DVDaren geroaren auzian, formatu bat hitzartu ezinik

Toshibaren HD-DVD eta Sonyren Blu-ray Disc formatuak ari dira elkarrekin lehian

2005eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun


Irudiak, musika eta datuak biltzeko DVD diskoaren etorkizuna auzitan da, Toshiba eta Sony Japoniako elektronika konpainiak ez baitira ados jarri DVDa ordezkatuko duen diskoaren formatu bakar eta bateratua sortzeko. Sony etxeak Blu-ray Disc izenekoa kaleratu nahi du eta Toshiba etxeak aldiz, HD-DVDa. Bi aldeek ez dute amore eman nahi eta litekeena da bi formatu bateraezinak merkatuan jartzea. Oraingoz, negoziazioak eten egin dituzte bi aldeek. Guzti horrek 1970 eta 1980 hamarkadetakoJVC etxearen VHS eta Sony etxearen Betamax bideo sistemen lehia ekartzen du gogora.

Sony etxeak Blu-ray Disc formatua aurkeztu zuen 2002 urteko otsailean, DVDaren oinordeko gisa eta etxeko ordenagailuetan datuak gordetzeko sistemak berritzeko modu bezala. Berritasun teknologiko nabarmenak ditu Blu-ray Disc sistemak. Oraingo DVDak irakurtzeko laser izpi gorriak erabiltzen badira, Blu-rayk laser izpi urdin-moreak erabiltzen ditu. Disko bakarrean 25 Giga sartu daitezke, hau da, 13 ordu telebista. Dual-layer deitutako bi geruzako bertsioek, aldiz, 54 Gigako memoria izango dute. Gainera, grabaketak azkarrago egin ahal izango dira eta datuak gordetzeko ahalmen handiagoa izango du Blu-ray Disc formatuak. Urraduren eta aztarna digitalen aurkako babes sistema bat ere izango du. Baina sistema horrek eragozpenak ere baditu: Blu-ray irakurtzeko gailuak ezingo ditu oraingo DVD eta CDak irakurri eta teknologia sistema berriak beharko ditu. Produkzio koste altuak izango dira, gainera.Sony etxearen Blu-ray Disc formatuaren egitasmoak 75 etxeen babesa du: Hitachi, LG, Pioneer, Philips, Samsung, TDK, Thompson Multimedia, Dell eta Hp, besteak beste. Aldiz, zine estudio gutxiren babesa du: Columbia TriStar etxearena eta soilik neurri batean, 20th Century Foxena.

HD-DVD, zaharra eta berria

Toshiba etxeak 2002ko irailean aurkeztu zuen HD-DVD formatua NEC, Sanyo eta Memory Tech etxeen babesarekin. HD-DVDa egungo DVD teknologiaren oinordekoa da eta zera du abantaila nagusia: oraingo formatuekin bateragarria da. HD-DVD sistemak laser izpi gorri eta urdinak ditu eta izpi gorriekin oraingo DVDak irakurri ahal izango ditu. Baina Blu-rayrekin alderatuta gabezia teknologiko nabariak ditu: HD-DVD formatuak 15 Giga gordetzeko gaitasuna izango du, eta 30 Gigakoa bi geruzako diskoetan. Grabaketak ere mantsoago egingo ditu.

Bestalde, produkzio kostuak Blu-ray Disc sistema baino askoz merkeagoak izango dira. Gainera, zine estudioen artean babes handiagoa du HD-DVD formatuak: Warner Bros, Universal, Disney, Columbia, MGM, eta Paramount, besteak beste. Microsoftek ere babesa ematea litekeena da. Horren bidez, Windows sistema eragilearen eta XBox bideo jokoen babesa izango luke.

Bakoitza berean

Sistema bateragarri batera iristeko, Sony etxeak Blu-ray formatua oinarri hartzea nahi du. «Blu-ray sistema da datozen hamar urteetarako erabilgarria izango den formatu bakarra», esan du Sonyren eledun Taro Takaminek. Sony etxeak dioenez, hitzarmena lortzea Toshiba etxearen esku dago, Blu-ray formatua onartzen duenean, alegia. Toshiba etxeak zalantzan jarri du erabiltzaileek horrenbeste Giga behar dutela, eta, gainera, produkzio kosteak gehiegizkoak direla uste du.

Guzti honek 1970ko eta 1980ko hamarkadetan Sonyren Betamax eta JVC etxearen VHSarekin izan zen lehia dakar gogora. Bi sistemak jarri ziren salgai, baina Sonyk Beta formatua ekoizteariutzi egin zion, merkatuan VHS sistema nagusituta.

-

INTERNET



Googlek telefono eta mezu sistema berria abiatu du



Google Interneteko bilatzaileak Interneteko mezu bidezko posta zerbitzua eta telefono sistema berria abiatu ditu. Google Talk izena jarri diote proiektu berriari eta sistema honen bidez, mezu bidezko posta eta telefono elkarrizketak egin ahalko direla esan dute. Windows sistema eragilearekin soilik erabili daiteke eta Microsofteko MSM Messenger, Yahoo! eta American Online (AOL) zerbitzuen moduan egingo du lan. Gmail helbide elektroniko eta Google Maps kartografia bilatzaile zerbitzuak merkatua jarri ostean konpainiaren lehen berrikuntza da Google Talk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.