PRENTSA ASKATASUNA

63 kazetari hil dituzte 2005. urtean; hamar urteotako daturik txarrena

Mugarik Gabeko Kazetariak taldeak balantzea egin du: 63 hildako eta gero eta eraso gehiago

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Dolu urtea» izendatu zuen Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak 2004a, munduan 53 kazetari hil zituztelako. 2005ari ez diote goibururik jarri, datuak aski adierazgarriak direlako: 63 kazetari hil dituzte, eta, beraz, urterik beltzena izan da prentsarentzat 1995etik. 1995ean 64 hil zituzten, 22 Aljerian, muturreko islamistek kazetarien aurka abiaturiko kanpainako urterik bortitzenean. Irak da azken hiru urteotan kazetarien hilobi nagusia. Joera areagotu egin da 2005ean. Edonola ere, prentsa askatasunaren aurkako erasoak mundu osoan ugaritu direla ondorioztatu du Mugarik Gabeko Kazetariak taldeak.

-Hilketak: Vietnamgo gerra osoan baino kazetari gehiago hil dituzte dagoeneko Iraken. Denera 76 erreportari edo hedabideetako laguntzaile hil dituzte, erresistentziaren erasoetan zein okupatzaileek tirokatuta. Uael Al Bakriren kasua gogoratu dutaldeak. Al Bakri telebista arabiar bateko langilea zen, eta Ameriketako Estatu Batuetako Armadak hil zuen, Bagdaden. Beste bi kazetari hil zituzten estatubatuarrek iaz.

Filipinetan zazpi kazetari hil zituzten denera 2005ean. Taldearen arabera, hilketen bultzatzaileak ez dira talde armatuak, baizik eta politikariak, enpresaburuak eta trafikatzaileak. Legez kanpoko praktikak ezkutatzeko hil zituzten kazetariok, eta zigorgabetasuna da nagusi. Edonola ere, zigorra ezarri zioten 2002. urtean hil zuten Edgar Damaleiro kazetariaren hiltzaileari. Asiako beste hainbat herrialde nabarmendu ditu taldeak; besteak beste, Afganistan, Bangladesh, Nepal, Pakistan eta Sri Lanka.Libanon gertaturiko erasoak ere ekarri dituzte gogora txostenean. An Nahar egunkariko bi buru hil zituzten bi erasotan, eta LBC telebista kateko kazetari bat zauritu zuten, bonba auto baten bidez.Afrikan, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Sierra Leonako eta Somaliako kasuak nabarmendu dituzte txostenean. Amerikan, Mexikon gertaturiko bi hilketa gogoratu dituzte. Trafikatzaileen mafien inguruko ikerketak egiteagatik hil zituzten kazetariok.Antzeko zioak daude Errusian eta Bielorrusian eginiko hilketen atzean, erakundearen txostenaren arabera.

-mehatxuak: 2005ean kazetarien aurkako 1.300 eraso edo mehatxu zenbatu zituen erakundeak. Edonola ere, Mugarik Gabeko Kazetariak atzo igorritako txostenean ez dute aipatu Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushek Al Jazeera telebista arabiarra bonbardatzeko ustez eginiko mehatxua. Edonola ere, Bangladesh eta Nepalen «egunero gertatzen diren erasoak» nabarmendu ditu. Egipto eta Azerbaijanen hauteskunde kanpainetan dozenaka eraso pairatu zituzten kazetariek, batez ere manifestazioak edo bozketak jarraitzen ari zirenean. Nigeria eta Perun, poliziek eta militarrek 50 bat kazetari jipoitu zituzten. Batez ere, hiriburutik kanpo gertatzen dira erasoak, baina Liman eginiko bat nabarmendu dute txostenean. Apirilean Peruk Espainian duen enbaxadoreak Bettina Mendoza kazetaria zauritu zuen, bera elkarrizketatzen saiatu zelarik.

gkartzela: Kazetariei ezartzen dizkieten espetxe zigorrak gero eta luzeagoak dira. 2006ko urtarrilaren 1ean, 126 kazetari zituzten preso 23 herrialdetan. Yu Dongyue kazetari txinatarraren kasua nabarmendu du Mugarik Gabeko Kazetariak taldeak. Dongyue1989. urtetik dago preso, Tiananmengo plazako hilketak gertatu zirenetik. Tratu txarrak direla-eta kazetaria erotu egin dela diote. Txinan 32 kazetari dituzte preso. «Horren atzetik, Kubak du kazetari gehien kartzelan», dio Robert Menardek zuzentzen duen erakundearen txostenak. 24 dituzten Kuban preso, ia guztiak 2003. urtetik.

Mugarik gabeko Kazetarien txostenak ez du aipatzen Judith Miller Ameriketako Estatu Batuetako kazetarien kasua. Millerrek 85 egun izan zuten preso, CIAko espioi baten inguruko informazioa nork eman zion esan zuen arte. Birmanian, Libian eta Eritrean preso dituzten kazetarien berri ematen du agiriak.

-zentsurak gora: Asko areagotu dira zentsura kasuak 2005ean, batez ere Nepalgo salbuespen egoeraren harira. Albisteak ematea debekatu diete irratiei, Interneteko guneak blokeatu dituzte eta hainbat hedabideren tresneriak bahitu dituzte Nepalen. Bielorrusia eta Kazakhstanen egunkariak itxi dituzte agintariak kritikatu dituztelako.

-Internet: Tunisia eta Irango gobernuek Interneten ezartzen duten zentsura nabarmendu du erakundeak. 2004 eta 2005eko uda artean hogei bat blogari baino gehiago pasatu dira Irango kartzeletatik. Egun, 23 urteko bat daukate preso. Txinan 62 «ziberdisidente» daude espetxean; Vietnamen eta Sirian, bana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.