TXINA

Dragoi energiajalearen hatsa

Txinaren garapen azkarra erronka da naturarentzat, klase ertaina Mendebaldeko kontsumo mailara hurbiltzen ari dela

Zigor Aldama.
SHENZHEN
2005eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Chen Xuemingek 21 gradura egiten du lo egunero. Kanpoan, Shenzhengo Txinako hiri aberatsenetakoa kaleetan, nekez jaisten da tenperatura 26 gradutik, gauez. Egunez are itogarriagoa da, oraindik, sargoria, eta, hiriko kutsadurarekin batera, jasanezina bihurtzen da giroa. Giro hori etxean sar ez dakion saiatzen da Chen. Horretarako, aire girotuko bost tresna ezarri ditu etxean. «Diru gehiago xahutzen dut argindarrean, baina, gutxienez, ez dugu kaleko sargoria jasan beharrik», dio. Chenen etxea, eraiki berria, freskotasun oasia da sargoria nagusi den hirian.

Chenek bezala, airea girotzeko gailuen fabrikatzaileen merkatu nagusietako bat bihurtu dute herrialdea milioika txinatarrek. Orain 25 urte Xuemingek ez zuen ez argindarrik ez eta iturriko urik ere, baina. Hainbat kilometro egin behar izaten zituen ibaira heldu eta etxera ura eramateko. Kandelen argipean afaldu eta ohera joan besterik ezin zitekeen egin, eguzkia sartzen zenean. Egun, kristal ilunak dituzten bi Honda, azken belaunaldiko lau sakelako telefono, bi ordenagailu eramangarri eta beste hainbeste hozkailu dituzte emazteak eta alabak. Plasmazko pantaila handia dago egongelaren erdian; lurrean, berriz, Indonesiako oihaneko zur preziatuak nabari dira, kontrolik gabeko soiltze larrienetakoa oihan horrek jasaten badu ere. «Txinako mirariaren adibide egokia gara», dio harro Xuemingek.

Agur bizikletak

Motordun ibilgailuak indar handiz sartzen ari direnez, atzean ari dira geratzen bizikletak Shenzhengo kaleetan; baita Txinako gainerako hiri eta herrietan ere. Audi edo Mercedes etxeetako azken modeloak ikusten dira ke beltza isurtzen duten makina zaharrekin batera, eta alferrik saiatzen dira oinezkoak beren buruak masken bidez babesten. Itxura denez, inguruko industria astunak ez du Kyotoko Protokoloaren berri, eta isurtzen dituen gas kaltegarriekin osatzen du Shenzhen estaltzen duen kutsadura. Shanghai, Pekin, Hong Kong, Kanton eta halako beste hainbat hiri handitan ere arrunta da laino hori. OMEren arabera, Txinan daude munduko 30 hiri kutsatuenetatik hamar.

Neurriz kanpoko beharrak

Shenzhendik mila kilometro ingurura dago Yangshuo, Txina erdialde-hegoaldeko herrixka xarmagarria. Hango multzo karstiko bitxiek turista ugari erakartzen dituzte; ez, ordea, maiatzaren batetik zortzira biltzen direnak adina, astebeteko oporrak izaten baitituzte txinatarrek egun horietan. Orduan geratzen dira agerian herrialdearen erdiguneko eta ekialdeko gainpopulazioa eta zentral elektriko berriak eraikitzeko behar larria. Kaleak jendez gainezka daude, airea girotzeko aparatuak lanean, eta egunero izaten dira argindar eteteak. «Guztion beharra hornitzeko beste indarrik ez dago», dio, aspertuta, hotel txiki baten jabeak. Halako gertaerak herrialde osoan gero eta ohikoagoak saihesteko, 15 urtean 40 zentral nuklear eraikiko dituela iragarri du Pekingo gobernuak. Ohi bezala, entzungor egin diete agintariek energia berriztagarriak susta ditzaten elkarte ekologistek egindako eskaerei. Horixe bera gertatu zen talde horiek Yangtseko presa erraldoiak eraikitzearen aurka agertu zirenean ere. «Egungo erritmoarekin jarraituz gero, arriskuan egongo da mundua, Txinaren lehengai eta energia kontsumoaren ondorioz», dio Hong Kongeko eta Shanghaiko Bankuko analista Zhou Mingek.

Putzu beltz handia zen Txina orain bi hamarkada, sateliteen kameretatik gauez begiratuta. Egun, berriz, AEBak bezain argiztatuta ikusten da ekialdeko itsasertza. «Dar-dar hasiko dira europarrak, txinatar gehienak 1.300 milioi dira, guztira europar batek kontsumitzen duen energiaren erdia gastatzen hasten direnean», dio Mingek. «Azkar bilatu behar zaio konponbidea mundu osoari eragiten dion arazo horri. Petrolio gordinaren prezioa maximo historikoetan dagoenez, are larriagoa bihurtzen da, oraindik, konponbidea bilatzeko premia».

Dragoi harraparia

Herrialde harraparia da Txina. Eskualdeko beste estatuetako lehengaiak behar ditu bere beharrei erantzuteko». Indonesiako eta Malaysiako oihan trinkoak dira adibide bikaina; izan ere, hondamendia ari da eragiten kontrolik gabeko zuhaitz moztea. «Zur gehiena txinatarren esku geratzen da», dio Sarawakeko (Borneo) gida malaysiar batek. Enpresa horien dirua behar dutenez, natura suntsitzen ari dira hango herritarrak. Diru garestia, ordea. 2003an ehundik gora lagun hil ziren Bukit Lawangen, Sumatra iparraldean, baso soiltzearen ondorioz izandako uholdeetan. Eta zuraren adibidea beste hainbat baliabiderekin ere erabil daiteke; petrolioarekin, gasarekin edo energia nuklearrarekin, besteak beste.

Txinako hedabideetako iragarkietan, aurpegi alaiak eta zeru urdin-urdina agertu ohi dira. Gezurra. Grisa da zerua herrialdeko hiri handi gehienetan, eta ongi egiten du jendeak maska janzten. Eta giro hori herrietara ari da hedatzen. Eraikinetako airea freskatzeko gogo horrek laguntzen du planeta berotzen. Hala eta guztiz ere, erantzun zaila duen beste galdera bat egiten dute txinatarrek gai horri buruz galdetzen zaienean: zergatik guk ezin dugu gozatu Mendebaldeak hain harro erakusten dituen aurrerapenez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.