Egipton gaitzak jotako hiru pertsona hil dira dagoeneko, eta Kanputxean sei

Gaitzari aurre egiteko datozen hiru urteotan 36 milioi dolar beharko direla jakinarazi du FAOk

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Etenik gabe gora doa hegazti gripearen ondorioz hildako pertsonen kopurua. 109 lagunek galdu dute ja bizia. Atzo, Egipton neska gazte bat hil zela jakinarazi zuten; Iman Abd Al Yawad, 16 urtekoa. H5N1 birusak erasan zuen. Antza etxean hegaztiak hazten zituzten, eta haien bidez kutsatu zen. Egiptoko sei probintziatan agertu da dagoneko hegazti gripea, eta 11 lagun kutsatu dira denera. Neska gazte hau Egipton gaitzaren ondorioz hil den hirugarrena da. Gaitza agertzen hasi zenetik 500.000 hegazti baino gehiago akabatu dituzte osasun agintarien aginduz, baina, hala ere, nekez ari dira gaitzaren kontra.

Kanputxean, gaitzak hildako seigarren pertsonaren berri eman dute. Asteazkenean Prey Veng probintzian hil zen 12 urteko mutil kozkorrak hegazti gripea zuela baieztatu zuten atzo osasun agintariek.

FAOren abisua

Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) aditzera eman duenez, datozen hiru urteotan 36 milioi dolar beharko dira hegazti gripearen kontrako borrokan. Orain arte dirua lortzeko egin dituzten eskarietan 40 milioi dolar hitzartu dituztela jakinarazi dute.

Gaitzaren kontra mundu zabalean hartzen ari diren neurriak bide onetik doazela nabarmendu dute FAOko adituek: «Emaitza onak ematen ari dira, poliki-poliki». Hegaztiei gaitzaren kontrako txertoa jarriz egin diren saioak, besteak beste, aski eraginkorrak izan direla adierazi dute. Gaitza dagoeneko 45 herrialdetan agertu dela esan dute, eta 200 milioi hegazti hil direla haren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.