Publizitatea

Iritzia

Ekonomia zirkularra

Klima larrialdiari aurre egiteko giltzarrietako bat izan daiteke. Beñat Irasuegik eta Jesus Losadak heldu diote gaiari, nork beretik.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2019-12-15

Jesus Losada

Euskadi, ekonomia zirkularrerantz

Jesus Losada. Ihobeko zuzendari nagusia

Oraingo eredu ekonomiko linealaren oinarria da baliabideak erauztea, prozesatzea, erabiltzea eta baztertzea. Eredu horren ondorioa da baliabide naturalen gaineko presioa gero eta handiagoa dela, kontuan hartuta materialen per capita kontsumoa bikoiztu eta energia primarioarena hirukoiztu egin direla azken ehun urteetan mundu mailan, eta biztanleria ia bost halakotu dela.

Lurreko baliabideak mugatuak direnez, eredu lineal hori ez da jasangarria, eta, hortaz, eredu ekonomiko zirkularrerantz migratu behar da, horren bidez murrizteko bai baliabide naturalen kontsumoa eta bai ondasunek euren bizi-zikloan sortzen dituzten ingurumen-inpaktuak.

Ekonomia zirkularrak zirkulua itxi nahi du. Kontua ez da zirkulu nagusia soilik ixtea, amaierako puntua (hondakinak) hasierako puntuarekin (lehengaien erauzketa) konektatuz, birziklapen-prozesuen bitartez, baizik eta egon daitezkeen zirkulu guztiak ixtea. Horrek barne hartzen ditu iraunkortasunaren luzapena, konpongarritasunaren sustapena, bigarren eskuko salmenta, ekipo eta osagaien birmanufaktura, eta ekodiseinua, horren bidez murrizteko bai materialen eta energiaren erabilera eta bai ingurumen-inpaktuak.

Euskadik 20 urtetik gorako ibilbidea egin du ekonomia zirkularraren alorrean, eta horrek, gaur egun, erreferente bihurtzen du eremu horretan, batez ere industriaren arloan. Euskadiko 239 enpresa industrial —horietako 177 ETEak dira— jadanik aplikatzen ari dira praktika edo eredu zirkularrak, batez ere sektore hauetan: automobilgintza, garraio-ekipoak, ekipo elektriko eta elektronikoak, makina-erreminta, metalgintza, kimikoa, altzariak, eraikuntza eta ingurumen-zerbitzuen azpisektorea. Izatez, 68 euskal enpresak ekodiseinuaren UNE-EN ISO 14006 arauaren ziurtagiria dute; horrek esan nahi du Espainia osoan ziurtatutako enpresa guztien %54 euskal enpresak direla.

Bere ekonomia zirkularraren politikei esker, Euskadik frogatu du posible dela hazkunde ekonomikoa materialen kontsumotik desakoplatzea. 2000 eta 2016 bitartean, euskal ekonomia %26 hazi zen; garai berean, materialen kontsumoa %25 gutxitu zen eta zabortegira eramaten diren hiri-hondakinen bolumena %56 jaitsi zen. Garai horrexetan, Euskadiko produktibitate materiala —kontsumitutako materialaren kilogramo bakoitzeko sortutako euroak erlazionatzen dituen adierazlea— 1,3€/kg-tik 3,3€/kg-ra igo zen, eta, beraz, nabarmen gainditu zuen Europako batezbestekoa (2,21€/kg). Hala eta guztiz ere, ekonomia zirkularrak badu oraindik ere potentzial handi bat Euskadiko jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko. Euskal industriak inportatutako lehengaiekin duen mendetasuna %77 da; aldi berean, baina, urtero ia 45 milioi euroko balioa duten materialak botatzen dira euskal zabortegietara. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkularrerako Estrategia bat abiatuko du hemendik gutxira, 2030erako ezarritako helburu handinahiekin.

Beharrezkoa da eragile ekonomiko, instituzional eta sozial guztiok elkarrekin lan egitea asmo handinahi horretan, hau da, ekonomikoki lehiakorra, sozialki bidezkoa eta ingurumen aldetik jasangarria den ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri horretara aldatzeko asmo handinahi horretan.
Beñat Irasuegi

Ekonomiaren ertzak borobil ditzagun

Beñat Irasuegi. Talaios Koop.

Ekonomiak ez du funtzionatzen, eta modu askotara sentitzen dugu hau gure gorputzetan. Denbora falta dugu harremanak ongi lantzeko. Ezin ditugu gure inguruko pertsonak ondo zaindu, edo beste pertsonen esplotazioa beharrezkoa da gehien behar dutenen zaintza bermatzeko, beste aldera begiratzen dugu noski. Aisialdi askatzailea proposatzen digute, baina horrek ez du gure bizitza bizigarriago egiten.

Krisi konplexuen aurrean paralisia edo sumisioa izaten da jendartean orokortzen diren joeretako bat, baina zorionez, mobilizaziorako, kontzientzia hartze kolektiborako eta aldaketa estrukturalak gauzatzeko gogoa pizteko arrazoia ere izaten da. Bide horretan kokatzen dut ekonomia zirkularra bezalako proposamena hartzen ari den indar berritua.

Definizioz, ekoizpen prozesuetan materialen sarrera nahiz erabili gabeko hondakinak murriztea helburu duen estrategia da, gaur egungo kontsumo eredu linealaren aurrean, materialen fluxuen itxiera efizientea proposatzen duen eredu ekonomiko jasangarria. Baina joera dugu pentsatzekoa soluzio teknologikoek konpondu ditzaketela arazo estrukturalak, eta ez, eredu krisi baten aurrean, proposamenak politikoa izan behar du.

Horregatik, ekonomia zirkularrak proposatzen dituen estrategia teknikoei gehitu beharko diegu ikuspegi soziala, feminista, kolektiboa. Ekonomia eredu eta praktika eraldatzaileak proposatzen ditugunean, ziklo zirkularren ideia txertatua izan beharko dute, benetan eraldatzaile izateko asmorik badute, eta hori gure jardunaren egunerokoan erakutsi, hondakinen gutxitzea, harreman ekonomikoak tokiratzea, eta baliabide materialen erabilera efizientea gure estrategietara eramanez.

Ekonomia Sozial Eraldatzailean jarduten dugun enpresa, eragile eta kooperatibek rol garrantzitsua daukagu ekonomia zirkularraren politizazioan eta praktikan jartzean. Banaketa kate motzetan oinarritutako elikadura sistemak sustatzean, software libreko tresnak garatzean, eredu produktibo iraunkorrak sustatzen dituzten kooperatiba industrialekin saretzen garenean, edo gure lurraldeetan bizitzeko beharrak asetzeko proiektu komunitario berriak sustatzean, ekonomia zirkularra lurreratzen ari gara, eguneroko praktika bihurtzen, modu iraunkorrean, eta ez merkatuaren azken apetaren barnean.

Klima larrialdian gaude, eta horrek gauzak aldatzeko aukerak sortzen ditu, baina oportunisten bazkaleku ere izaten da, eta ekonomia zirkularraren kasuan iraunkortasunarekin ikustekorik ez duten helburuetarako erabiltzen da. Izan ere badago pentsatzen duenik hondakinen errausketan oinarritutako baliabide materialen kudeaketa zirkularra dela. Ekonomia eta etorkizuna hitzak lapurtu zizkiguten bezala, ekonomia zirkular kontzeptua edonork erabiltzen du, eta diskurtso faltsuak balio du batzuentzat erroko eztabaida estaltzeko: ekonomia zertarako? Kapital metaketa prozesu efizienteagoak egiteko, edo bizitzaren iraunkortasuna eta herritarren beharrak asetzeko. Hor bi aukerak, ez bateragarriak.

Abizenetan kateatzen bagara ere, ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzea da herritarron erronka, zirkularra, iraunkorra, eraldatzailea, soziala, solidarioa bizigarria, borobildua izan dadin, bizitza bizigarriak denontzat izango badira.