GENETIKA

Barra kodez sailkatu asmo dute munduko espezie oro

25 herrialdetako zientzialariek egitasmo bat abiatu dute, bizidunen fitxategi genetikoa eratzeko

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hegaztiak, ugaztunak, arrainak, landareak eta beste organismo guztiak «fitxatzeko» egitasmo erraldoia abiatu zuten atzo 25 herrialdetako zientzialariek. Bizitzaren Barra Kodea deituriko egitasmoak bizidunen espezie guztiak fitxategi batean bildu nahi dituzte. Bultzatzaileen arabera, egitasmoak asko azkartuko du munduan diren milioika animali eta landare espezie ezezagunak aurkitzeko prozesua eta laguntza handia emango die agintari eta zientzialariei.

«Hona gure ametsa: sei urteko haur bat kalean dabil, poltsikotik orrazi honen tamainako tresna bat ateratzen du eta lurrean aurkituriko txindurria botatzen du barrura», esan zuen atzo Londresen Daniel Janzen Pennsylvaniako unibertsitateko ekologia irakasleak. Janzenen ametsean makinak berehala esaten dio haurrari txindurria zein ordena, familia eta espezietakoa den.Horra heltzeko, egun ezagutzen diren 1,7 milioi espezieekin hasiko dira. Edonola ere, munduan 10-30 milioi espezie daudela uste dute zientzialariek. Beraz, soilik bosten bat sailkatuko dituzte. Bizidunen Barra Kodea Egiteko Nazioarteko Konferentzia abiatu zuten atzo Londresen. Bertan bilduriko zientzialarien arabera, egitasmoak asko bultzatuko du espezie ezezagunak aurkitzeko prozesua.Hori ez da, edonola ere, honen helburu nagusia. Teknologia berriaren laguntzarekin, orain animalia edo landare asko zer den jakiteko behar izaten den denbora gutxitzea da zientzialarion ametsa. Honek aukera emango luke, esaterako, eraikuntzan erabilitako egurra arriskuan den zuhaitz tropikal batetik atera ote duten jakiteko, edo saltokian erositako arrain zerrak zer diren zehazki jakiteko. Aduanetan, esaterako, bidea emango luke izurriteak eragiten dituzten zomorroak identifikatzeko, eta gaixotasunak sortzen dituzten mikrobioak azkar ezagutzeko, osasun zentroetan. Egitasmoaren sustatzaileen arabera, betiere, bioaniztasunaren inguruko informazioa emango luke fitxategi genetikoak, munduan dauden espezien arteko harremanek nola funtzionatzen duten hobeto ulertzeko.

Bizidunen «matrikula»

Hainbat urte beharko dituzte ezagutzen diren espezie guztien barra kode genetikoa sortzeko. Egitasmoan mitokondrioetako DNAren zati txiki bat erabiliko dute: c oxidasa 1 (Cox1) deituriko genea, hain zuzen ere. Bizidun guztien metabolismoan parte hartzen du gene horrek, baina kode apur bat ezberdina du bakoitzean. Cox1 geneari esker baieztatu dute zientzialariek, esaterako, Indonesiako orangutanak bi espezie direla, eta gizakiak elkarrengandik DNA kodeko bi «hitzetan» bereizten direla soilik, 648tatik. Txinpantzeengandik 60tan bereizten dira gizakiak, eta gorilengandik 70 ingurutan.

«Auto bat legearen kontrako maniobra egiten ikusten duen poliziaren kasua bezalakoa da», esan zuen atzo Janzen irakasleak: «Matrikulako zenbakiaren bidez, autoaren eta horren jabearen inguruko informazio guztia lor dezake». Izan ere, informazioa nazioarteko datu base batean bilduko da. Dagoeneko 20 milioi fitxategi genetiko ditu Genbank bankuak. Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, agintariek, zientzialariek, nekazariek eta osasun langileek aukera izango dute banku horretako informazioa kontsultatzeko. Ekimena bultzatzen duen partzuergoak munduko hainbat zientzia museo, zoologiko, ikerketa talde eta enpresa biltzen ditu.

Hainbat zientzialarik, ordea, zalantzan jarri dute Cox1 genearen bidezko identifikazioaren fidagarritasuna. Mitokondriotako DNA hurbil dauden espezieak bereizteko oso fidagarria ez dela argudiatzen dute. Honez gain, egun espezieak sailkatzeko taxonomian zientzialariek trebezia galduko dela uste dute beste askok.

-

Espezien kodetzea



 

hiru egitasmo





Hegaztiak: Egun ezagutzen diren 10.000 espezieen barra kode genetikoa sortu nahi dute 2010erako. Lehen fasea hasi da dagoeneko eta ustez berriak diren lau espezie identifikatu dituzte Amerikako iparraldean.

Arrainak: Bost urtez arituko dira munduko arrain espezieen barra kode genetikoak sortzen. Egun uste denez, 15.000 espezie daude itsasoan, eta 8.000 ur gezatan.

Landareak: Costa Ricako flora osoaren 8.000 landare inguru barra kode genetikoak sortuko dituzte.

erabilera





Identifikazioa: Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, barra kode genetikoen fitxategiak aukera emango die ikertzaileei animali eta landare bat zein espezietakoa den azkar identifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.