Publizitatea

Iritzia

Ilargiari begirako nekazaritza

Ilargiaren unean uneko egoerak eragina du landareetan? Akizuk eta Aizpuruak sinesmena, mitoa ala egitatea den aztertu dute.

 

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia>>

2020-03-21

Martxel Aizpurua

Ilargiaren eragina bizidunetan

Martxel Aizpurua. Botanikaria

Jendeak Ilargiaren inguruan dituen uste edo sinesmenak oso antzinako sinesmenak dira, asko gure garairaino iritsi direnak: Ilargiaren egoeraren arabera azazkal eta ilea moztea, haziak erein edo landareak zeharraldatzea, erditzea ilargi betean izaten dela sinestea, emakumeen hilerokoaren maiztasuna Ilargiaren birarekin lotzea, umeak ar edo eme jaiotzea kopula ilbehera edo ilberrian egin izanarekin lotuz, zuhaitzak mozteko unean Ilargiaren egoerari begiratzea, sagardoaren hartzidura Ilargiaren arabera aldatzen dela, eztia sanmigeletako ilbeheran ateratzea, eta abar.

Animalietan, batez ere urtarretan, hilabete inguruko erritmoak deskribatu izan dira, horietako asko itsas mareen erritmoekin lotuak edo Ilargiaren faseetako argiztapenekin. Animalia lehortarretan oso kasu urriak dira.

Gaur, lehorreko landareei buruz ariko naiz, ezbairik handiena hor baitabil gure artean.

Ilargiaren eraginak, baldin badu, zein du oinarria? Bi lirateke, argia edo grabitatea.

·Ilargiaren argiak ez du ematen nahikoa eraginik duenik landareen fotoperiodoan eragiteko, IIargitik heltzen den argia (hodeirik ez denean, eta ilargi betea dagoenean) eguzki argia baino milioi erdi bat apalagoa denez.

·Grabitateari dagokionez, Ilargiaren azalean dagoena Lurrekoaren seirena da eta, gainera, Ilargia lurretik 400.000 kilometro ingurura dagoenez, lurrazalean dagoen landare batean lurraren grabitatea baino 250.000 aldiz txikiagoa da Ilargiarena.

Bestalde, Ilargiaren orbita lurraren biran nahikoa zirkularra da eta, ondorioz, nahiz eta ilbehera edo ilberri izan, edo gorantz edo beherantz izan, hutsaren hurrengoa da bere grabitatearen aldaketa.

Gai honetaz mintzatzean beti agertzen da mareen gaia. Noski, badakigu Ilargiak, Eguzkiarekin batera, eragin argia duela itsas mareetan, milioika hektolitro ur dituen putzu handi horretan: Atlantikoan eragin handia, Mediterraneoan txikiagoa, eta Itoizko urtegian antzeman ezina. Ondorioz, porru batek bere baitan duen uretan (300 gramo?) ez luke eragin handirik.

Landareei dagokienez, gainera, ur-kantitatearena baino garrantzizkoagoa da jakitea beren gorputzean nola dagoen eta nola mugitzen den ur hori, alegia, ura (izerdia) hodi mikroskopioetan sartuta dago, eta horrelako hodietan sartuta dagoen uretan eragin handiagoa du indar kapilarrak lurraren beraren grabitateak baino eta, zer esanik ez, Ilargiarenak baino.

Indar kapilar horregatik eta batez ere hostoetako transpirazioak sortutako uraren tentsio indarrari esker, berrogeita hamar metro luzeko zuhaitz baten puntako hostoetaraino hildako hodi huts batzuetatik igotzen da ur zutabea, eta izerdi landua zelula bizi batetik bestera mugitzen da, Lurraren eta Ilargiaren inongo eraginik gabe.

Beraz, Ilargiaren grabitatea Lurraren azalean oso txikia da, alde batetik; bestalde, Ilargiaren orbita ia zirkularraren ondorioz grabitate-aldaketa gutxi da hilean zehar, eta, azkenik, landare barneko izerdiaren mugimendua grabitatetik aske denez, nire iritzirako, ez du zentzurik Ilargiaren eraginaz hitz egitea landareei dagokienez.

Dena dela, iIargiaren faseen edo egutegi biodinamikoaren arabera jokatuz dabilen baratzezainak ez du kalterik, baina hobe du, gure gurasoen garaian bezala, Ilargiaren eraginean sinetsi bai, baina giro onean egin soro lana, egun edo ordu horretan edozein dela ere Ilargiaren egoera.
Xabi Akizu

Ilargiaren eragina nekazaritzan

Xabi Akizu. Nekazaria

Nekazaritza munduan, bereziki, jakinduriaren transmisioa ahozkoa izan da, gehienetan gurasoengandik eta aitona-amonengandik jasoa. Beraiek gordetzen zuten hizkuntza eta kultura ondarea; ur berria edateko iturri zaharra ziren.

Gaur egun, ez dago esan beharrik iturri zahar hori agortuta dagoela edo dirudiela behintzat, eta eskola eta Unibertsitatea dira (sare sozialekin batera) iturri berriak.

Jakinduria zahar hori, ilargiaren eraginarena barne, eguneratu behar da, zientzian oinarrituz. Gaurko hitz magikoa hori baita: zientzia. Eta ez arrazoi faltaz! Denak du bere arrazoia; bilatzea da denon lana.

Bide horri ekin zitzaion duela ia 100 urte, eta zientzia horri nekazaritza biodinamikoa deitu zitzaion. Ikuspegi horrek zabaldu egiten digu landarearen inguruan dugun ezagutza. Hizkuntzek ere gordetzen dute jakinduria hori: plan(e)ta lotura.

Badakigu landarearen bizitza eta garapena zuzenean dagoela lotuta lurraren emankortasunarekin: zenbat eta lur aberatsagoa eta biziagoa, orduan eta hobeto elikatuko du landarea, izan belarra, barazkia, fruta arbola edo zuhaitza, eta horrek emaitza hobeak izango ditu. Nekazariaren lana, beraz, lurra zaintzea da.

Baina, horrez gain, jakin badakigu landareak ez duela hori nahikoa bere garapenerako, kanpoko zerbait behar-beharrezkoa duela: eguzkia! Lurraren eta Eguzkiaren arteko dantzatik sortzen dira urtaroak, eta horrek eragin zuzena du landareengan, urte aro bakoitzaren arabera.

Orain artekoa jakina da, baina ondo dator hurrengo hau hobeto ulertzeko. Izan ere, eguzki sisteman beste astro batzuk ere badira, bakoitza bere nortasunarekin eta energiarekin. Eta horietatik gertukoena Ilargia bera da, Lurretik bertatik sortua, gainera; beraz, badugu senidetasun bat!

Lurrak Eguzkitik jasotzen dituen energiak zuzenean jasotzen dituzte landareek; baita Ilargitik datozenak ere. Eragin hori ezezagunagoa da ez duelako ez argirik ez berorik bidaltzen, baina bai beste energia batzuk, eta, Eguzkiarekin bezala, honekin ere lau urtaro (ilaro esan behar, kasu honetan) ditu. Ilargiak 27 egun eta erdi behar ditu Lurrari bira emateko, eta urtean hamairu bira ematen ditu (guk hamabi bakarrik ikusten ditugu; 12 ilbete / 12 hilabete). Hortik, horrenbeste buruhauste ematen dituzten ilgora eta ilbehera horiek. Artikulu honetan ezin gehiago sakondu, baina, laburbilduz, ilargiarekiko hamahiru udaberri/udazken ditu Lurrak, eta horietaz baliatzen da baserritarra erein eta landatzeko (eguzkiarekin egiten dugun antzera).

Badu Ilargiak beste eragin garrantzitsu bat: Zodiakoaren konstelazioetatik jasotzen dituen indarrak edo energiak bideratzea Lurrera. Grekoengandik badakigu Lurra ekuatorean inguratzen duten izar espazioa hamabi zatitan banatzen dela (konstelazioak) eta zati bakoitzak bere eragina duela. Hamabi konstelazio astronomiko horiek lau taldetan biltzen dira, eta bakoitzak ezaugarri berezi bat du: berotasuna, argia, ura eta lurra. Ilargiak, Lurraren biran konstelazio horietako bakoitzetik pasatzerakoan, Lurrari eragin hori bideratzen dio polarizatuta eta landareek zuzenean jasotzen dute eragin hori. Horren arabera, nekazariak aukera du lanak egiteko egun aproposenak aukeratzeko. Adibidez, tomatea landatu nahi badu, ilbeheran egingo du, eta bero konstelazio baten parean egiten badu fruitua emateko joera indartuko du landarean; berdin letxuga landatu nahi badu ur konstelazio egunean egiten badu, horrela hostohazkuntza indartuko baitu.

Hau guztia ez da sinestekoa, frogatzekoa baizik. Nahi duenak hipotesi bezala har dezake, metodo zientifikoari jarraituz.

Iturri zaharrak berriz garbitu eta irekitzeko garaia da ur berria edateko, naturaren legeak ezagutu eta horien arabera lan egiteko. Lurrak gizakiaren zaintza behar baitu.