ARGI ALDIAN. Betiko polietilenoa

Marian Iriarte.
2006ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Polietileno izena gutako gehienontzat izen arrunta da. Zer den bi hitzetan esateko polimero bat dela esango genuke, hau da, etengabe errepikatzen den unitate batek osatutako materiala. Polietilenoaren kasuan errepikatzen den unitatea etilenoaren eratorria denez, hortik bere izena. Baina izen hori esaten dugunean ez gara material bakarraz ari. Izen beraren azpian oso propietate ezberdinak izan ditzaketen materialak dauzkagu. Nahiz errepikatzen den unitatea berbera izan, badira kontuan hartu beharreko beste parametro batzuk, hala nola, zenbat aldiz errepikatzen den unitate hori (kimikarion hizkuntzan bere pisumolekularra hain zuzen ere), edo errepikatuz formatu diren kateak linealak, adarkatuak edo elkarren artean lotutakoak ote diren adibidez. Parametro hauen arabera polietileno ezberdinak ezagutzen dira merkatuan, pisu molekular baxuko polietilenoa, dentsitate baxuko polietileno lineala (LLDPE), dentsitate altuko polietilenoa (HDPE), pisu molekular oso-oso altuko polietilenoa (UHMWPE), ..... Elkarren artean oso ezberdinak dira eta euren propietateak ere asko aldatzen dira batetik bestera. Adibidez, denok erabiltzen ditugun supermerkatuetako plastikozko poltsa arruntak polietilenoz eginak daude, dentsitate baxuko polietilenoz hain zuzen ere (LDPE), baina ontzietan eta botiletan erabiltzen dena dentsitate altukoa da (HDPE), eta pisu molekular oso-oso altua duena (UHMWPE) medikuntzan inplanteak egiteko ere erabiltzen da. Beraz, garbi dago jatorrian guztietan unitate berbera errepikatzen bada ere, unitate horiek nola jartzen diren eta egitura zein den oso garrantzitsuak direla.

Polimeroen beste propietate garrantzitsu bat beroaren aurrean duten portaera da. Plastiko edo polimero asko berotutakoan bigundu egiten dira eta erraz moldea daitezke. Orain arte aipatutako polietilenoaren adibide horiek honelakoxe portaera dute eta termoplastikoak direla esan ohi da. Baina badira polimeroak beroaren aurrean bere horretan mantentzen direnak, bigundu edo jariatu gabe, hauei termoegonkorrak esaten zaie. Era bateko edo besteko portaera izatea materialaren egituran bilatu behar da: termoplastikoetan errepikatzen den unitateak kateak osatzen ditu, baina kate horiek elkarren artean lotu gabe daude, espageti egosi batzuen modura, katramilatuta baina loturarik gabe. Termoegonkorren kasuan berriz kateen artean lotura sendoagoak daude eta gure espagetiak katramilatuaz gain, elkarrengandik ezingo ditugu askatu.

Polietilenoaren beste aldaera interesgarri bat duela gutxi merkatura atera den polietileno termoegonkorra da, hau da, polietilenozko kateen artean lotura sendoak daude, apurtuko ez direnak. Eman zaion izena Pexgol izan da. Zein da bere erabilerarik garrantzitsuena? Gaur egun hodiak egiteko erabiltzen ari da. Industria kimikoa etengabe ari da material berriak bilatzen betiko hodi metalikoak ordezkatu ahal izateko eta hauek dakartzaten arazoak ekiditeko, herdoila, ihesak loturetan, etengabeko pintatu eta behar bezala mantendu beharra, ..... Polietileno arrunta egokia izan zitekeen hodietan erabilia izateko, malgua da eta korrosioaren aurrean portaera sendoa dauka, baina baditu beste arazoak: erraz zartatzen da eta ezin da 40&fraq14;C-tik gora erabili. Aldiz, merkatura atera berria den polietileno sareatuak, termoegonkorrak, oso propietate onak aurkezten ditu. Tenperatura altuak jasaten ditu, oso egonkorra da eraso kimikoen aurrean eta urraduraren aurrean, .... Honek guztiak hodi hauek beste arlo askotan erabili ahal izatea dakar ondorio. Gaur egun Pexgol-ez eginiko hodiak jariakin asko garraiatzeko erabiltzen dira, aire konprimatuko sistemetan, berotze kolektiboko sistemetan, birfindegietan eta erregaiak garraiatzeko, ...

Beraz, aspaldidanik ezaguna zen oinarrizko egitura berbera mantenduz industria kimikoak oso material ezberdinak lortzeko aukera ematen du etengabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.