Publizitatea

Iritzia

Kontziliazioa

Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko uztarketak badu gogoetagaia. Hizpide da zein gizarte eredu bilatzen den eta zein politika mota egin daitezkeen.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2015-10-04

Eider Fernandez

Erantzukizunagatik

Eider Fernandez. Benetako Kontziliazioa Orain

Kontziliazioaren aldeko lanaren abiapuntua gehienetan komuna izaten da. Ez da zaila edozein solasalditan kontziliazioaren definizioaren lehen urratsetan bat egitea, baina, hizketaldia aurrera doan heinean, desberdintasunak azkar azaleratzen dira. Azkenean, kontziliazioa zer den norberak ezberdin bizi du. Eta agian hauxe da gizarteak eta gure antolakuntza sistemak topatzen duen oztopo nagusienetako bat: abiapuntua bera izanda, helburu desberdin gehiegi.

Bestalde, kontziliazioa bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko oreka zuzena bilatzea bada, ez da seme-alabak dituen familia batean soilik bilatu beharko genukeen zerbait. Bakarrik bizi direnek kontziliatzeko eskubide berbera eduki beharko lukete. Akaso orduan ere lortuko genuke jomuga orokorrago bat.

Norbera lanean hasten den garaian berarentzat kontziliazioa zer den eta zer izango den eraikitzen hasten da. Askotan, gazte hasten garenean lanean, bestelako arduren faltan, lanarekiko harreman estua sortzen hasten gara. Ondoren, urteen poderioz, gure egoera alda daiteke, eta sortzen zaizkigun beharrak aseezinak bihurtzen zaizkigu lanarekiko sortu dugun lotura zorrotzegia delako.

Azken urteetan gobernuek nolabaiteko ahaleginak egin dituzte: haurrak zaintzeko ordutegi murrizketetarako diru laguntzak, aitatasun bajen epeak luzatu... Baina gaur egungo neurriek, oraindik, kontziliazioaz ari garenean, enpresa eta gizabanakoa aurrez aurre ipintzen dituzte. Bi alderdi begiz begi. «Borroka» horretan, eta beti kontuan izanda lanpostu eta lan mota ezberdin ugari dagoela, askotan presentzialismoaren bidea hartu da. Ordutegi zorrotzak, aldaezinak eta benetako lan kopuruari arreta jarri gabe. Laneko betebeharren eta norberaren beharren egoera bat edo beste izan, bakoitzak bere paperari eutsi eta ordua iritsi arte egoten gara lanpostuan. Oraindik, askotan hau da egoera, ikerketek argi uzten badute ere malgutasun falta horrek azkenean ez diola inori on egiten.

Eta zer gertatuko litzateke zurruntasun horri aurre egiteko kontzeptu berri batzuk sartuko bagenitu eztabaida honetan? Gizartea garen heinean, zer gizarte mota izan nahi dugu? Solidarioa, pertsonak zaintzen dituena eta elkarbizitza bultzatzen duena, adibidez? Eta enpresa eta langilearen arteko erantzukizuna eta konfiantza jarriko bagenitu mahai gainean?

Gaur egungo lanaren egoerak zaildu egiten du ikuspuntu horri eustea. Baina beharbada oinarrizko beharretara jo beharko genuke, nahi dugun gizartearen balioak aztertu, adostu eta bide hori jorratu. Beraz, lana, betebehar eta eskubideetan oinarritutako zerbait izateaz gain, erantzukizunean eta konfiantzan oinarritutako zerbait bihurtuko genuke. Agian orduan bertan topatuko genuke kontziliazioak behar duen malgutasun, lotura eta komunikazio tartea.

Azkenean, guztion lana da, eta erantzukizunaren bideari jarraitzen badiogu, orduan hasieran aipatutako abiapuntu komunaz gain, jarraitzen ditugun helburuak ere berberak izaten hastea lortuko genuke. Kontziliazioaren alde lan egitea izan nahi dugun gizartearen alde lan egitea baita.
Xabier Aierdi

Bide erdia

Xabier Aierdi. Soziologoa

Ulrick Beck soziologo handi eta zendu berriak, XX. mendeko azken hamarkadetan, iraultza isiltzat zeukan emakumeak unibertsitate mundura egin zuen jauzia. Iraultza horrek hainbat efektu kateatu ekarri ditu, eta isila izan arren jendarte osoa errotik aldatzera dator. Emakumearen irrupzio horrek genero harremanak eta familia rolak ezinbestean lardaskatzen ditu.

Gizarte prozesuak ez dira linealak izaten. Aurrera egiten duten moduan, atzera ere bai. Horrelako egoera batean gaude. Alde batetik, hezkuntza sistemak emakumeari rol tradizionaletatik gero eta gehiago urruntzea permititu izan dio, baina, bestetik, inkorporazio hori lan munduan ahula da oraindik. Ahula da kontratazio baldintzak aztertzen direnean, eta baita lan mundua emakumearen premietara egokituta ez dagoelako ere. Hutsuneetariko bat kontziliazioaren eremuari dagokio.

Kontziliazioak oraindik ere asimetria nabarmenak ezkutatzen ditu, ez baita bakarrik emakumearen zeregina. Irabazpenek egokitzapen arazotsuak ezkutatzen dituzte sarri. Hortik etorri da aspaldian korresponsabilizazioren ikusmoldea. Baina, nolanahi ere, azken ikuspegi horrek oraindik ez du behar besteko hedadurarik, eta praktikan gure ingurunean eta gutariko bakoitzaren baitan oraindik pentsatzen da familia eta etxeko lanak bakarrik emakumearenak balira bezala. Horrek ekartzen ditu lanaldi bikoiztu eta hirukoiztuak ere.

Nolanahi ere, ikuspegi pragmatiko batetik kontziliazioaren premia erraztea garaipen bat litzateke, eta ez du bide erraza. Herenegun lana eta enplegua bereizi baditugu, kontziliazio neurriak artikulatzea ez da erraza izango, eremu pribatuak duelarik hemen lanik handiena eta asmorik txikiena. Eremu pribatuak publikoari alborikara begiratzen dio ea zer-nolako neurri ekonomiko lagungarria jarriko duen galdezka, baina arazo honi zentzuzko soluziobideak emateko gizarteak bere osotasunean erantzun behar du, ez soilik emakumeak edo instituzio publikoek. Azken finean, kontziliazioa posible egitea genero justiziaren inguruan gizarte aldaketa ahalbidetzea da.

Gaur arteko irtenbideek diskriminazioa areagotu dute, familia kargak normalean familiako edo familiaz kanpoko beste emakume batengana joan direlako: amamak, zaintzaileak, immigrariak… Beti konpontzen da edo doan edo modu oso prekarioan.

Kontziliazioaren arazoa bakarrik konpon liteke familia politika serio bat antolatuta. Gure gizarteek duten arazo erradikaletariko bat honako hau da eta: nork eta nola egingo du gure ama, amamek, historikoki, ordaindu gabe, egin izan duten lana? Lan horri esker baino ez dabil mundua.

Nahi gabe ere zenbait politikak desberdintasunak ezartzen dituzte; esaterako, politika fiskal edo dedukzioen bidez jokatzen denean, ekonomikoki sendoak diren sektoreak ahulak direnak baino hobeto tratatuak izaten dira eta. Beraz, enplegu eta enpresetan ezarri beharreko aldaketez gain, garrantzitsuenak, gehienetan, kontziliazioak guraso biak euren seme-alabei ahal den eta denbora nahikoena dedikatzea ahalbidetu behar du. Berdin beste era guztietako familia eretan. Beraz, besteak beste, denbora soziala familien premietara egokitu behar da, eta gizarte antolakuntza korresponsablea ezarri. Seguruenik garrantzizkoa da lan denborak txikitzea, baina hemen legoke guri legokiguna: lehendu kalitate handiko zentroetan umeen arreta publiko eta doakoa. Haur eskoletatik hasita hurrengo faseek eskatzen dutenera.

Edonola ere, jakin badakigu eta gero eta gehiago kezkatzen gaitu lan munduan emakumea kontratatu arriskutsu modura ikusten hasia dagoela. Gogoratu Mónica Oriolen hitzak edo beste zenbait ildo ideologikotatik emakumea berriro etxeratu nahi duten ahaleginek erakusten dutena. Honetan guztian, familia politika berri bat ezartzea ezinbestekoa da.

Bide erdia eginda dagoela dirudi. Gainontzekoak lana, ituna eta adostasuna eskatzen du.