Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Transexualitatea, legez jasoa

Queer teoriarekin eta LGTBI kolektibo zenbaitekin talka egin du PSOEren dokumentu batek. Areanetak eta Urteagak eztabaidari heldu diote.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-07-25

German Urteaga

Terfak eta trans legea

German Urteaga. Trans aktibista eta psikologoa

Iruditzen zait zenbait pertsona ez direla ohartzen pribilegiatuak ere badirela. Bada pil-pilean dagoen gai bat pertsona transekin lotura duena, bereziki emakume transei eragiten diena. Tamalez gure inguruan uste baino terf (trans-exclusionary radical feminist) gehiago daude, alegia, besteak beste, emakume transak emakume ez direla esaten duten ustezko feministak.

Sinetsezina da PSOEren barnean dauden zenbait feministaren (terf) jarrera gai honekiko, eta PSOEren gehiengoak ere arrazoia eman die. Transexualitatearen despatologizazioaren aurka agertu dira, horrek dakarren guztiarekin. Egia da 2007. urtean PSOE gobernuan zela lege berri bat irten zela, eta, momentuan aurrerapauso handia izan bazen ere, gaur egun lehenbailehen aldatu beharreko lege bat da, azken urteetan legeak aldaketaren batzuk izan baditu ere, transfoboa delako. Zergatik transfoboa? Adi hurrengo lerroei.

Lege horren arabera, pertsona transek psikologo edo psikiatra batengana joan behar dugu, zeinak esango baitigu ea benetan garena garen. Alegia, kanpoko norbaitek esango digu nor garen. Behin psikologo edo psikiatrak garena garela esaten duenean (esango didazue nola demontre egin dezakeen norbaitek hori, zertan oinarritzen den...) operatu eta hormonatu gaitezke. Hori gutxi ez, eta bi urte pasatu behar ditugu hormonatzen nortasun agirian gure genero identitatea aldatu ahal izateko.

Hasteko, lege horrek pertsona ez binarioak albora uzten ditu, existituko ez balira bezala. Jarraitzeko, niri inork ez dit esango nor naizen, inork ezin dio inori esan nor den; beraz, niri psikologo edo psikiatra batek ezin dit esan nor naizen, punto. Bestalde, badira pertsona transak hormonatzen ez direnak, operatzen ez direnak... Lege horren arabera, denek hormonatu behar dute nortasun agirian benetan direna ager dadin, eta hormonatzen garenok ere bi urte itxaron beharra nortasun agiria aldatzeko lotsagarria da. Nik oraindik ezin izan dut aldatu; hori zentzugabea da, eta mingarria, oso. Beraz, hori esanda, ezinbestekoa da transontzako lege berria martxan jartzea, transexualitatearen despatologizazioa ekarriko duena, besteak beste.

Tamalez, PSOEren egungo asmoa lege zaharra mantentzea da, eta transexualitatea patologizatzen jarraitzea. Horrekin bat datoz feminista erradikalak (terfak); horiei feminista deitze hutsak min ematen dit. Terfentzat emakume transak ez dira benetako emakume, eta gizon transak ez gara benetako gizonak; ba al dago hori baino gauza transfoboagorik? Emakume transak emakumeak dira, emakume zisak emakume diren bezalaxe. Gizon transak gizonak gara, gizon zisak gizonak diren bezalaxe. Ustezko feminista horiek pentsatzen dute gizon transok trantsizioa egiten dugula emakumea sozialki gizonaren azpitik dagoelako gizarte honetan, eta, ondorioz, errazagoa denez gizon izatea, horregatik egiten dugu trantsizioa euren iritziz, eta ez benetan gizonak garelako. Ba badakizue zer esaten dizuedan? Zakurraren bibolina! Nik ez dut aukeratu gizon izatea. Gizon jaio nintzen, eta sinetsi trantsizioa oso-oso gogorra dela. Era berean, emakume trans batek ez du emakume izatea erabaki, emakume jaio zen.

Pertsona bat ezin da feminista eta transfoboa izan. Espero dut legea laster aldatuko dela, urgentziazko zerbait baita, eta atzetik datozenek ez dutela besteok pasatu behar izan ditugun gauzak pasatu beharko.

Bukatzeko, ez ahaztu, kolektibo zaurgarririk badago, hori emakume transena dela. Beti diodan gisan, gizon transok transfobia sufritzen dugu, baina emakume transek transfobiaz gain matxismoa sufritzen dute, hain zuzen ere, emakumeak direlako, eta, tamalez, gizarte matxista eta transfobo batean bizi gara, nahiz eta azken hori batzuei ahaztu egiten zaien. Ez da ba zis izatearen pribilegioagatik izango?
Aitzole Araneta

Sexuak, generoa eta trans legea

Aitzole Araneta. Sexologoa, berdintasun teknikaria eta transexualitate, egoeran dagoen emakumea

Duela aste batzuk PSOEren dokumentu bat argitaratu zen, Unidas Podemosekin estatuko gobernu akordioaren barnean dagoen Trans Legea zalantzan jartzen zuena, eta trans egoeran dauden pertsonen identitatea kanpotik gaixotasun bezala egiaztatzeko beharra —patologizazioa— azpimarratzen zuen.

Afera horretan bi mailak egiten dute talka: batetik, gobernuko alderdien protagonismo grinek. PSOEk Unidasek gobernatzen dituen hainbat autonomiatan halako legeak onartu ditu, eta deigarria da orain, estatuko berdintasun politiken ardura ez duelarik, horrelako jarrera aldaketa erakustea.

Bestetik, maila teorikoan dagoen talka, eta horrek trans egoeran dauden pertsonen bizitza errealean eragiten duen kaltea. Lehen aipatutako gaixotasun nozioaren aurrean genero autodeterminazioa proposatzen da, hau da, identitatea aukeratzearen ideia. Eta horri kontrajarriz, feminismoaren sektore zaratatsu batek trans egoeran dauden pertsonen bizipenak Queer teoria-rekin —gure identitatea kulturalki eraikia dela eta aukeratu egiten dela adierazten duena— lotzen ditu, eta sexua genital eta kromosometara murriztu. Queer teoria-ren aldekoek sexuazio biologikoaren eragina eraikuntza kulturalaren mende jarri, eta adibidez burmuinen sexuazioa edo beste hainbat sexuazio prozesu ukatzen dituzte.

Hor dago benetako gatazka: garena eraikuntza kultural soila da? Nor garen erabaki edo hauta dezakegu? Trans egoeran dauden pertsonak —edo edonork— hautatzen al du ezer, edo betidanik izan gara horrela, erakutsi edo ezkutatu arren? Diogunean genitalak eta kromosomak baino gehiago garela, balio digu sexuaren definizio mugatu horrek? Generoa opresioa bada, nola da posible edonoren identitatea opresio horretan —genero identitatea— oinarritzea? Non geratzen da emakumeen emantzipazioa? Nola azaldu zer den emakume (edo gizon) izatea genital, kromosoma eta opresioetatik harago? Ez murrizketa biologikoak ez eraikuntza kulturalak ez digute erantzun nahikorik ematen, ezin dugulako gure bizitza bi zatitan, zati kulturalean eta zati biologikoan, moztu, bi alde horiek etengabe bateratuta baititugu.

Hitzen definizioak garrantzitsuak dira, bai eztabaida teorikoetan, bai mundu juridikoan, horiek baitira errealitate konkretuak legislatzen dituztenak. Teknikoki erabat ziurra den lege proposamena lortzeko lanak abian dira, baina kalean gai horren inguruan hitz berak erabiltzen ditugu gauza ezberdinak esateko. Eta ez, ez dago genero autodeterminaziorik ez identitaterik, tokatu zaigun identitatea besteei adierazteko hartuko ditugun erabakien kudeaketan aske izateko aukera baizik.

Sexua, hau da, nor garen, nozio biologikoa bezain psikologiko eta soziologikoa da. Baina, batez ere, kontzeptu biografikoa da, ni naizen emakumerik, zu zaren beste inor, ez dagoelako, eta sexu kontzeptua (sexus, sexare: diferentziazioa, ni besteengandik bereizten nauena. Identitatea) horretarako sortu zelako duela milaka urte, genital edo opresio hitzetatik ezberdina. Zientzia sexologikoak asko izango du esateko sexuen aferaren inguruan.

Euskal Herrian, PPk ez beste alderdi politiko guztiek adostu zuten EAEko transexualitate legearen erreforma, legegintzaldi berri honetan egin beharko litzatekeena. Ikusiko dugu burrunda honek guztiak konpromiso horietan izango duen eragina.

Bitartean, komunikabideetan sasizientzia eta opinologia ikusten ditugun artean, trans egoerek aditzera ematen dizkiguten arazoei kaskar eta eskas erantzungo diegu:

«Etengabe esaten duzue neska maskulinoa izan naitekeela, ondo dagoela, ez dela ezer gertatzen, norbaiti balio diezaioke, baina ni mutila naiz, eta niri ez didazue entzuten ez ikusten». Ion (gezurrezko izena), zazpi urteko haurra, amari. Ioni erantzun diezaiokegu. Jar dezagun benetako erantzuna mahai gainean.