Artizarra Eguzkiaren aurretik igaroko da gaur

Azkenengoz 1882. urtean pasatu zen Artizarra planeta Lurraren eta Eguzkiaren artetik; gertakari hori munduko alde askotatik ikusi ahalko da gaur, baina ondoen, Europatik

2004ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Eguraldi ona egiten badu, Artizarraren Iragaitea fenomeno astronomikoaz gozatzeko aukera izango dugu gaur, egunsentitik eguerdira bitartean. Artizarra Lurraren eta Eguzkiaren artetik igaroko da, orain 121 urte egin zuen bezala. Gertakari hori munduko alde askotatik ikusi ahalko da, Jon Andoni Goneta Arantzadi Zientzia Elkarteko kideak Berriari azaldu dionez; nolanahi ere, Europatik ikusiko da ondoen.

Euskal Herriko zientzia museoetan, unibertsitateetan eta behatokietan dena prest dute Artizarraren Iragaitea ikusteko. Donostiako Zientziaren Kutxagunean, esate baterako, Artizarraren Iragaitea zer den eta nola gertatuko den azaltzen den erakusketa bat antolatu dute, eta gaur ere egun osoan emango dituzte fenomeno horren inguruko azalpenak.Ez da fenomeno bereziki ikusgarria, baina bai bitxia, Gonetaren esanetan: «Berez, Artizarra planeta Lurraren eta Eguzkiaren artetik igarotzea besterik ez da; ez da Eguzki eklipsea bezain ikusgarria izango, beraz. Hala ere, halako bat ikusteko izango dugun aukera bakarra izango da guretzat». Igarotzea 07:20ean hasiko da, eta sei ordu iraungo du, gutxi gorabehera. Lurretik puntu beltz bat ikusiko dugu Eguzkiaren aurretik pasatzen. «Eguzkiaren diskoak 30 minutuko angeluko diametroa du, eta Artizarrarenak, berriz, minutu batekoa. Artizarraren diskoa, beraz, Eguzkiarenaren hogeita hamarren bat izango da, eta horregatik puntu beltz txiki hori», azaldu digu Gonetak. Eguzkia, Artizarra eta Lurra lerro berean jartzen direnean gertatzen da fenomeno astronomiko hau; oso noizean behin. Izan ere, Lurraren eta Artizarraren orbitak ez daude maila berean. Okerdura hori 3,4 gradukoa dela eta, gehienetan, Artizarra Eguzkiaren gainetik edo azpitik pasatzen da, eta horregatik ez da Lurretik ikusten. Lerro berean jartzen direnean, gertatzen da Artizarraren Iragaitea. Azkenengoa 1882ko abenduan izan zen, eta hurrengoa zortzi urte barru izango da, 2012. urteko ekainaren 6an. Hala ere, 2117. urteko abenduaren 11ra arte ez dugu fenomeno honetaz gozatzeko aukerarik izango hemen, Euskal Herrian. Izan ere, 2012. urtean, gauez igaroko da Artizarra Lurraren eta Eguzkiaren artetik.Eguzki sistemako planetatik Merkurio eta Artizarra bakarrik dira Eguzkiaren aurretik pasa daitezkeenak, Lurretik baino gertuago daudelako Eguzkitik. Hala ere, fenomeno berdina izan arren, Merkurioren iragaitea ez da Artizarrarena bezain ikusgarria izaten. Kontua da Merkurio Lurretik askoz urrutiago dagoela eta, gainera, Artizarra baino askoz txikiagoa dela. Horregatik, lurretik ikusten den puntu beltza askoz txikiagoa izaten da Merkurioren kasuan. Bestalde, Merkurioren Iragaitea Artizarrarena baino sarriago ere izaten da. Azkenengoz, esaterako, iaz pasatu zen Merkurio Lurraren eta Eguzkiaren artetik. Ilargia ere igaro daiteke Lurra eta Eguzkiaren artetik, baina horri eklipsea esaten zaio. «Artizarraren Iragaiteak, bestalde, Merkuriorenak baino historio luzeagoa ere badu, eta horrek ere ematen dio xarma», Garrantzi handiko fenomenoa da Artizarraren Iragaitea. Izan ere, XVIII. mendean Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia kalkulatu ahal izan zuten egindako behaketekin.

Behaketa arriskutsuak

Gaur jendeak egin ditzakeen behaketekin kezkatuta daude zientzialariak. Izan ere, Eguzkiari zuzenean begiratzeak begiko lesio larriak eragin ditzake, baita itsutasuna ere: «Minutu batez zuzenean Eguzkiari begira egotea nahikoa da itsu gelditzeko. Teleskopio baten bitartez begiratzen badiogu, berriz, segundo gutxi batzuk nahikoak lirake ikusmena galtzeko».

Horren harira, Eguzkiari zuzenean begiratzeko, horretarako prestatutako tresnak erabili behar direla ohartarazi du Gonetak. Onena teleskopio edo prismatiko batzuen bitartez hartutako Eguzkiaren irudia pantaila edo orri zuri batean proiektatuta ikustea dela esan digu Gonetak. Internetez ere jarraitu ahalko da, baina, Artizarraren Iragaitea. Horretarako link ugari aurki ditzakegu DonostiakoMiramongo Zientziaren Kutxagunearen web orrian (www.miramon.org) edo Iruñeko Behatokiarenean (www.pamplonetario.org).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.