Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Zerga politika

Krisi ekonomikoaren nolakotasuna baldintzatuko dute fiskalitatearen inguruan hartuko diren erabakiek. Gai horri begira jarri ditu BERRIAk Urkiaga eta Etxaide.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-05-30

Zigor Urkiaga

Zerga ereduak

Zigor Urkiaga. Finantza aholkularia

Zergek badute helburu bat, gastu publikoa finantzatzea. Nola? Berdintasuna eta progresibotasuna bermatzen duen sistema bat eraikiz. Zergatik? Planteamendu etikoa izateaz gain, legeak horrela esaten duelako. Zein legek? Espainiako Konstituzioak batik bat (31. artikulua), eta, Euskal Konstituzioa balego, horrela eskatu beharko lukeelako baita ere.

Baina gauza bat da legeak dioena, eta beste bat, errealitateak erakusten diguna. Zergak klasifikatzeko modu ezberdinak daude; horietan arrakastatsuenetakoa den batek zergak zuzenekoen eta zeharkakoen artean bereizten ditu. Zuzeneko zergek —PFEZ edo sozietate zerga— progresibotasuna ezartzeko aukera gehiago daukate. Zeharkakoek, aldiz —BEZa—, ez dute aukera arrastorik. Arazoa da, azken urteetan, zeharkako zergek are eta pisu nabariagoa hartu dutela. Errenta aitorpena aurkezten dihardugun garai honetan, ulergarria egiten zaigu pertsonen diru sarrera mailaren arabera tipoak aplikatzea. Zenbat eta diru sarrera gehiago, are eta handiagoa izango da tipoa. Baina liburu bat erostean, denek berdin ordaintzen dute. Zeharkako zergak ez dira birbanatzaileak, ezta progresiboak ere. Berdin ordaintzen dute izugarri aberats direnek eta txiroenetan txiroenak direnek. Hori, baldin eta merkatu ilunetan jarduteko ohitura txarrik ez badaukagu.

Kontua da, denok ordaindu behar ditugula zergak, erantzukizuna norbanakoarena dela, ez bakarrik instituzioek esaten digutelako, gure egunerokotasunean, gizartean bizitzeko abantailak bereganatzen ditugulako baizik. Iruzurra ez diogu Ogasun Publikoari egiten, gure auzokideei, lagunei eta, batez ere, beharrizan handienak dituztenei. Zenbat eta baliabide publiko gutxiago, are eta injustizia gehiago.

Gehien daukatenek gehiago ordaindu behar dute, ados. Enpresa erraldoi askok tributazio efektibo baxuagoa daukate, ados. Gizartean dauden arrakalak ekiditeko progresibotasuna bultzatu beharra dago, ados. Baina urte oparoek testuinguru aproposagoa irudikatzen zuten.

Eredu fiskala aldatzeko aukera badago, baina bizi dugun egoera kontuan izanik. Ekonomia ez da itsulapiko bat; euroekin identifikatzen dugun arren, ekonomiaren hazkundea ez da aurreztutako euroen edota etxebizitzen balioen baturaz neurtzen. Ekonomiaren hazkundea egunero saldu eta erosten diren produktu eta zerbitzuen kopuruarekin aztertzen da. Hilabetez etxean egon bagara, nekez haziko da ekonomia. Beraz, zergak batzeko erabili behar diren baseak jaisten badira —izan enpresen edo autonomoen fakturazioa, soldata bidezko diru sarrerak edo edozein produktu erostean ordaintzen dugun BEZa—, agian ez gaude tipoak igotzeko unerik egokienean. Tipoak igota ere, ogasunaren diru-sarrerak jaitsiko direlako. Bai edo bai.

Bestalde, aberatsenei zerga bidezko ekarpenak igotzea helburutzat jarriko bagenu ere, haiei zergak igotzea, alegia, agian ogasunaren diru sarrerak igo ez eta praktikotasunean kontrako efektua sor liteke. Zergatik? Oso aberats direnen jabegoaren zatirik handiena balio mugikorretan inbertituta dagoelako. Eta izenak dioen moduan, balio mugikorrek badutelako mugitzeko gaitasuna. Erraz gainera. Europako Batasunean bertan.

Ezberdindu ditzagun, beraz, printzipio laudagarriak eta haien aplikazio praktikoak. Helburu etikoak eta efektibotasuna.
Ainhoa Etxaide

Trantsizioari atea irekitzeko giltza

Ainhoa Etxaide. Idazkaritza Feministako kidea LABen

Pandemiak aldaketa handiak ekarriko dituela ikusi, entzun eta esan dugu. Baina badaude aldatzen ez diren eta oso ezagunak egiten zaizkigun gauzak. Iragarri digute aurrekontuak berregingo dituztela diru sarrerak nabarmen txikitu direlako. Patronala atera da jarduera ekonomikoa berpizteko ekimen pribatua diruz bustitzea eskatuz, inbertsio ekonomikoak gastu sozialen gainetik berriro. Europako Banku Zentralak gogorarazi du zorpetze publikoaren aukera zabaldu duela baina «doikuntzak» eginez zuzendu beharko dela egoera. Zaharrak berri. Murrizketa festa ikaragarria prestatzen ari dira, eta egiten utziz gero, normaltasun berria larrituko den krisi sozialean bizitzen ikastea izango dela dirudi.

Joan den krisian aspertu arte errepikatu ziguten diru sarrerak gutxitzen direnean gastuak txikitu eta berrantolatu behar direla, familietan bezala, baita eremu publikoan ere. Gezurraren neurrikoa izan zen iruzurra. Familiek ez dute merkatuan eskua sartzeko ahalmenik, ezin dituzte funtsezkoak diren gauzak merkatuaren logikatik atera guztien eskura jartzeko, ezin dute testuinguru ekonomikoa aldatuz estualdi ekonomikoari aurre egin. Gobernuek bai. Familiek ez dute diru sarreren inguruan erabakitzeko benetako aukerarik. Langileok ezin dugu erabaki, diru sarrerak handitzea beharrezkoa eta bidezkoa delako; aukera izanez gero, ez genuke galduko. Gobernuak bai. Handitu ditzakete diru sarrerak, baina uko egiten dute.

Estatuen esku dago beren eremuko baliabide ekonomikoak herriari begiratuz eta pertsona guztien eskubideak lehenetsiz berrantolatzeko aukera eta erantzukizuna. Horretarako daude aurrekontuak eta politika fiskala. Euskal Herriak ez du estaturik, baina badago fiskalitateaz erabakitzeko aukera Hego Euskal Herriko instituzioetan. Badago murrizketen logika alboratzeko aukera; ez delako bidezkoa, ez delako beharrezkoa eta ez delako batere inbertsio ekonomiko ona.

Aberastasuna banatzeko erabaki politikoa ez hartzeak krisi sozialean itotzera garamatza. Azken hamarkadan pobrezia gure artean zenbat handitu den ikustea besterik ez dago. Eta bidezkoa den ereduarekin diru sarrerak handitzeari uko egiten badiote lapurtuko digute alternatibak eraikitzeko aukera; fiskalitatea da giltza garapen eredu berriari ateak irekitzeko.

Oinarrizko tresna da ohitura, kultura eta praktika ekonomikoak aldatzeko; jasangarriak eta sozialki funtsezkoak diren jarduera ekonomikoak bultzatzeko. Eraginkorra da herri ekimenetan oinarritutako erantzun kolektiboak hauspotzeko eta arazo sozialekin negozioa egitea oztopatzeko. Fiskalitatean dago gakoa zerbitzu publikoak sendotzeko, zaintza lanak berrantolatuko dituen zaintza sistema publikoa eraikitzeko eta krisi klimatikoari aurre egiteko eredu aldaketa finantzatzeko.

Azken asteetan iniziatiba ugari abiatu dira herritarren ekarpen ekonomikoari esker. Herritarron bultzada ezinbestekoa da alternatiba guzti horiek ibilbidea izan dezaten. Baina eredu ekonomiko eta sozial berri baterako trantsizioak finantzaketa publikoa, antolatua, egonkorra eta behar adinakoa behar du. Hor dago gakoa.

Aberastasuna badago, non dagoen badakigu, politika fiskala aldatuz gero herriaren zerbitzura eta eskura jarri dezakegu. Botere ekonomikoak erabakitzen duen politika fiskala aldatzeko indarra badugu ere, aldatzeko premia konpartitzeaz gain nola aldatuko dugun adostea lortu behar dugu.