ARRANTZA

Arraste arrantza mugatu dute, hondoa babesteko

Orain arteko itsas eremu zabalena babestu dute Alaskan, milioi bat kilometro koadrokoa; Estatu Batuetako itsas hondorik aberatsena dela diote zientzialariek

DONOSTIA
2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Itsas hondoko ekosistemak babesteko borrokan «garaipen historikoa» lortu zuten joan zen ostiralean ozeanoak babesteko erakundeek. Izan ere, Alaskako Aleutiana uharteetako itsas eremu zabal batean arrasteko arrantza debekatzea onetsi zuen Pazifiko Iparraldeko Arrantza Kudeatzeko Batzordeak, aho batez. Ia milioi bat kilometro koadroko eremua babestu dute, Texas eta Kaliforniak osatzen dutenaren tamainakoa edo Txina bestekoa.

Zientzialariek urte asko egin dituzte Aleutiana uharteetako ekosistemak aztertzen, hango itsasoko espezieak behatu eta identifikatzen. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako itsas eremu aberatsena da hura, gutxien hondatutakoa. Zientzialarien arabera, 450 arrain espezietik gora bizi dira han, eta hango koralezko arrezifeak eta gorgonien eta belakien koloniak mundu osoko «garrantzitsuenak» dira. Aleutianetako koralezko arrezifeak, esate baterako, oihan tropikalekin alderatu izan dituzte sarri zientzialariek. Arrezife horietan 800 espezietik gora bizi dira. Koralak eta gorgonia eta belakien koloniak oso dira garrantzitsuak, habitatak sortzen dituztelako. Haietan ugaldu eta elikatzen dira gero guk jaten ditugun espezie asko.Aberastasun hori hango arrantzaleei zor diegu, hein handi batean. Aleutiana uharteetako aborigenei. Aleutsak indigena leinuetako bat, adibidez, arrantzatik bizi izan dira beti, baina itsas hondoko ekosistemak zaintzen jakin dute. Behar zena arrantzatu dute, ez gehiago.Azken urteotan, baina, arraste arrantza indar handia hartzen ari zen inguru hartan, eta bertako arrantzaleak eta ozeanoak babesteko erakundeak kezkatuta zeuden. Hala, duela urtebete inguru arraste arrantza mugatzeko eskatu zien Oceana erakundeak hango agintariei. Alaskan ez ezik, Alemanian ere aurkeztu zuten egitasmo hori, koralen inguruko konferentzia zientifiko batean. Arrastekoa arrantza modu suntsigarriena zela argudiatu zuen Oceanak, eta hura debekatu ezean espezie asko betiko galduko zirela. Ordura arte egindako ikerketetako emaitzak eman zituzten horren adierazgarri.Eta Pazifiko Iparraldeko Arrantza Kudeatzeko Batzordeak aintzat hartu du ohartarazpen hura. Hala, arraste ontziak debekatuta edukiko dute babestutako eremuko zati handi batean arrantzatzea. Era berean, tretzen eta sare finkoen erabilera ere mugatu dute, 380 kilometro koadroko itsas eremuan. Eremu horretan belaki kolonia handiak bizi dira. Itsas hondoko bioaniztasuna zaindu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.