Hoodia metro bateko altuera hartzen duen kaktusa da. Belar sendagarria, farmazia industriak jakinarazi duenez.Boskimanoek gizateriako etniarik zaharrena dela esan izan da, lehen homo sapiens-ak direla gosea eta egarria kentzeko erabili izan dute hoodia, ur bila egiten dituzten ibili luzeetan. Orain 30 urte arte eurek bakarrik zekiten landare horren berezko propietateen berri. Hegoafrikako Errepublikako Armadak Kalahariko lurrak okupatu zituenean, 70eko hamarkadan, ezagutu zuen farmazia industriak.
Hegoafrikako Zientzia eta Industria Ikerketarako Batzordeak (HZIIB) landarearen osagai aktiboa sintetizatu eta ondorio kaltegarririk eragiten ez duela ikusi ostean, patentatu egin zuen, P-57 izenez. 1995ean izan zen hori. Handik urte gutxira P-57 botikatarako erabiltzea hitzartu zuen Hegoafrikako Zientzia eta Industria Ikerketarako Batzordeak Phytopharm farmazia konpainiarekin. Akordio horren arabera, Erresuma Batuko farmazia konpainiak argaltzeko pilulak egiteko osagai moduan erabiliko zuen hoodia. Baina ez zen hor bukatu hoodia landarearen gaineko auzia. Phytopharmek, Pfizerri Viagra botikaren ekoizlea saldu zizkion landarearen erabilera eskubideak, 30 milioi dolarren truke.
Erabakia ez zen boskimanoen gustukoa izan. Adineko Boskimanoen Kontseiluak gogor egin zuen Hegoafrikako Zientzia eta Industria Ikerketarako Batzordearen kontra, hoodia landarearen irabaziak banatzeko orduan boskimanoak kontuan hartu ez zituztela arrazoituz. Boskimanoek abokatu bat hartu eta auzitara eraman zuten batzordea.
«Boskimanoek 10.000 urtez erabili dute hoodia landarea gosea eta egarria kentzeko». Horixe Roger Chennels abokatuak Hegoafrikako Zientzia eta Industria Ikerketarako Batzordearen kontra egiteko erabili zuen argumentua. Arrazoizkoa iruditu zitzaion nonbait HZIIBri argudio hori, eta handik gutxira batzordeak barkamena eskatu zien boskimanoei. HZIIBk adierazi zuen bere asmoa ez zela izan boskimanoak bazter uztea, baina proiektua osatu bitartean «isilean» gorde nahi izan zuela nabarmendu zuen. Zortzi hilabeteko negozazioen ostean, akordio batera iritsi ziren bi aldeak. Hegoafrikako Zientzia eta Industria Ikerketarako Batzordeak «indigenen ezagutzaren zaindari» izendatu zituen boskimanoak, eta haiek, berriz, Hegoafrikako erakundearen «lorpen zientifikoak» onartu zituzten.
Irabazien banaketa
HZIIBk P-57aren patentea saltzean lortutako irabazien %8 10 milioi dolar inguru boskimanoei ematea onartu zuen, datozen lau urteetan.
P-57ak kontrol kliniko guztiak gainditzen baditu, Pfizerrek irabazi handiak lortuko dituela aurreikusi du farmazia industriak berriki. Hala ondorioztatu dute gizentasunaren kontrako botikek urtean ematen dituzten irabaziei erreparatuta Estatu Batuetan, 3.000 milioi dolarreko irabaziak izaten dira urtean.
Pfizerrek, ondo bidean, 2008. urtean merkaturatuko du botika. Orduan, Phytopharmek pribilegio eskubideen truke HZIIBri ordaindu beharreko diruaren %6 jasoko dute boskimanoek. Diru hori eurek izendatutako administratzaile baten esku utziko dute boskimanoek, eta «lurrak erosteko eta boskimano gazteak hezteko erabiliko da», Chennels abokatuak jakinarazi duenez.
Hegoafrikako Gobernuak «eredugarritzat» jo du HZIIBk eta boskimanoek lortu duten akordioa: «Garapen bidean dauden herrialdeek sarri egiten dute topo arazo hauekin. Ez da erraza aborigenek urteetan gorde dituzten ezagutzen ondorioz lortutako irabaziak modu zuzen batean banatzea. Boskimanoek eta HZIIBk lortu duten akordioak eredu behar luke izan».
BOSKIMANOEN AURKAKO KANPAINA
Lurrik gabe bizitzera behartu ditu Hegoafrikako Gobernuak
Botswanako Gobernuak jarrera aldatzen ez badu, etorkizun iluna izango dute boskimanoek Kalahari Erdiko Ehiza Erreserban. 1960ko hamarkadan Erresuma Batuko Gobernuak boskimanoak bizi ziren lurraldea erreserba izendatu zuen arren, orain Gobernuak lur horiek Billiton enpresari saltzea erabaki du. Ondorioz, herritar gehienek euren etxeak utzi behar izan dituzte. Arrazoia: bertan dauden diamante meatzeak. Gobernuak ez du onartu nahi lur horiek boskimanoenak direnik, nahiz eta nazioarteko legedian hala onartu den. Boskimanoenaurkako kanpaina ofizialki 1998an amaitu zen arren, duela bi urte han gelditu ziren herritar apurrak bidali ahal izateko Gobernuak ur eta elikagai horniketak eten zituen. Horrez gain, herrian zegoen ur putzu bakarra suntsitu zuen. Bestalde, euren baliabide naturalak ere mugatu egin dizkiete, eta ehizatzea debekatu. Baimena duten kasuetan soilik ehizatu dezakete, eta urtean, gehienez, hiru antilope harrapa ditzakete. Turistek, baina, ez dute baimenik behar ehizatu ahal izateko.