
Emakumeen masturbazioa
2019-12-22

Masturbazioaren inguruko ipuinak
Iratxe Fresneda. Iratxe Fresneda, EHUko irakaslea eta zinemagilea
Lagun batek kontatu zidan etxean hartu zuela behin kalean ezagututako musikari kubatar bat, etxegabea berau, eta babesa eman ziola. Gabonetako ipuina ematen du, amaiera kontuan hartzen ez badugu: kubatar lagunak etxea laga zuenean nire adiskidearen objektu kuttun bat lapurtu baitzuen, bere bibradorea. Harrezkero, nire laguna komediaren klubaren antzeko ikuskizunetan istorioari etekina ateratzen saiatzen da, terapia moduan.
Lagunaren dardarina lapurtua alde batera utzita, azkenaldian, Satisfyer klitori kilikatzailea izan da Whatsapp eta bestelako sare sozialen elkarrizketen izarra. Zer da? Zeintzuk dira egiten dituen mirariak? Bikotea abandonatuko ote du erabiltzaile bihurtzen denak? Hauek eta beste txantxa kerratu ugari heldu dira zure eta nire telefonora, ziur nago, aspalditik ezagutzen baikenuen bibradoreak eta emakumezkoen masturbazioa existitzen zirela.
Existitu bai, baina, jendartean ez da oso popularra eta agerikoa izan. Hori bai: kontsumo jendarteak bultzaturiko masturbazio eredua da saltzen digutena? Plazera erosketa ariketa gisa normalizatu dugu? Bell Hooks-ek Feminismoa denon kontua da liburuan (Katakrak, 2018), zera dio: «Mugimendu feministaren aurretik, sexu askapenaren aurretik, emakume gehienentzat zaila zen, are guztiz ezinezkoa, burujabetza sexual osasungarri bati eustea. Pentsamolde sexistak jaiotzatik irakatsi digu emakumeoi sexu desira eta plazera gizonen kontuak direla bakarrik, sexu premia edo gosea aldarrikatzen duten emakumeak ia bertuterik gabeak edo guztiz bertuterik gabeak direla». Nora Ephronek idatzitako When Harry Met Sally filmean (1989), behingoz publiko zabal bati zuzendutako pelikula komertzial batean, emakume batek orgasmoa antzezten du publikoki, kafetegi batean. Nora Ephronek tabuarekin amaitu zuela esan genezake, sinbolikoki eta agerian sexualitate hegemonikoaz txistea eginez. Ordutik (aurretik ere) emakumearen plazeraren inguruko zinema uneak ikustera ohitu gara; hori bai, eredu sexual heteropatriarkal baten testuinguru nagusiaren eredupean.
Hala ere, gure plazeraren burujabetza sexual baten aldeko irudiak eta uneak ere sortu ditu zinemagintzak. Pedro Almodovarrek, besteak beste, Átame filmean (1989). Pelikularen emakume protagonista bainuontzi barruan dago eta urpekari jostailua erabiltzen du bere buruari plazera emateko. Kameraren ikuspuntuak eta errealizazioak ez du bilatzen gizonentzat kitzikagarria izatea, baizik eta emakumearen plazeraren irudikapena erdigunera ekartzea.
Emakumeek nahi duten bezala, nahi duten lekuetan bakardadean edo konpainian plazera lortu dezaketela (edo ez) egia absolutua da, eta zinemak ezin dio horri bizkarra eman. Ikus-entzunezkoen iruditegian, emakumea nola masturbatzen den bilatzera gonbidatzen zaituztet, besteak beste Oreina (2018), A Marriage Story (2019), La vie d'Adèle: chapitres 1 & 2 (2013), Neon Demon (2016), La forma del agua (2018) eta antzeko filmen bidez.
Emakumeok geure buruari plazera ematen diogunean bizirik gauden seinale da; sexuak boteretsu eta aske bihur gaitzake pantailaren koadroaren barruan zein kanpoan. Lapur diezazkigukete gure bibradoreak, baina ez ditzatela gure burujabetasun sexuala zanpatu, egunerokoan nahiz fikzioan.

Bulba buruan eta ibili munduan
. Erika Olaizola, Aktorea
Eskuak garbitu eta ordenagailu aurrean idazten jarri naiz. Zer idatzi, nondik hasi pentsatzen... egia esan, zentzua hartzen diot orain gogoeta hau idazteko esperientzia hau ekarri izanari. Onartzen dut, obsesio txiki bat dut aspalditik. Edozein txiste, edozein hitz joko, edozein edozer dela, ez dut aukerarik galtzen. Aukera hori bakarra da; aukera hori beti da txotxue. Ez daukat besterik buruan. Hala ere, ez da berdina izango potorrari edo emakumearen masturbazioari buruz jardutea.
Baina hain obsesionaturik nago, batzuetan bulba erraldoiak irudikatzen ditut. Buruen ordez bulbak ikusten ditut. Eta bulba buru bat banu? Bagenu? Nola komunikatuko ginateke gure artean? Kalean topatu eta bi muxu emanez agurtuko genuke elkar. Muak-muak. Batzuk ukitu orduko bustiko lirateke, beste batzuk ez. Beste batzuek elkarrizketa on baten beharra izango lukete. Gure artean ezberdintzeko gai izango ginateke. Bulbak argitara ekarriz, bakoitzak dituen testura, forma, tamaina, koloreen matizak, zaporeak eta usainak nabaritu eta ezberdintzeko gai izango ginatekeelako. Azkura izanez gero hazka egingo genuke, naturaltasun osoz. Igogailuko momentu deseroso horietan bi bulbaren arteko konbertsazioak ez ziren eguraldiagatik izango. «Atzo entzun zintudan». «Bai, sekulako orgasmoa izan zen». Bulben aniztasunaz jabetuko ginateke, bakoitza berezia eta bakarra izanik. Eta horrela ibiliko ginateke, bulba buruan eta ibili munduan. Eta, orduan bai, zentzu guztietan bulba besterik ez genukeela izango buruan.
Baina zer esango luke bulba batek ahotsa emango bagenio? Zer abestuko luke bulba batek abesten jakingo balu?
«Zakilek itzala egiten dute eta aluek ez, aluak beti daude itzaletan», esaten du Erika Roiboosek Panpina antzezlanean. Seguru nago, kobazulo itxura izan arren, gure aluek nola sentitzen diren, zer nahi duten, zer gustatzen zaien galdetzea eskertuko luketela. Eta galdetu ostean, entzun ditzagun beraiekin gordetzen dituzten sekreturik bustienak.
Nik bitartean agertokietan bagina erraldoiei, potorrei, potxotxinei, irribarre bertikalei, txotxoei... Ikusgarritasuna ematen jarraituko dut.
Pla pla pla... Publikoan dauden aluek bero txalotuko dituzte ezpainak.
Argiak itzali eta teloia itxi da.