INDIGENAK ARRISKUAN

Brasilgo indigenak mehatxupean

Amnesty Internationalek salatu du orain arteko gobernuek huts egin dutela indiarren lurralde eskubideak bermatzen

2005eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Indigenen beharrek Gobernuaren lehentasunen azken lekuetan segitzen duten bitartean, haien biziraupena arriskuan dago», ohartarazi berri du giza eskubideen aldeko talderik ezagunetako batek, Amnesty Internationalek. Erakundearen arabera, orain arteko gobernuek kale egin dute indigenen eskubideak bereziki giza eskubideak eta lurrarekikoak bermatzen. Azken urteotan zenbait hobekuntza izan diren arren, AIk nabarmendu du «oraindik bazterkeria eta eraso bortitzak jasaten» dituztela Brasilgo jatorrizko biztanleek. Horiek behin eta berriro salatu dute beren herrialdean «arrotz» sentiarazten dituztela.

Herenegun kaleratutako txostenean, Brasilgo indigenek murrizketa ekonomiko eta sozial zorrotzen ondorioak pairatzen dituztela dio AIk eta beharrezkotzat jotzen du horri guztiari aurre egiteko, «politika argiak» abiatzea.Urte askotako behaketaren ondorioz informazio franko bildu du AIk Brasilen indigenek dituzten bizi baldintzen inguruan. Baita hori ezagutarazi ere. «2005ean eraso, hilketa eta bazterkeria zein indarkeria beste mota batzuen biktima izaten segitzen dute indiarrek; horiek maiz inolako zigorrik jaso gabe egiten dituzte [erasotzaileek]. Orain arteko gobernuek huts egin dute indiarren lurrarekiko eskubideak osoki eta behingoz ezagutzeko dituzten nazioarteko eta konstituzioaren araberako betebeharrak betetzen». AI kezkatuta dago 1988ko Konstituzioa indarrean jarri zutenetik gero eta ahots gehiago altxatu direlako, azken urteotan, indiarrek izandako hainbat lorpen atzera botatzeko. Ez da harritzekoa, beraz, frustrazioak eraginda aurtengo urtarrilaren hasieran 100 bat indiarrek Gobernuaren FUNAI Indigenetarako Fundazio Nazionalaren bulegoa okupatu izana, Amazonas estatuko hiriburuan, Manausen.

Frustrazioa eta haserrea areagotu zuen ekimenetako bat hau izan zela salatu zuten Brasilgo gobernuz kanpoko hainbat erakundek: indigenen egoera ikertu eta baloratzeko eskumena zuen Senatuko batzorde berezi batek lege proposamen bat atondu zuen 2004an, lurralde banaketen arloan eginiko aurrerapenak mugatu edota atzera eginarazteko. GKEen, indigenen beraien eta hainbat herritarren presio eta borrokari esker proposamenak ez zuen aurrera egin.

Alabaina, indigenek ez dute beti beren eskubideen defentsarako ekimenetan arrakasta izan. Gehienetan beren odola isuri dute mobilizazioen ordainetan; batzuetan mobilizatu gabe ere handitu da 500 urte baino gehiagoko zauria. Guarani-Kaiowatarrek Marangatun (hego-mendebaldea) dituzten lurretan segitzeko aukera arriskuan dago, AIk herenegun ohartarazi zuenez: «Gobernuak ez badu haien kanporatzea eragozten, biziraun ahal izateko lurrak erein dituen komunitatea arriskuan izango da». Zentzu berean, AIk salatu du indiarrak babesteko premia gorria dagoen eremuetan (Rondoniako Cinta Larga eta Pernambucoko Xukuru leinuen kasua) agintariek «huts egin» dutela neurriak hartzeko tenorean, nahiz eta Senatuko batzordeek eta Amerikako Estatuen Erakundeen aldetik oharkizunak egon.

Itxaropenak kili-kolo

«Desengainatuta gaude geure herrialdean indigenen auzia tratatzen duten moduarekin; tratamendu bereizirako modurik gaiztoena abiatu du Gobernuak; esan nahi baita, subiranotasunari dagozkion auziak eraman ohi dituen Atzerri Harremanetarako eta Nazioaren Defentsarako Ganberak hartu duela indigenen auzia; horrek esan nahi du geure herrialdean atzerritar bezala tratatzen gaituztela, baita subiranotasunarekiko mehatxu gisa ere. Hala, geure lurraldeak pixkanaka zehaztuta eta berretsita ikusteko itxaropena ordezkatu du beldurrak». Horrela adierazi zion urtarrilean buruzagi indigena batek AIri, aurrera begira komunitateek duten ezegonkortasun eta segurtasun ezaren sentsazioa.

Portugalgo Armada egungo Brasilgo lurraldea 1500ean okupatzen hasi zenetik jazarriak, mehatxatuak, erasopean eta beren lurretatik egotziak izan dira indigenak. Egun Brasilgo populazioaren %0,2-0,3 dira eta lurraren %11ren lege eskubideak dituzte, teorian behintzat.

Promesen urraketa

Urteetan egin dizkieten promesak maiz urratuak ikusi dituzte indigenek, eta konkistaren 500. urtemugan agintariek egindako ospakizunek biziki haserrarazi zituzten. Indigenek salatu zuten atzerrian irudi kanpaina egiteko erabili zituztela. Gainera, ekitaldietan beren kezkak eta ahotsa entzunarazteko aukera ukatu zietela nabarmendu zuten. Brasilen ondare sozial, kultural eta etniko plural eta aberatsaren gainean hausnarketa egiteko eta okerrak zuzentzeko aukera historikoa galdu zela esan zuten.

2002an Da Silva boterera iritsi zenean piztutako itxaropenak itzali zaizkie askori. Baina, halere, ez dute amore ematen.

- 'VERON AUZIA'

Erasotzaileak auzipetuta





2003ko urtarrilaren 11n Guarani-Kaiowa leinuko 72 urteko buruzagi Marcos Veronek gidatutako jende talde txiki bat Takuara eskualde indigenako lur sail bat era baketsuan berriz okupatzen saiatu zen Juti udalerrian (Mato Grosso do Sul estatuan). 1953an handik egotzi zituzten, eta 1999tik Takuara berreskuratzen saiatzen ziren hirugarren aldia zen hura. Hasieran FUNAIko eta Poliziaren ordezkariek bortxaz kanporatuko ez zituztela eta lurraren jabearekin akordioa negoziatzea ahalbidetuko zutela ziurtatu arren, hurrengo bi egunetan nekazari eta mertzenario talde batek indigenei eraso egin zien, tiroz eta kolpeka. Ondorioz Marcos Veron hil eta horren semea zauritu zuten. Erasotzaileetako batzuk atxilotu eta hilketaz, hilketa saioaz, bahiketaz eta torturaz akusatu zituzten. Urte honen bukaeran izago da epaiketa. Haren hilketak oihartzun zabala izan zuen munduan, 2000n hara eta hona bidaiatu baitzuen Brasilgo indigenen eskubideen aldeko kanpaina egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.