«Haserre, burumakur eta babesgabe sentitzen naiz, gaixo daudenei laguntzeko baliabideak, gaitasuna eta erak ditugun arren, borondate politikoak huts egiten digulako», esan zuen atzo Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkariak. Annanek «garapen bidean dauden herrialdeetako» eta estatu aberatsetako buruzagien politika kritikatu eta euren eskubideak errespetarazteko dei egin zien herritarrei.
NBEko idazkariak herrialde aberatsetan gaitza kontrolpean badago ere, «garapen bidean daudenetan» heriotz sententzia dela nabarmendu zuen. Bere esanetan, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta EB Europako Batasunak huts egin dute hiesaren aurkako borrokan. «Euren esku dago botika merkeak lortzea eta hiesari aurrea hartzeko kanpaina bultzatzea, baina, oraingoz, ez dituzte euren eginkizunak bete», salatu zuen Annanek.
Nazio Batuetako Erakundearen datuen arabera, egun, 40 milioi pertsonak dute hiesa eta, aurten, beste hiru milioi hil dira gaixotasunaren eraginez. Annanen esanetan, gobernuburu askok segurtasun arazo gisa deskribatu dute hiesa, baina ez diote eman suntsipen handiko armei adinako garrantzirik. «Zenbait herrialdetan hiesa suntsipen handiko arma bilakatu da, baina zer egin dugu guk hori saihesteko?» dio NBEko idazkariak.
Hiesaren Nazioarteko Eguna iristeko bi egun falta direnean, Annanek Afrikako agintariak kritikatu ditu herritarrei hiesaren aurka egiteko segurtasun neurriei buruzko informaziorik ez emateagatik. «Ezin dut kondoia hitza erabili, estatuburua naiz. Ezin diet gazteei burugabeak izateko eskatu, diote hainbat buruzagik. Baina jarrera aldatu ezean heriotzek gora egingo dute», nabarmendu zuen.NBEko idazkaria ez da, ordea, gobernuburuen jarrera kritikatu duen bakarra. Amnesty International (AI) giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, gizartearengan eragin handia duten pertsonek ez dute hiesari buruzko behar adina informazio eskaintzen. «Zientzialari eta medikuek kondoiak hiesaren aurka egiteko erarik egokienak direla. Vatikanoak, ordea, antisorgailuen aurka egin izan du behin eta berriz, medikuen sinesgarritasuna eta milioika pertsonen bizia arriskuan jarriz», esan zuen atzo AIk.Giza eskubideen aldeko erakundeak herrialde bakoitzeko hizkuntzan zabaldutako informazioa oinarrizkoa dela nabarmendu zuen. Era berean, emakumeek hiesari aurre egiteko baliabideei buruzko informazioa eskuratu ahal izateko izaten dituzten oztopoak ere nabarmendu zituen AIk. «Emakume askoren eskubideak ez dira errespetatzen eta, kasu askotan, sexu harremanak edukitzera behartzen dituzte, ondorioz ez dute hiesaren aurka babesteko aukerarik izaten», esan zuen erakundeak.Bestalde, Amnesty Internationalek AEBetako Gobernuak indarrean jarritako Mexiko Hiriko Politika izenekoa ere kritikatu zuen. Lege horrek diru laguntzak ukatzen dizkie abortoaren alde egiten edo hari buruzko informazioa eskaintzen duten gobernuz kanpoko erakundeei. «Emakumeekin lan egiten duten taldeak izan ohi dira, normalean, abortoari buruzko informazioa eskaintzen dutenak. Beraz, diru laguntzarik jasotzen ez badute ezin izango dute hiesari buruzko informaziorik ere zabaldu, eta horrek gaitzaren aurkako borroka oztopatuko du», salatu du Amnesty Internationalek.
Informazioa zabaltzeko oztopoak
AIren arabera, kasu askotan gobernuak hiesa zabaltzearen alde lan egiten du gaixotasunari buruzko informazioa ematen dutenak oztopatuz. Erakundeak India eta Txinako adibideak aipatu zituen. «Indian gobernuz kanpoko erakundeetako langileak mehatxatxen dituzte eta Txinan, berriz, atxilotu egiten dituzte», salatu zuten AIko kideek.
Joan zen apirilean Txinako Henan probintziako osasun departamentuko Ma Shiwen kidea atxilotu zuen Poliziak, informazio sekretua zabaldu izana leporatuta. AIren esan zuenez, ordea, odol transfusioen bidez hiesaz kutsatutako jendearen egoera salatu zuen Shiwenek. Poliziak urriaren 16an askatu zuen atxilotua inolako epaiketarik egin gabe. Baina erakundearen esanetan, «bere egoera ez da erabat argitu». «Horrelako atxiloketak adierazpen askatasunaren aurkakoak dira eta ez datoz bat herritarrek osasunerako duten eskubidearekin. Gertakari horiekfrogatzen dute hiesaren aurka lanean diharduten guztiak arriskuan daudela», nabarmendu zuen Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak.AIk hiesaren inguruan bazterketa eta informaziorik eza dagoela salatu zuen atzo. Euren esanetan, baztertuak izateko beldur direnek ez dute hiesaren aurkako neurririk hartzen eta, ondorioz kutsatzeko arriskua handiagoa da. «Horrelako kasuetan gobernua da gaixotasunari buruzko informazioa zabaldu behar duena», adierazi zuen erakundeak.AIk azaldu zuenez, Uganda eta Brasil estatu aberatsak ez diren arren, hiesa geldiaraztea lortu dute. «Botikak denen eskura jarriz eta gaixotasunari aurre hartzeko neurriei buruzko informazioa zabalduz, urtero hiesaz kutsatzen direnen kopuruak behera egin du», esan zuten erakundeko kideek.Saharaz hegoaldeko Afrikan, Uganda da hiesari aurre hartzeko kanpainarik eraginkorrenak egiten dituena. Bertan, Afrikako beste herrialdeetan baino jende gutxiago kutsatzen da urtero.Ugandako Gobernuak aholkularitza taldeak eta kondoiak erabiltzearen aldeko kanpainak bultzatu ditu.Brasilen bestalde, gaixotasunaren aurkako botikak denen eskura jartzea lortu du. Horri esker, AIren esanetan, pertsona gutxiago joaten dira erietxera eta gaixoen bizi baldintzak hobetu egin dira.«Gobernuek hiesaren aurkako borrokan parte hartu behar dute, bai kanpainak bultzatuz eta, baita, diru laguntzak emanez ere. Neurri egokiak hartu ezean, gero eta gehiago izango dira baztertuta bizi beharko dutenak. Ondorioz, heriotzak ere ugaritu egingo dira», nabarmendu zuen erakundeak.
HIESAREN AURKAKO BORROKA
Borondate politikoak «huts egin» duela salatu du Kofi Annanek
Hiesaren aurkako borrokan agintariek ez dituztela euren eginkizunak betetzen salatu du NBEko idazkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu