Urduritasuna nagusitu zen atzo Kuruko basean (Guyana Frantsesa) Europako koheterik indartsuena jaurtitzeko lehen saioan. Jaurtiketarako minutu bat falta zenean, atzera egin zuten. Erantzukizun larriegia zen nonbait, 600 milioi euro su festa bihur zitezen, eta Europako Espazio Agentziako teknikariek berriz saiatu ziren. Halaxe gertatu baitzen duela bi urte, egungo Ariane 5-ECA kohetearen aurrekoarekin. Kohetea aireratu zuten bigarren saioan. Bi satelite orbitan jartzen ahaleginduko da, eta 2002ko porrotaren orbana kitatzen. Izan ere, Europako espazio industriak sateliteen jaurtiketa alorrean munduan duen nagusitasuna dago jokoan.
Hamar tonako zamak espazioratzeko ahalmena du Ariane 5-ECA koheteak, diseinatzaileen arabera. Lehen misio honetan, telekomunikaziorako satelite militar bat darama, XTAR-EUR.Horrez gain, grabitate txikian likidoen dinamika ikertzeko esperimentuak egingo dituen SLOSHSAT-FLEVO satelite txikia darama. Azkenik, gailu konplexu bat eramango du, kohetearen goiko partean, hegaldiaren inguruko datuak jasotzeko. Badaezpadako neurria.Duela bi urte, airean lau minutu zeramatzala, kohete berri-berria suntsitzeko botoia sakatu behar izan zuten Lurretik, akats batek kontrolez kanpo utzi ondoren. Atlantikoaren gainean leherrarazi zuten superkohetea eta haren zama garestia.Berriz porrot egiteak ondorio aski larriak lituzke Europako espazio industriarentzat. Hala esan zuen atzo François Auquek, egitasmoan parte hartu duen EADS Space enpresako buruak. «Hamar tonako garraioa behar bezala espazioratu behar dugu lehiakorrak izateko», esan zuen.Saturnorako Cassini-Hygens misio arrakastatsuan ez bezala, arduradunen adierazpen arranditsurik ez zegoen atzo ESAren Interneteko gunean.
Europa Boeing kontra
1980. urtean ESAk Arianespace enpresaren esku utzi zuen koheteak sortzeko, merkaturatzeko eta gidatzeko ardura. Ordutik, sateliteak garraiatzeko merkatuaren erdia baino gehiago eskuratu du konpainiak.
2002ko porrotak kolpe handia eman zion konpainiari. Lehen postuan jarraitu ahal izan zuen Ariane 5 koheteari esker. Horrek 6,1 tona garraiatzeko ahalmena du.Ameriketako Estatu Batuetako Boeing konpainiak 13 tonako zama eraman dezakeen Delta4-Heavy kohetea jaurti zuen duela gutxi. Europarrek etorkizuna iluntzen ikusi zuten, nahiz eta Boeingen kohetea, oraingoz, soilik lan militarretarako erabiltzen ari diren. Haatik, beste porrot batek Europako espazio industriaren ospea eta etorkizuna hondoratuko lituzke.
Motor berria
Halakorik ez gertatzeko, 555 milioi euro gehiago gastatu ditu ESAk. Duela bi urteko saioko akatsa non egon zen aurkitzen eta konpontzen gastatu dute dirutza. Antza denez, Vulcain motorraren haizebidea hozteko zirkuituak egin zuen huts orduan. Beroak haizebidea deformatu bide zuen, eta horrek eragin zuen kohetea desbideratzea.
«Porrot bat, aukera bat», pentsatu zuen orduan Arianespacek. Motor berriaren akatsa zuzentzeaz gain, asko handitu dute bere ahalmena. Erregai gehiago eramateko prestatu dute kohete berria, indar gehiagoz zama handiagoa eraman dezan.Begi guztiak motor horretan zeuden jarrita atzo, bigarren saioan, azkenean, kohetea aireratu zenean.
ESPAZIOA
Duela bi urteko porrota berriz gertatzeko beldur
Europako koheterik indartsuena jaurti dute azkenean, hil edo biziko hegaldian, munduko nagusitasuna jokoan baitago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu