Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Fikzioa iraultzaile?

Azkenaldiko zenbait fikziozko lan boterearen aurkako alegoriatzat dauzkate ikus-entzule batzuek. Landabideak eta Akizuk iritzi hori aztertu dute, kritikoki.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-05-23

Maialen Akizu

Pantaila eta markoa

Maialen Akizu. Soziologoa eta MRA fundazioko kidea

Tarteka pasatzen zaigu: eztabaidan hasi eta eztabaidako kontzeptuez eztabaidan ibiltzen gara, eztabaidatu nahi genuenaz seko ahaztuta (ejem, zer esan nahi duzu horrekin?). Ekoizpen kulturalak eta botere klasea galderan irakurrita, lehen gogoeta hizkuntzatik datorkit hala ere. Kultura ekoitzi egiten al da? Kulturaren jardunari ekoizpena deitze hutsa ez ote da logika jakin batetik abiatzea? Ekoizpen deitzen diegun horiek kultura al dira? Eta dinosauroak berriz bueltan etorrita ere konponduko ez genukeen auzira iristen gara pixkanaka: zer da kultura. Zerbait bada, eta kultura zentzu komunarekin lotuko nuke, eta niretzat, Itziar Ugartek Jakin aldizkarian esan bezala, «ekintza kritikoaren aktibatzailea» da.

Boterea eta klasea irakurri, eta berriz ere dinosauroak. Kultura eta boterea lotuta daude egitea eta izatea nola. Behin hau esanda, azkenaldiko netflizazioa-k (Joseba Gabilondoren kontzeptua) aldaketa ugari ekarri ditu, publikoa eta pribatua, bereizterik balego, nahastu egin dira, are, itxialdi honetan. Nago, eskuinak aurrerapen deitzen dien horietara egokitzeko zailtasunak izaten dituela ezkerrak (eta horregatik aurreratzen zaiola askotan). Telebistak hasieratik sortu zuen mesfidantza: Fellinirentzat «elementu diaboliko» zen, Adorno kontuzka aritu zen izaki konformista bihurtuko gintuela esanez, Debordek espektakuluaren gizartea izendatu zuen 60ko hamarkada. Denentzat ia, ekintza zuhur eta transgresoreena, supituan telebista leihotik botatzea zen. Burdinazko damaren logika bera gure odol gorriek: ez dago alternatibarik. Ikus-entzuneko plataformekiko ere mesfidati gara, eta bat nator, erakunde kulturalak baino etekinak lortzea helburu duten enteak dira, baina ez dira joango, eta, beraz, euren joerak aztertzea garrantzitsua iruditzen zait, nekez egingo baititugu kaleak gure etxeak egiten besteei utzita.

El Hoyo, Joker, Parasite, La casa de papel... Boterearen aurkako erreakzioen narratibak dira, eta hori da berdintzen dituen gakoetako bat, erreakzioak direla, pertsonaiak hor daude jada, zapalduak izan dira baina ez zaigu kontatzen hainbeste nola/zergatik diren gutxietsiak, egiturari egin nahi diote kontra, eta hala lortzen dute enpatia, «ez zait inporta zure iragana, baina ni zu naiz». Kuriosoa egiten zaidana erreakzioaren forma bera da; boterearen aurka biolentzia gordina erabiltzea da aukera bakarra, armak, odola, bizitza bizitza truk! Antolakuntzarik ez, politika utikan, estrategia kontuak garun deskomunaleko irakasle gizon batenak badira soilik, bestela lepoan hartu eta segi aurrera! Klase gatazka irudikatu baino zapalduon arteko biziraupena agerian. Eta zapalduekin bai, baina heroiekin identifikatzen gara gu, badaezpada.

Eta plataformetatik zapatetara jaitsita, tarteka ia zuri-beltzean dauden 2019ko protesten antza hartzen diot joera honi. Badira beste elementu batzuk, baina Txilen, Libanon, Indian... suminak bete zituen kaleak, helburua sistema bera eraistea zen, eta esango nuke mobilizazioak gehiago zirela espresiboak estrategikoak baino. Kapitalismoak desberdinkeria du muinean: gustuz berdindu behar gaitu ezinbestean, gastuz desberdindu gaitezen ahal beste. Baina fikzioa errealitatetik datorren bezala, errealitate berriak ekar ditzake fikzioak. Dinosauroak bisitan, adibidez.
Xabier Landabidea Urresti

Gozamena, borroka eta ikus-entzuleak

Xabier Landabidea Urresti. Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Duela gutxi ikusi dut Galder Gaztelu-Urrutia zinema zuzendari bilbotarraren El Hoyo (The Platform), eta harritu egin nau, espero nuen baino gehiago gozatu baitut.

Batzuetan gertatzen da, ezta? Bolo-bolo ibili den zerbait ikusi, eta irakurritako aldeko eta kontrako iritziekin sortutako aurreiritzizko armadura eranztera zaramatzala lan batek. Bi norantzatan gertatu daiteke, gainera: oso iritzi txarrak jaso dituzten lanak asko gozatzera, eta, alderantziz, erabat goratutako gauzak ezin disfrutatzera eraman zaitzake aldez aurretik sortutako giro subjektiboak.

Espektatibak zer diren. Itxaropena, gauza terrible hori.

Edozelan ere, Twitterreko aldeko eta kontrako ohiko iritzi festaz gain, irakurrita nizkion Joseba Gabilondori —zeina sensei semiotiko ez-kartesiartzat daukadan— bere Gisaengchoong (Parasitoa) eta El Hoyo-ri (Zuloa) buruzko irakurketak. Parasito hegokorearrekin inguruan sentitu nuen espektatiben hiperinflazioaren ostean, dezepzio erlatiboa izan zen filma niretzat (aitortzen dut agian gehiegi eskatzen niola), eta Zuloarekin ere antzerako zerbait espero nuen, urrutiko intxaurren sindrome filmikoaren beste iterazio bat.

Honezkero, Interneteko herri kirol kategoriara igo dugu ikus-entzunezko lanen analisi estetiko-politikoa, eta sarri eztabaidak 2x2 matrizearen arabera antolatu ohi dira: X ardatzean filma ona-txarra den, eta Y ardatzean irakurketa politiko zuzena ala okerra planteatzen duen. Hala, film edo telesail bat gramsciarki bikaina izan daiteke baina filmikoki eskasa, edo alderantziz, lorpen estetiko ahaltsua Chicagoko eskolako mutilen zerbitzura.

Twitterreko interpretazio gerretan ohikoena Xn altu dagoena Y baxuan kokatzea izan ohi da, eta alderantziz. Korrelazio negatiboa aurkitzen dugu bi ardatzen artean. Hala, kontsumo garaikide zabaleko testuen meritua estetikoa edo politikoa izan ohi da ezkerreko zirkuluetan, eta arraroagoa izaten da guztiz ontzat edo guztiz txartzat hartzea. Susmoa dut —termino gabilondotarretan— gure gozamen estetikoak penitentzia politikoz (eta alderantziz) garbitzeko joera dugula, baina beste baterako utziko dut, zutabea amaitzen ari baitzait. Noan nire tesia aurkeztera:

Ez dut uste Zuloak irakurketa marxista, feminista edo ekologista egokia egiten duenik. Ez dut uste Euskal Herriaren askapenerako azken erantzunik eskaintzen digunik. ZiFi klabeko pentsamendu esperimentu honek ez du helburu hori. Filmek, telesailek, eleberriek, rol jokoek... esanahien joko eta borrokarako eremuak marrazten dizkigute. Irakur-ikus-entzulea da, finean, kontsumitzailea baino, esanahi ekoizlea. Eta esanahiaren ekoizpen-bideak geureganatu behar ditugula uste dut, bestelako ekoizpen bideak bezala. Ez al zen hori bidea?

Ez dizuet spoilerrik egin nahi: sartu zuloan. Ea zer ateratzen duzuen.