Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Haurren ardura

Norena da erantzukizuna? Zer oinarri bermatu beharko lirateke? Leturiak behatu du gaia zuzenbidearen ikuspegitik, eta Belokik soziologiaren begiradatik.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-02-08

Nekane Beloki Arizti

Norenak dira haurrak?

Nekane Beloki Arizti. EHUko Gizarte Hezkuntzako graduko koordinatzailea eta KideON-eko ikerlari nagusia

Ertz asko ditu eztabaida honek, baina bada bat niri zer pentsatua eman didana, bai ama bezala, baita profesional bezala: haurren jabetza. Norenak dira haurrak? Nik ekarri ditut mundu honetara, nik hazi eta hezi ditut, eta honek beraien jabe egiten nau? Kotxe baten, etxe baten edo telefono baten jabe izan naitekeen moduan? Proposamen honen oinarritik, baietz dirudi. Nireak dira, beraz, nik erabakitzen dut.

Eskuin muturreko alderdien diskurtsoan, zoritxarrez, ohituak gaude beste kolektibo batzuen inguruan dagoeneko oso atzerakoiak diren ideiak entzuten. Hala nola emakumeen kasuan. Atzerakoiak diot, oro har, gizartea eta berau arautzen duten legedia beste maila batean daudelako egun eta ideia hauek guztiek atzera eramaten gaituztelako eta ez, bereziki, testuinguru inklusibo eta askeetara.

Bada, oraingoan haurrei tokatu zaie. «Pin parentalak» haurtzaroa ulertzeko aspalditik gaindituak ditugun ikuspegi batera eramaten gaitu eta honek, emakumeen kasuan bezala, tradizionalki datozkigun botere harremanen eta ezberdintasun sozialen bizi iraupena esan nahi du.

Ez dugu ahaztu behar haurtzaroa eraikuntza sozial bat dela, hau da, testuinguru historiko eta geografiko ezberdinetan haurtzaroa ulertzeko eta definitzeko modu ezberdinak egon dira, eta daude. Orain dela 60 urteko 10 urtek eta oraingoek ez dute zer ikusirik: haur horiek erantzukizun pertsonal eta sozial ezberdinak zituzten eta dituzte, nahiz eta adin berbera izan. Zentzu honetan, haurtzaroaren inguruan bada ikuspegi bat, historikoki indar handia izan duena, non haurra osatu gabeko izaki bat bezala ikusten den; hau da, heldutasunera iristeko zerbait falta zaio. Honen isla adingabeak terminoa, adibidez. Osatu gabe dagoenez, haurrak jaso egin behar du bere ingurutik. Norbaitek eman behar dio falta zaion hori, berak bere kabuz ezin baitu lortu eta, ezin du erabaki zer komeni zaion eta zer ez. Besteen, hau da, helduen esanetara dago. Ondorioz, haurra eragile pasibo bezala ulertzen da.

XX. mendeko 70eko hamarkadan, begirada hau zalantzan jarriko da, eta gero eta ozenago entzungo dira haurra, bere garapen prozesuan, eragile aktibo bezala definituko duten ahotsak. Azken begirada honen aldarrikapenik esanguratsuenak Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa (1989) eta Haurren Eskubideen Europar Gutuna (1992) izan ziren. Horrela, haurrak osatu eta babestu beharreko objektu izatetik, eskubideak dituzten subjektu aktibo bezala ikustera pasatuko dira. Honek esan nahi du haurrak ez direla soilik babestu beharreko izakiak, eskubidedun bilakatu dira eta, hain zuzen ere, babesa jasotzea da eskubide horietako bat.

Gure testuinguruan, konbentzioan agertzen diren printzipioak arau bihurtu dira, ondorioz, martxan jartzen diren zerbitzu eta baliabide guztiak haurren eskubideak bermatzera zuzendu beharko lirateke, hauek subjektu aktibo bezala kontsideratuz.

Konbentzioaren 13. artikuluak dioenez, gainera, «haurrak era guztietako informazioa eta ideiak bilatzeko, jasotzeko eta zabaltzeko askatasuna izango du». Hau da, haurrari baliabideak eskaini behar zaizkio informazioa jaso dezan eta erabaki dezan zer zaion baliagarri eta zer ez. Zer espero genezake bere kabuz erabakitzeko aukerarik eman ez zaion pertsona baten aldetik etorkizunean? Kontuan izanda, gainera, mugatu zaion informazioa dibertsitatearen ingurukoa denean? Ezer onik ez, gizarte aske eta inklusibo bat bultzatu nahi badugu, behintzat. Hauxe da, hain zuzen ere, esku artean dugun erronka eta haurrak ezin ditugu kanpoan utzi.
Ana Leturia

Hezkuntzan, nori dagokio erabakia?

Ana Leturia. EHUko irakaslea zuzenbide fakultatean

Azken aste hauetan «gurasoen betoa» delakoaren inguruan sortu da zalaparta, agerian geratuz inplikazio ideologikoak eta erlijiosoak, hala nola manipulazioa eta instrumentalizazioa.

Ziur ez dela hezkuntza eremuan premiarik handiena duen arazoa, behintzat, helburua bada ikasle orori kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Dena den, horren harira eta ikuspuntu juridikoa kontuan hartuta, gaiari helduko diogu.

Hezkuntza komunitatea eratzen duten kolektiboei eskubide eta betebeharrak aitortzen zaizkie. Lehen mailan, haurrei, hezkuntza-eskubidea; ondoren, irakasteko askatasuna, guraso, irakasle eta ikastetxeetako titularrei.

Araututa dago hezkuntzaren helburua dela pertsonaren nortasuna osotara garatzea ere, kontuan izanda bizikidetzarako printzipio demokratikoak eta oinarrizko eskubideak. Hori bideratzeko, aurreikusi da oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa dela, eta, hori bermatzeko, botere publikoek hezkuntza zerbitzu publiko gisa antolatu dute, irakaskuntza programatuz sektore guztien partaidetzarekin eta ikastetxeak sortuz.

Aldi berean, agintariek onartutako hezkuntza plan ofizialak, ikastetxe bakoitzak zehaztuko ditu, duen autonomia eremuan bere hezkuntza-proiektua kontuan izanda. Azken lanketa irakasleak egingo du ikasgelan, profesionaltasunez eta katedra askatasuna baliatuz, kontuan izanda ikastetxearen nolakotasuna eta ikasleen dibertsitatea.

Seme-alaben heziketari begira, gurasoek hainbat eskubide eta betebehar dituzte aitortuak. Eskubide horiek, eskola komunitateko gainerakoenak bezala, mugagabeak ez direlako, elkarren artean uztartu beharko dira, kontrajarriak izan daitezkeen jarrerak orekatuz. Ardatz izango da ikaslearen ongizatea, garapena eta hezkuntzarako eskubidea.

Eskolatik kanpo seme-alabak hezteko eskubideaz gain, eskola eremuan, kontuan izanda araudia, dagoen eskaintza eta familiaren baliabideak, gurasoek ikastetxea hauta dezakete, hala nola seme-alaben erlijio- eta moral-heziketa. Ildo horretan, ohikoa da ikastetxeak gurasoei ikasturteko jardueren berri ematea; hainbatetan, baimen bereziak ere eskatuko dira. Are gehiago, egungo gizarte anitzetan, kasu berezietan egin ohi dira egokitzapenak edo salbuespenak ere ikaslearen garapen egoki eta ongizateari begira.

Eremu horretatik haratago, gurasoei ez zaie legez aitortzen eskubiderik, dituzten uste sendoetan oinarrituta, derrigorrezkoak diren edukiak edo jarduerak salbuesteko, arau orokor gisa.

Badaude hainbat eremu, esaterako sexu/genero heziketarenak, hainbatentzat uste sendoekiko sentsibleak direnak; horrek ez du esan nahi landu behar ez direnik. Are gehiago, indarrean dagoen araudiaren arabera, ikastetxean landu beharrekoak dira, eta haurrek eduki horiek jasotzeko eskubidea eta betebeharra izango dute.

Horrek ez du kenduko, ikastetxe bakoitzak, duen autonomiaren arabera, gaiari egingo dion hurbilketa edo kasu zehatzei begira emango zaion trataeran, erabakitzeko eremu bat ez izatea. Betiere, kontuan izanda hezkuntza-sistemaren gidalerro direla, pertsona ororen duintasuna, oinarrizko eskubideen errespetua eta aukera berdintasuna, diskriminazioa, jazarpena eta arbuiatzeak saihestuz.