Brasilgo Fiskaltzak ikerketa abiatu du Amazoniako hiru herritako biztanleen salaketaren harira. Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile talde batek «giza akuri» gisa erabili ondoren, malariaz kutsatu direla salatu dute. Gaitza kutsatzen dituzten eltxoak euren odolarekin elikatzera behartu zituzten soldata baten truke, eta gaixotu zirenean bertan behera utzi zituztela esan dute. Brasilgo zientzialarien arabera, ez da kasu bakarra.Floridako (AEBak) Unibertsitatea ari da lau urteko ikerketa egiten. AEBetako Osasun Institutu Nazionalak diruz lagunduta, malaria kutsatzen duen eltxoaren elikadura ohiturak aztertzen ari dira. Ikertzaileek Brasilgo iparraldeko Amapa estatura jo zuten, saioak egiteko.Sao Raimundo da Pirativa, Sao Joao eta Santo Antonioko 12 herritarrei lau euro ordaintzen zieten sei orduko txandetan besoak eta hankak erabiltzeko eltxoak erakartzeko, bederatzi gauez jarraian. Kontratu bat sinarazi zieten herritarrei. Klausuletako batek honela zioen: «Boluntario gisa aurkeztuko zara 100 eltxo elikatzeko besoarekin edo hankarekin, markatze ikerketak egiteko. Urtean bitan gertatuko da hori».Batzuen gorputzean eltxoak harrapatzen zituztenean, kutxa batean sartu eta besteen besoetan jartzen zituzten, haien odolez elika zitezen. «Mina egiten zuen, jendeak altxatu behar izaten zuen zomorroaren ziztada jasan ezinik», esan du Francisco Mendes nekazariak.Sao Raimundo da Pirativa herriak 150 biztanle ditu, «beltzak», Brasilgo hedabideen arabera. «Goseak dagoen jendea da, eta jasotzen zen dirua ez zen heltzen botikak erosteko. Ez genuen etekinik atera», esan du komunitateko buru Maria Siqueirak. Asko jota 38 euro ateratzen zituzten hilero. Gutxienez hiru malariaz kutsatu ziren.
Ikerketa abian
Brasilgo Senatuko Giza Eskubideen Batzordeak ikerketa egiteko eskatu dio Fiskaltzari. Amapa estatuko fiskalak, Haroldo Francok, informazioa emateko eskatu zien ikerketaren antolatzaileei. «Giza beita bezala erabili zituzten, eta gero akuri gisa. Ikertzaileok inoren bizia arriskuan jartzeko eskubidea duten da kontua».
Klima aldaketaren harira, gero eta iparralderago zabaltzen ari da malaria, eta herrialde aberatsetako osasun agintariak gero eta interes handiagoa dute gaitzan.Floridako Unibertsitateko ikerketaren buruak, Robert Zimmermanek, saioak defendatu ditu, eta inor malariaz kutsatu zela esatea «gezur biribila» dela adierazi du: «Ez dago hori esateko frogarik. Malaria dute, gaitza endemikoa den leku batean bizi direlako». Gizakiak eltxoak elikatzeko behin bakarrik erabili zituztela dio.Gaixoak abandonatu dituztela ukatu du, bestalde, saioak zuzendu dituen ikertzaileak, Allan Kardecek: «Hiru kasu larrietan, kliniketara bidali ditugu gaixoak». Kutsatu ondoren saioetan parte hartzeari uko egin zion Adelson Ribeirok eta, salatu duenez, joan zenenetik ez diote inongo tratamendurik eman.Egitasmoari oniritzia eman zion 2001ko urrian Brasilgo Medikuntza Batzordeak. Orduan ez zuten aipatu herritarrei eltxoen ziztadak jasatea eskatuko zietela diru truke. Hala esan du batzordeko aholkulari batek, Gyselle Saddi Tannousek. «Ez zegoen horretarako baimenik. Hori esplotazioa da», adierazi du. Izan ere, Brasilgo legeak espresuki debekatzen die atzerriko zientzialariei ikerketanparte hartzen dutenei ordaintzea. Kardec ikertzailearen arabera, arrazoi politikoak direla-eta egin dituzte salaketak: «Gure lana zapuzten saiatzen ari dira. Kontu politikoa da».Haatik, hau ez dela kasu bakarra eta Amazoniako herritarrak akuri gisa askotan erabiltzen ari direla esan du Amapako Unibertsitate Federaleko zientzialari Jose Carlos Tavaresek.Ikerketan parte hartu duen Pinto Ribeiro nekazariak honela laburbildu du afera: «Ez du merezi izan, malaria da irabazi dudan guztia».
AEBetako ikertzaileek Brasilgo txiroak akuri gisa erabili dituzte
Malaria kutsatzen duten eltxoak euren odolarekin elikarazi zituzten, eta gero «abandonatu», gaixotu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu