Eliza Katolikoko bederatzi emakume apaiz eta diakono ordenatu zituzten ezkutuan astelehenean, Ottawa (Kanada) inguruko ibai batean. Bederatzi emakumeetatik lau apaiz edo presbitero izendatu zituzten eta beste bostak, diakono. Diakonoa, Eliza Katolikoan, orden sakramentua hartu duen eta apezpikuaren eta presbiteroaren azpiko maila duen pertsona da.
Bederatzi emakume horiek zazpi estatubatuar, kanadar bat eta alemaniar bat ordenatu zituzten zeremonia hiru emakume gotzainek egin zuten. Hiru emakumezko gotzain horietatik bi, Austriako Mayr-Lumetzberger eta Alemaniako Gisela Forster, modu ez-ofizialean izendatu zituzten gotzain, 2003. urtean. Vatikanoak eskumikatu egin zituen 2002. urtean apaiz ordenatu zituzten zazpi emakume. Izan ere, Eliza Katolikoak ez du onartzen emakumeak apaiz izatea.Apaiz eta diakono izendatzeko zeremonia Thousand Islander III txalupan egin zen, St Lawrence ibaian. Ibai hori Kanada eta Estatu Batuen artean dago, eta berez, nazioarteko uretan dago. Ondorioz, elizbarrutien jurisdikziotik kanpo dago, eta hain justu ere, horrexegatik erabaki zuten ordenazioa han egitea.Regina Nicolosi diakono egin duten emakumeetako bat da.Izendapena baliagarria dela dio Nicolosik, nahiz jakin horrekin Eliza Katolikoaren lege bat hautsi dutela. «Lege hori bidegabea da», esan zuen horren harira. Nicolosik teologia ikasketak egin zituen St Thomas unibertsitatean, eta egun, Emakumeen Ordenazio Konferentziako presidenteordea da. Elkarte hori Estatu Batuetan sortu zen, 1975. urtean, eta gay eta lesbianek elizan parte hartzeko eskubidea izan dezatela aldarrikatzen dute, besteak beste.Oraingoz Vatikanoak ez du ezer esan asteleheneko ordenazio zeremonia horren inguruan. Hala ere, orain arte jarrera gogorra erakutsi dute beti. Hala, 2002an ordenatu zituzten zazpi emakumeak Eliza Katolikoaren Doktrinarako Kongregazioak eskumikatu zituen, Joseph Ratzingerren aginduz. «Elizaren jainkozko egituraren aurkako erasotzat» eta «emakumeen duintasunaren aurkako erasotzat» hartu zuen ekimen hura Joseph Ratzingerrek, pasa den apirilean aita santu izendatu zutenak. Ratzingerrek Benedikto XVI. izena aukeratu zuen bere agintaldirako.
EMAKUMEA. ELIZA KATOLIKOA
Apaiz eta diakono ordenatu dituzte bederatzi andre ezkutuan
Vatikanoak eskumikatu egin ditu orain arteko emakumezko apaizak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu