KLIMA ALDAKETA

2005eko otsailaren 16an jarriko da indarrean Kyotoko akordioa

Nazio Batuen Erakundeak «historikotzat» jo duen egun horretatik aurrera, berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzeari jarritako mugak aintzat hartu beharko dituzte 128 estatu sinatzaileek, legeak behartuta

Erredakzioa
2004ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Atzerako kontaketa hasi zuen atzo Nazio Batuen Erakundeak: 89 egun barru legez lotuko ditu Kyotoko Protokoloan kide dituen 128 estatuak. Lurraren berotzea eta horren ondoriozko klima aldaketaren aurka borrokatzeko helburua du itunak. Errusiak NBEra bidaliriko berrespen agiriak jaso ondoren, ituna datorren urteko otsailaren 16an indarrean sartzea erabaki zuen atzo Kofi Annan nazioarteko erakundeko idazkari nagusiak.

«Urrats historikoa da hau munduak benetako arrisku global bati aurre egiteko bidean. Zera da garrantzitsuena: zalantza bolada luzea itxi duela», esan zuen atzo Annanek. «Protokoloa berretsi duten herrialdeak ituna indarrean sartu aurretik ere berotegi efektua eragiten duten gasak murrizten saiatu dira», esan zuen atzo NBEko buruak. «Orain horrela jokatzera behartuta daude legez», gaineratu zuen. Nairobin (Kenya) jaso zituen NBEko idazkari nagusiak Moskuk bidalitako paperak: Errusiak itunari emaniko berrespenaren agiri ofizialak, alegia. Zorionak eman zizkion Annanek Vladimir Putin Errusiako presidenteari, Kyotoko Protokoloa indarrean jartzea ahalbidetzeagatik.

Azkenean, bai

Irailaren 30ean protokoloa berretsiko zuela esan zuen Kremlinek, eta hari esker, aurrera atera da askok hiltzat jotzen duten akordioa. Ezinbestekoa zen Errusiaren sostengua, itunak aurrera egingo bazuen. Bi baldintza bete behar ziren Kyotoko Protokoloa indarrean jartzeko: alde batetik sinatzaileen %55ek berretsi behar zuten ituna. Bestetik, sinatzaile zerrendak berotegi efektua eragiten duten gasen %55en sortzaileak bildu behar zituen. Lehen baldintza gainditurik zegoen, 122 estatuk berretsia baitzuten akordioa. Bigarrena ez, ordea, 122 sinatzaile horiek karbono dioxido eta beste gasen emisioen %44 besterik ez zutelako ordezkatzen. Errusiak karbono dioxido guztiaren %17 aireratzen du. Kopuru hori ordura arteko sinatzaileen kopuruari gehituta, %55aren muga gainditu zen azkenean.

Teknologia berdearen aroa

Berotegi efektua sortzen duten gasen isuriak murrizteak euren ekonomiari kalte egingo diela argudiatu dute hainbat herrialdek ituna ez berresteko. Kyotoko Protokoloak ematen dituen negozio aukerak nabarmendu zituen atzo, ordea, Kofi Annanek. Teknologia berdeen alorrean aurrera egin duten enpresek euren produktu eta zerbitzuek merkatuan izango duten balioaren inguruko «mezu argia» jaso dutela esan zuen.

Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzeko 1997an eraturiko egitasmoa da Kyotoko Protokoloa. Petrolioa, ikatza eta gasa erretzeak sortzen duen karbono dioxidoa da Lurraren berotzearen erantzule nagusia. Berotzeak aurreikusterik ez daukan hondamendia ekar dezake, adituen esanetan. 2008. eta 2012. urteen bitartean 1990. urtean aireratzen zuten gas kopurua %5,2 gutxitzea hitzartu dute ituna sinatu dutenek. Europako Batasuneko herrialdeek %8 murriztu beharko dute, eta Japoniak %5. 1990. eta 2000. urteen artean %3 gas kutsatzaile gutxiago isuri zuten. Edonola ere, NBEren arabera, Europako lau herrialdek soilik beteko dituzte beren helburuak. Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Liechtenstein eta Monako dira ituna berretsi ez duten lau herrialde industrializatuak.Zientzialari gehienen arabera, protokoloaren helburuak txikiegiak dira eragina izateko. Berotegi gasak %60 eta %70 artean gutxitu beharko lirateke, klima aldaketa gelditu ahal izateko. Edonola ere, protokoloa garrantzitsutzat jotzen dute, oro har, negoziazio esparru orokorra sortzen duelako eta datozen urteotan isurketa murrizteko helburuak handitzeko aukera ematen duelako.

-

Zer aldatuko da otsailaren 16an?





Lege lotura: 30 herrialde industrializatu behartuta egongo dira, legez, berotegi efektua eragiten duten gasen emisio mugak betetzera.

Karbono merkatua: CO2aren nazioarteko merkatua abiatuko da. Herrialdeek «kutsatzeko kuotak» erosi eta saldu ahalko dizkiete elkarri.

Garapen garbia: Garatzeko bidean diren herrialdeetan isurketak mugatuko dituzten egitasmoak bultzatzeko Garapen Garbiaren Mekanismoa indar osoz hasiko da lanean.

Adaptatzeko dirua: 2001ean sorturiko Adaptazio Funtsa prestatzen hasiko dira garatzeko bidean diren herrialdeei klima aldaketak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko.

-

MERKATUAK



 

AEBetako konpainiak, itunera egokitzen





George Bushen gobernuak Kyotoko Protokoloa berresteari uko egin arren, Ameriketako Estatu Batuetako konpainia handiak itunera moldatzen ari dira eta karbono dioxidoaren isurketak jaisten ari dira. Beldurrak mugiarazi ditu enpresak. Izan ere, ituna berretsi duten herrialdeetan lantegiak jartzeko edo produktuak saltzeko trebetasuna gal dezaketelakoan dira konpainia batzuk,; General Motors eta Xerox, esaterako. Horrez gain, isurketak murrizten dituzten teknologien garapen eta salmentan atzera gelditzeko arriskua ikusi dute. Halaber, Kyotoko Protokoloak ezarritako mugak betetzen dituzten AEBetako enpresek ezingo dituzte CO2 gasa isurtzeko baimenak saldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.