiek izaten direla beraien buruaz barre egiten ez dakitenak. Adibide bat jartzearren, gelaren alde batean Ocho apellidos vascos bezalako pelikula jar dezagun, euskal kultura gutxietsi, euskara hizkuntza anekdotiko modura plazaratu, momentuko egoera politiko-soziala klixe batzuetara mugatu eta gutaz barre egiten duen pelikula. Pelikula horrek balio du, ondo dago, eta kritika egitera ausartzen bazara, zeure buruaz barre egiteko gaitasuna kolokan jartzen da, umore falta egotziko dizute, amargatu bat zarela esan, barre egin behar dela... Eta jar dezagun gelaren beste aldean «euskalduna naiz, eta zu?» programan Espainiari buruzko saioa. Bertan, umoretik, Espainiako kulturan dauden klixeetaz hitz egiten da, euskaldunon perspektibatik, existitzen den errealitate batetik. Baina horrek ez du balio, hori iraina da, eta geure burua makurtu eta barkamena eskatzera behartu gintuzten. Nork egiten du hor bere buruaz barre?

Azken batean umorea gizarte estruktura bera mantentzeko baliabide boteretsua da, izan patriarkatua, heteroaraua, nazio izaera, lgtbiq+fobia, arrazismoa... hainbesteraino, ezen irain horretara ohitu eta klixe eta aurreiritzi horiek gureganatu egin baititugu, gureak direla sinesteraino. Hanna Gastbyk dio: «Norbere buruaz hitz egitea zapalduta zaudenean ez da umila izatea, umiliazioa baizik. Neure buruaz gaizki hitz egiten dut hitz egin ahal izateko, hitz egiteko baimena eskatu behar dudalako».

Baina lehen esan bezala, umorea baliabide boteretsua da, baita aldaketa egiteko ere, eta barrearen loraldi honetan, poztasun handia sentitzen dut, adibidez, nire inguruan emakumeek umorea egiten dutela ikusten dudanean. Emakumeak genero honetan eduki duen papera alde batera utzi eta ahots propioarekin umore propioa egiten hasi direla bakoitza bere errealitatetik. Hor daude, esate baterako, Mirari Martiarena, Idoia Torregarai, Bea Egizabal edota Aitziber Garmendia, besteak beste.

Eta ez gaizki ulertu, norbere buruaz barre egitea ariketa oso osasuntsua dela iruditzen zait, autokritika egiteko eta autoezagutzarako aukera ezin hobea. Beraz, espektakuluaz gozatzera gonbidatzen zaituztet, eta ariketa hau praktikan jartzera. Hobeto sentituko zarete eta gauean hobeto egingo duzue lo.
Uxoa Anduaga

Umorean nor izan

Uxoa Anduaga. Soziologoa

Ezagutu berri dugu umore satirikoa erabiltzeagatik zigortuak izan direnen hamaikagarren kasua. Kataluniako auziari buruzko komikia egiteagatik izan da oraingoan, Bartzelonako Comanegra argitaletxeko arduradunak, Toni Galmes komikigilea eta Balearretako Institutuko ordezkariak salatu dituzte polizia sindikatuek, gorroto delitua leporatuta.

Beste behin, botere sistemak bere makineria martxan jarri du statu quo-a eta zilegitasuna kolokan jar dezakeen mehatxu birtual baten aurrean, eta, hori bermatze aldera, behar diren neurri guztiak hartzeko kapaza izan da, bidean euliak kanoikadaka hil baditu ere.

Umore kontuan taktika defentsiboa bezain ofentsiboa darabil botereak, ordea, haren errealitatea gure normaltasuna lez ikusi arte erreproduzitu dadin, bere aurka doan umorea zentsuratu beste hauspotuko baitu bere alde duena. Masa umorea ez baita ausazkoa. Sistemak aldekoak dituen ikuspegi eta praktikak zabaltzeko baliatuko du, oharkabean kontsumitzen ditugun diskurtso horiek normala eta anomaloaren gaineko gure ikuspegia zedarritzeko duten gaitasunaz ezjakin garen bitartean. Kontrol eta erregulazio mekanismo gisa erabilia izango da umorea, beraz, beste iturrietatik edaten ditugun ideien indartzaile; eta ertzak eta nukleoak, heroiak eta borreroak, indartsuak eta ahulak bereizten eta finkatzen lagunduko digu oharkabean.

Gauzak dauden moduan uzteko lan egiten duen umore hegemoniko horrek, ordea, arerio duinik aurkitzen du tarteka, eta errealitatea ulertu eta bizitzeko pluraltasunari zor, inguruaren kontingentzia (eta ondorioz, hori aldatua izateko posibilitatea) bistaratzen duten txisteekin lehiatu behar izaten du: izan Kataluniako adibidea, edo beste edozein. Talka horien ostean datoz ezagun diren katramila eta borrokak, adierazpen askatasunaren inguruko aldarriak eta balizko marra gorriaren kokapenaz eztabaidak.

Azkenaldian hain ugariak izanagatik, beharbada, umorearen gaineko kontzientzia indartzea ekarri dute norgehiagoka horiek, eta «behetik gora» eginikoaren garrantzia azpimarratzen joan da apurka: norberaren azpitik eta goitik dagoenaz kontzientzia hartu eta botere harremanean menperatzailea kolpatzea bilatzen duen umorea.

Baina sarritan hori azpimarratzen bada ere, «behetik gorako» umorearen ahaltasunik nagusiena ez da piramidearen puntan dagoena kakaztea, baizik eta oinarrian daudenen mundu ikuspegia ezagutzera ematea: besteaz baino, norberaz mintzatzea. «Behetik gorako» umorea egiteak dakar behean egotearen bizipenez, errealitateez, aukerez eta ukapenez hausnartzea eta jabekuntza horretatik hitza hartuz errealitate horiek gainontzekoei helarazteko ahalduntzea. Norberak mundua ulertu eta bizitzeko duen modua besteekin partekatzea du bertute umore mota honek, eta egite horretan identitate bat, nor izate bat, eraikitzeko aukera emango du: emakumea, gaztea, independentista, beltza, euskalduna edo lesbiana. Izate adina aukera, eta aukera adina umore.

Baina umorea demokratizatzeko ariketa borroka bihurtzen da maizegi eta halako saiakerek jaso ohi dituzten zigorrak ikusita autozentsura edo ezintasuna gailentzea ez da harritzekoa. Bakoitzari dagokio bide hori jarraitzeko duen indarra eta barre egiteko gogoa neurtzea. Barne gatazka horretan egonik, ordea, kontuan hartzekoa bada umorea joko zelai politikoa dela, eta, ziurrenik, boteretik haren kontra xahutzen den energiaren zuzenki proportzionala dela duen ahalmen (des)eraikitzailea.

Beharbada, urratsak aurrera egin ahala, indar gehiagoz ikusiko dugu umoreak ez duela zertan izan gutxi batzuen pribilegioa, baizik eta gureganatu beharreko esparrua ere badela; beste ingurune politikoetan bezalaxe, umorean ere bazterrekook badugulako zeri barre egin eta nor izan.