Hastear da, komunikabide askoren arreta bereganaturik, Vatikanoaren zereginetan hauts gehien harrotu eta, era berean, ikusmin handiena sortzen duen unea: aita santu berriaren hautaketa. Misterioetan misterioa, misterioekin doktrina egina duen erakunde batean.Munduko estaturik txikienak ezin esango du demokraziarik handiena denik. Ez baitute estatuburu izango dena herrialde horretako herritarrek aukeratuko, mundu osotik etorritako aukeratu pribilegiatuek baino.
ARAUDI BERRIAJoan Paulo II.ak ezarri zuen 1996koan
Aita santu bakoitzak ez du bere araudi propioa erabakitzen, baina Paulo VI.ak berea egin zuen, Romano Pontifici Eligendo izenekoa. Araudi horrekin aukeratu zituzten Joan Paulo I.a eta II.a. Azken horri aldaketa batzuk egitea egoki izan zitekeela ikusita, San Petriren katedraren festa egunean, 1996ko otsailaren 22an ezagutarazi zuen Joan Paulo II.ak araudi berria, Universi Dominici Gregis, aurreneko aldiz bihartik aurrera praktikan jarriko dena. Azken mendean hamar araudi berri egin dituzte.Berriak ez dauzka aldaketa asko, baina aurreko araudiek hiru aukeraketa mota onartzen zituzten: aldarri eginez, hitzartuz, eta bozkatuz. Joan Paulo II.aren araudiak lehen biak (aldarri egin eta hitzartu) baztertu egin ditu, eta hirugarrena (bozketa) bakarrik onartu du. Aldarri egiteko sisteman, Konklabea hasi eta berehala kardinal batek aho goran hautagai bat proposa zezakeen eta berehala, eztabaidarik gabe, denek banan-banan ozenki onartzen bazuten proposatutakoa, hura irteten zen aita santu.Hitzartzeko sisteman, Konklabea hasi eta berehala kardinalek erabaki zezaketen aukeratutako kardinal talde batek bilera egitea eta haien artean hitzartzea aita santu berria, gero derrigorrez Konklabeko beste guztiek onartu beharko zutena.Bozkatzeko sisteman, azken Konklabeetan erabilitakoan, kardinal bakoitzak boto bat dauka, eta botoen bi heren (77 boto) lortzen dituena irtengo da aita santu. Oraingoan, azken sistema hori bakarrik erabil liteke.
HAUTAGAIAKEzusterik ezean, Konklabeko kardinal bat hautatuko dute
Araudiak ez du mugatzen nor aukera dezaketen aita santu. Nahiko da bataiatuta egotea aita santua izateko, baina gizonezko izan beharra dago. Ez da espero aukeratuko dutena Konklabeko partaide ez izatea, baina hala balitz, haren bila joan beharko lukete, baita Erromatik kanpo bizi bada ere. Asko jo behar da atzera historian topo egiteko kardinal izan ez zen aita santu batekin. Ez daude kardinalak horrelako kontzesioak egiteko.
hautesleak
80 urte bete gabe dauzkaten kardinalak bakarrik
Bizi-itxaropena horren luzea ez zen garaian erabaki zuten 80 urte beteta zeuzkaten kardinalek ezin izango zutela parte hartu Konklabean, Kardinalen Kolegioko kide izanda ere. Horrek haserrea piztu zuen muga hori gaindituta zeukaten purpuradunen artean, baina ez dute lortu orain arte araudia aldatzea.Gehienez, 120 kardinal egon litezke Konklabean parte hartzeko moduan. 117 kardinal daude gaur egun Konklabean parte hartzeko adinean, baina 115ek bakarrik izango dute Erromako gotzaina aukeratzeko eskubide esklusiboa. Gaixotasunagatik ez dira izango Mexikoko Suarez Rivera eta Filipinetako Sin kardinalak.Hiru kardinal kenduta (Baum, Ratzinger eta Sin) beste guztiak Joan Paulo II.ak izendatuak dira, eta horrek asko baldintza lezake aukeratuko duten aita santu berriaren izaera.
EGOITZA ETA BOZKETA LEKUAVatikanoko Sixtoren Kaperan egingo dute
Aita santua aukeratzeko bozketak azkenaldian Sixtoren Kaperan egin dira, baina ez arau batek horretara behartuta. Joan Paulo II.ak 1996. urtean argitaratu zuen araudi berriak eman zion ofizialtasuna Michelangeloren pintura famatuak biltzen dituen aretoari. Hemendik aurrera, araua aldatu ezean, Sixtoren Kaperan egin behar dira bozketak, derrigorrez. XIX. mendean, Erromako Il Quirinale jauregian (gaur egun Italiako presidentetzaren egoitza ofiziala) egin zituzten bozketak, eta Erromatik kanpo egindako azkena 1800. urtean izan zen. Venezia garai hartan Austriaren babesean zegoen, eta Erroma Napoleonen soldaduek hartua zeukaten. Kardinalen segurtasuna bermatu eta Konklabea arazorik gabe egingo zela ziurtatzeko egin zuten Venezian, hilabete batzuek lehenago Napoleonen kartzela batean (Valence, Frantzia) hil zen Pio VI.aren aholkuari segituz.Joan Paulo II.ak ezagutu zituen Joan Paulo I.a aukeratu zuen Konklabean parte hartutako printzeek jasan behar izan zituzten deserosotasunak, logeletan batik bat. Hura gogoan, Domus Sanctae Marthae egoitza berritzeko agindu zuen Karol Wojtylak, eta 1996. urtean zabaldu zuten. Ongile estatubatuar anonimo batek ordaindu zuen eraikin haren modernizatzea. Gaurko 18 milioi euro balio izan zuen. Normalean, Kurian destinoa daukaten goi mailako arduradunek erabiltzen dute, baina badakite Konklabeak irauten duen bitartean hustu egin beharko dutela egoitza hori. Eraikin horretatik Sixtoren Kapera bitartean dagoen bidean galarazita daukate kardinal hautesleek inorekin hitz egitea.
AUKERAKETALehen bozketetan arauzkoa da bi herenak lortzea
Arauak ez du dudarik uzten: aita santu izan nahi duenak lortu beharko du kardinalen bi herenek haren izena jartzea botopaperean. Aukeraketa egun askotan atzeratzen bada bakarrik onartzen du araudi berriak gehiengo soilez aukeratzea aita santua. Konklabeko lehen bozketa bihar arratsaldean izango da, goizean kardinalek besterik ez badute erabakitzen.Bihar aita santua aukeratu ezean, etzi, asteartean, kardinalek bi bozketa egingo dituzte goizean, 11:00etan eta 12:30ean gutxi gorabehera, eta beste bi arratsaldean: 18:00etan eta 19:30ean, gutxi gorabehera. Asteartekoetan inor aukeratu ez badute, asteazkenean bezperako prozedura errepikatuko dute: bi bozketa goizez eta beste bi arratsaldez. Asteazkenean ere inongo papabilek eliza zuzentzeko ardura irabazi ez badu, osteguna «errezatzeko, bozketaren gaineko elkarrizketa informalak egiteko eta gogoeta espirituala egiteko» erabili beharko dute kardinalek, arauak agintzen duenez.Ez da espero bozkaldi asko behar izatea aita santua aukeratzeko. Hautaketa luzatzeak, Konklabeak izango duen oihartzun mediatikoa kontuan hartuta, irudi txarra emango dio Eliza katolikoari. Desadostasuna, barne borrokak, amore eman nahi ez izatea... elemento negatiboak dira bestelako beertuteak predikatzen dituen erakunde batentzat. Ondoko laukian ikusten den bezala, Joan Paulo I.a laugarren bozketan irten zen, eta Joan Paulo II.ak zortzi behar izan zituen Benelliri irabazteko. Zenbat eta bozketa gutxiago izan, orduan eta batasun irudi handiagoa emango du Erromako Elizak.Baina erabakiko balute kardinalek besteentzat predikatzen dituzten bertuteak berentzat ez hartzea, eta aukeraketa luzatuko balitz, araudi berriak zehaztu egiten du prozedura. Osteguneko gogoeta egunaren ostean, beste zazpi bozketa egingo dituzte hurrengo egunetan; ondoren beste gogoeta egun bat egingo dute. Berriro beste zazpi bozketa hurrengo egunetan, eta ondoren beste gogoeta egun bat. Kardinalek berean segituko balute, beste zazpi bozketa egingo lituzkete. Desadostasunezko epe luze bezain gertatzen zail hori egokituko balitz, araudiak baimendu egiten ditu kardinalak beste prozedura arrakastatsuago bat bilatu eta ados dezaten. Baina edozein bide aukeratzen dutela ere, derrigorrezkoa du aukeratuak gehiengoarenoniritzia izatea, gehiengo soilarena bada ere. Bide horiek zeintzuk izan litezkeen ere aipatzen du Joan Paulo II.aren aginduak, gomendio gisa bada ere. Azken bozketan geratu diren bi aurrenekoen artean egitea bozketa bakarrik, edo boto gehien lortzen duena izendatzea aita santu. Arauak dio kardinalek erabakiko dutela metodo berria, baina gehiengoa lortu behar duela. Horrela egin ezean, ezbaliozkotzat jotzen du arauak aukeraketa.Mendeetako tradizioa dauka bi herenen prozedurak, Alexandro III.ak erabaki baitzuen 1179. urtean. Bozketak gehiegi luzatzeko aukera hori saihestu nahian, gehiengo soilaren aukera zabaltzeko erabakiarekin oso haserre daude Elizaren alde kritikoa osatze dutenek. Kardinal kontserbadoreen taldeari mesede egiten diola salatu dute, gehiengoa izanda nahikoa izango baitute bozkaldia luzatzearekin kontsentsuko aita santu bat bilatu behar izan gabe, bi herenen aritmetikak behar lezakeen bezala. Araudiak ez dio ezer boto zurien eta baliogabeen gainean. Zilegi dira? Hala ematen du, ez baititu galarazten. Azken konklabeen literaturan ez da horrelako kasuen berririk ematen.
Abstentzioa ere ez du aipatzen arauak espresuki, baina «dauden kardinalak adina boto» zenbatu behar direla dioenez, ulertu behar da kardinalek ezin diotela uko egin bozkatzeari. Gaizki hartuko lukete jarrera pasibo hori.
Aukeratua ez dago behartuta ardura hartzera, arauan Joan Paulok II.ak «erregutu» egiten diolako «umiltasun guztiarekin hartzea Jainkoak ezarri dion karga». Albino Luciani, Joan Paulo I.a, izan omen da azken aukeraketetan etsipenik handienez hartu zuena ardura. Bizirik iraun zuen hilabetean beste konturik ez omen zeukan biografoek diotenez, berak ez zuela balio aita santu izateko eta hura oso karga handia zela beretzat.
OHITURAKIzena aldatzea da normalean egiten dutena
Konklabean aukeratu berri duten hautagaiari kardinalen dekanoak hurbildu eta bi galdera egingo dizkio. Lehena, kargua hartzeko prestasunaz: «Onartzen al duzu aukeratze kanoniko hau zu aita santu izateko»?. Bigarrena izenaz: «Nola nahi duzu deitzea»?.Aita santu aukeratu berriak Petriren izena hartzea gaizki ikusita dago, eta inork ez du egin elizaren historian. Horregatik ez da Petri II.ik ageri Petriren ordezkoen zerrendan. Bataioko izenari eustea ere gaizki ikusita dago, azken mendeetan. Lehen mendeetan, ordea, eutsi egiten zioten bataioko izenari, eta horrela egin zuten Joan II.ak 533. urtean ohitura aldatu zuen arte. Handik hamar mendera, Martzelo II.ak eutsi egin zion bere izenari. Ez zuen denborarik izan beste erabaki transzendentalik hartzeko; hilda agertu baitzen handik 21 egunera. Geroztik, inor ez da animatu horrelakorik egiten.
Albino Lucianik aurreko bien izenak (Joan XXIII.a eta Paulo VI.a) konbinatu zituen Joan Paulo I.a deitzeko nahia agertu zuenean. Wojtylak, Petriren aulkian justu hilabete eseri izan zenari omen eginez, II.a erantsi zion.
ELIZA KATOLIKOKO BURUAREN AUKERAKETA. Lasto lehorrak ke zuria sortu zain
Bihar hasiko da Vatikanoan Joan Paulo II.aren ordezkoa aukeratzeko prozesu korapilatsu eta zeremoniatsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu