Afrikan lehen pertsona hil da hegazti gripearen eraginez, Egipton. 30 urteko emakume bat izan da biktima, Amal Mohamed Ismail, Qaliubiya eskualdekoa. Hegazti gripearen kontrako neurrien ondorioz, galarazita dago egun Egipton etxaldeetatik kanpo, etxeetan, hegaztiak haztea, baina, Egiptoko agintarien arabera, emakume honek hegaztiak hazten jarraitu zuen, eta haiek kutsatu zuten. Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) oraindik ez du baieztatu kasua, prozesu luzea jarraitu behar izaten baitu horretarako. Baina Egiptoko Gobernuko agintariek dudarik ez dela esan zuten, bi laborategik baieztatu dutela emakume hau H5N1 birusak hil zuela. Telebista publikoko emisioa eten zuten albistearen berri emateko.
Egiptoko agintarien arabera, emakume honek etxeko teilatuanhazten zituen hegaztiak. Orain bi aste hilda aurkitu zituen batzuk, eta gainerakoak berak akabatzea erabaki zuen. Agintariei ez zien gertatutakoaren abisurik eman, eta handik gutxiraondoezik sentitzen hasi zen. Erietxera joateko denbora eman zion. Asteazken honetan joan zen, baina ordurako oso gaixo zegoen, eta ostiral goizean hil zen. Medikuen arabera, gainera, hasiera batean ez zuen onartu hegazti eriak hurbil izan zituenik, eta horrek zaildu egin zuen tratamendua, nahi baino beranduago hasi ziren Tamiflu botika ematen. Orain haren senarra eta seme-alabak aztertzen ari dira, badaezpada ere, baina oraingoz ez dute sintomarik.Ofizialki otsailaren 18an onartu zuten Egiptoko agintariek hegazti gripea bertara iritsi zela. Ordutik, bizkor zabaldu da: Egiptoko 18 probintziatan agertu dira hegazti kutsatuak.
Israelgo eriek ez dute hegazti griperik
Israelen ostiralean erietxera eraman zituzten lau lagunek, berriz, ez dute hegazti griperik. Hegazti kutsatuak agertu diren etxaldeetako langileak dira guztiak, eta hegaztien kutsadura izan zezaketela pentsatzen zen, baina Israelgo Osasun Ministerioko ordezkariek atzo esan zutenez, analisiek negatibo eman dute.
Israelen, mementoz, hiru tokitan agertu dira hegazti gripeak jotako hegaztiak, eta milaka hegazti akabatu beharrean aurkitu dira. Oraindik ere ez dute baieztatu agertu den birusa gaitzaren aldaerarik erasokorrena den, H5N1a. Jordanian, Israelen hegazti gripea agertu dela eta kezkatuta, «alerta» deitu dute agintariek. Asteartean zuten hegazti gripeaz hitz egiteko bilera, baina inguruko herrialdeetan gaitza bizkor zabaltzen ari dela ikusita, atzo bertan egin zuten.
Kasu gehiago
Eta gaitzak zabaltzen jarraitzen du. Atzo, esaterako, Danimarkako agintariek Aeroe uhartean bederatzi ahate gripeak hilda agertu zirela esan zuten. Ez dakite H5N1a zuten.
Afrikan lehen aldiz H5N1ak pertsona bat hil du, Egipton
Egiptoko agintariek atzo eman zuten hegazti gripearen kasu honen berri, 30 urteko emakume bat hil dela esanez; Osasunerako Mundu Erakundeak baieztatzea falta da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu