Eztabaida gela

5G auzitan

Ozendu egin dira teknologia hori mehatxutzat eta arriskutsutzat daukaten ahotsak. Alegriak eta Campillok gogoeta egin dute ea onurak ala kalteak gailentzen diren.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-06-13

Zaloa Campillo

5G, digitalizazioaren iraultza

Zaloa Campillo. Euskadiko Telekomunikazio Ingeniaritza Elkargoko arduraduna

Gure hirietara heltzen ari da dagoeneko 5G. Ezinbestekoa da atzera begirada bat botatzea. Hamarkadatik hamarkadara belaunaldi berri bat daukagu haririk gabeko komunikazioetan, eta horrekin iraultza berri bat. Berrikuntzaren aurrean, bai beldurrak zein ideia berritzaileak nabarmen agertzen dira. 5Gk gizarteak aurrerapauso handi bat eman dezan lagunduko du.

Hona hemen azpimarratzekoak diren 5G sarearen ezaugarri batzuk: konexioa oraingoa (4G) baino 100 aldiz azkarrago ibiliko da, latentzia (informazioak tardatzen duen denbora toki batetik bestera joaten) oso txikia izango du, milisegundo batekoa, beraz, denbora errealean lan egin ahalko da; estaldura hobeagoa izango du, tresna edo gailu gehiago konektatu ahal izango ditugu, energia gutxiago kontsumituko du, %90aren murrizketa eta mugikorrek ere bateria gutxiago kontsumituko dute, %10a.

Teknologia berri honi esker IoTak (Gauzen Interneta) errazago ezarriko dira eta horiek lortzen duten datuekin, Big Data eta Adimen Artifiziala erabiliz abantaila asko ekarriko ditu hainbat sektoretan:

Industriaren digitalizazioa, Industria 4.0 ezartzeko, adibidez, enpresa industrialetan produkzioa hobetzeko aukera izango da, makina baten higadura kontrolatuago izan dezakegu eta horrekin batera, gure enpresa denbora errealean kontrolatua izan ahal izango dugu, matxurak aurreikusi eta produktuen kalitatea hobetuz.

Hiri/herri adimentsuak: mugikortasuna hobetu ahal izango da adimentsuagoa izanik; kasu horretan, kotxe autonomoa kontrolatzeko oso garrantzitsua da latentsia oso baxua izatea. Bestalde, herrien energiaren eta uraren gastua, zaborren bilketa optimizatua egin ahalko dugu IoTei esker.

Bestelako arloetan ere, hezkuntzan nola ez, online ikasteko erraztasunak, eta baita errealitate birtualean oinarriturik sortzen ari diren formakuntza berriak errazago erabiliko ditugu. Nola ez, aisialdirako zer esanik ez zer-nolako proiektu berriak datozen bideo jokoetan eta bestelakoetan, errealitate birtuala dela eta.

Osasunaren inguruan ere bai: osasun tresna gehiago konektatu ahal izango ditugu, beraz, teleasistentzia, segurtasuna eta bestelakoak etxeetan izan ahal ditugun zerbitzu berriak asko hobetuko dira. Kasu honetan latentziaz hitz egiten dugunean, ospitaletik kanpo dagoen zirujau batek bere pazientea operatu ahal izango du.

Nola ez, zibersegurtasuna inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, hainbat tresna konektatuta badauzkagu, kontrol absolutua izateak eta hackerraren aurrean segurtasuna izateak lehentasuna daukalarik. Beste alde batetik, datuak sortzea ere kontzientziaz egin beharrekoa da; teknologia betiere ardurarekin sortu eta erabili behar da.

Osasunaz hitz egitean erraz datozkigu burura hainbatetan entzundako zurrumurruak, mugikorren antenak direla eta. Wifiaren uhinak direla eta, askotan ez gara konturatzen mugikorrak telebistarekin bat egiten duela frekuentzietan, hau da, 5G jartzeko telebistaren frekuentzia aldatu behar da, beraz, TDTa ikusten geunden frekuentzietan 5G izango dugu. Horrekin esan dezakegu betidanik ezagutzen dugunak ez digula halako beldurrik ematen edo ez direla teoria konspiratiboak sortzen, baina teknologia berri baten aurrean, berriz, itzal beltzak agertzen dira. 5Grekin gainera, esan bezala, potentzia txikiagoko antenak izango ditugu, beraz, gaur egun baino emisio txikiagoak izango ditugu. Kontuan hartu beharrekoa, betidanik izan bezala, erabilera arduratsua teknologia guztiekin.
Iñaki Alegria

5G ezbaian

Iñaki Alegria. Informatika doktorea, eta UEUkidea

Teknologiaren etengabeko apologiarekin batera, azken boladan zabaltzen doa 5G telefono-sareen inguruko eztabaida. Hainbat ikuspuntutatik datoz aipatzen diren eragozpenak: geopolitika, osasuna, ingurumena, kontrol soziala...

Geopolitikan Txinak Huawei enpresaren bidez egin lezakeen balizko espioitzak hautsak harrotu ditu, eta ustez teknikoak diren erabakiak, 5G hedapenerako lehiaketa publikoak esaterako, baldintzatzen ari da. Espioitza zilegi da, nonbait, txinatarrek egiten ez duten bitartean.

Osasunaren arloko objekzioei heldu baino lehen, hel diezaiogun oinarri tekniko minimoari. Haririk gabeko teknologia honen abantaila nagusia, abiaduraz gain, latentziaren hobekuntza da, hau da, komunikazioaren beste muturrean eragiteko azkartasuna. Horrek ahalbidetzen du dispositiboen erreakzio azkarragoa, gauzen Internet arloko bideokamerekin eta bestelako sentsoreekin etengabeko interakzioa erraztuz. Horrela, lehen kable bidez egin behar ziren konexio azkarrak, 5Grekin haririk gabe izango dira posible. Horretarako uhin-espektroaren hiru frekuentzia-banda erabiltzen dira, bat dagoeneko 4G teknologian erabiltzen dena eta beste bat TDT telebistarako duela gutxi arte erabiltzen zena.

5G teknologia koronabirusarekin lotu duten teoria konspiranoikoak alde batera utzita, hainbat mediku, zientzialari eta ekologistak teknologia horren osasunaren gaineko eragin kaltegarriez eta arriskuez ohartarazi dute, eta sinadura bilketari ekin diote. IKT arloko aurreko teknologia batzuek ere, wifiak esaterako, kezka hori piztu zuten, baina, horietan bezala, 5G teknologiarekin ez dago ebidentzia zientifiko argirik, momentuz behintzat, osasungintza arloko arriskuez. Hala ere, aipatzen dituzten zuhurtzia falta eta kontrolik gabeko hedapena kontuan hartzekoak dira. Ingurumen azterketarik gabeko instalazioak egiten ari dira, eta hori salatzekoa da.

Nire ustez eragozpen kezkagarrienak ez daude osasunarekin lotuta, larrialdi klimatikoekin, boterearen kontzentrazioarekin eta gizartearen kontrolarekin baizik.

Gero eta ahaltsuago paradigmaren barruan bete-betean kokatzen den teknologia hau abiatzeko azpiegitura handiak ezarri behar dira, ez dakigu oso ondo zertarako, ez dakigu oso ondo nola ordainduko den, baina aurrera egin behar omen da. Beste azpiegitura erraldoietan bezala desazkundearen beste muturrera eraman nahi gaituzte. Berdin du arrakala digitala hor egoteak (gurean eta munduan) edo hirietako nagusitasuna eta herrietako/landako bazterketa gero eta handiago izateak; aurrera jarraitu behar. 5G hedatzeko inbertsio itzelak etorriko (omen) dira: ehunka satelite, milioika antena... Zuntz optikoan eta 4G teknologian inbertsioak egin berritan. Ez al litzateke zentzuzkoagoa izango dagoen teknologia denon esku jartzea, arrakala digitala gaindituz eta herri guztietarako estaldura ziurtatuz. 5G teknologiak arrakala handiagoak ekarriko ditu zalantzarik gabe.

Gainera, etengabeko inbertsioen behar horrek teknologia oso esku gutxitan kontzentratzea dakar (hemen Euskaltel eta MasMovil-Ibercom enpresekin gertatzen ari da gaur egun), burujabetza teknologikoa eragotziz eta kontrol soziala erraztuz. Aplikazio asko aipatzen dira: telemedikuntza, gidaririk gabeko autoak, bideo-transmisioak zuzenean baliabide gutxirekin... baina guztien gainetik kontrol sozialari begirakoek dirudite prest daudenak: erraza izango da denon aurpegiak kontrolatzea edonon. Haririk gabe, noski.