Erresuma Batuan giza enbrioiak klonatzeko baimena eskatu dute

Newcastlego Unibertsitateko ikertzaile talde batek, klonatutako enbrioietako zelula amak erabili nahi ditu diabetea sendatzeko; datozen egunetan jakinaraziko du HFEAk proiektuari buruz hartutako azken erabakia

ERREDAKZIOA
2004ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko zientzialari talde batek enbrioiak helburu terapeutikoekin klonatzeko baimena eskatu dio Giza Ernalkuntzarako eta Enbriologiarako Agintaritzari (HFEA). Erakunde honek datozen egunetan jakinaraziko du erabakia, eta, klonazio terapeutikoa egiteko baimena emango balu, klonatutako enbrioien bidez lortutako zelula amak erabili ahal izango lituzkete diabetesa sendatzeko.

Miodrag Stojkovic Newscastleko Unibertsitateko Giza Genetikaren Institutuko irakaslea eta Alison Murdoch Newcastlego Ernalkuntzarako Zentroko kidea dira proiektuaren arduradun nagusiak. Murdochek azaldu duenez, Dolly klonatzeko erabili zuten teknika bera erabiliko dute ikertzaileek. Lehenik, emailearen obuluari nukleoa kenduko diote. Ondoren, gaixoaren zelula baten material genetikoa obuluan txertatuko dute, eta, hortik, enbrioia sortuko da. Enbrioia, baina, 14 egun baino lehen deuseztatu egingo dute.Beste norbaiten enbrioi edo zelula amak erabiliz gero, gaixoaren gorputzak atzera bota ditzake. Enbrioi klonikoen kasuan, ordea, arriskua txikiagoa dela diote adituek. Hala ere, diabetea edo beste edozein gaixotasun sendatzeko eta zelula amak erabili ahal izateko ikerketa ugari egin behar da oraindik. Murdochen esanetan, bost eta hamar urte inguru beharko dira horretarako. Adituek azaldu dutenez, hamar urte barru intsulina egiteko gai diren zelula amak txertatu ahal izango zaizkie diabetikoei.

Kritikak

Abortoaren eta klonazioaren aurkako taldeek eskaera atzera botatzeko eskatu diote HFEAri. David King Giza Genetikaren Alerta izeneko klonazioaren aurkako erakundeko arduraduna da. Bere esanetan, proiektua arduragabea, etikaren aurkakoa eta zientifikoki ahula da: «Ikerketa honen atzean helburu politikoak daude. Enbrioi horiek seguru asko, ez dira medikuntzarako erabilgarriak izango. Bai, ordea, gizakiak klonatu nahi dituztenentzat».

Gaixotasun genetikoak dituzten 130 familiak osatzen dute Genetikan Interesatutako Taldea izeneko erakundea eta Alastair Kent da bertako burua. Klonazio terapeutikoa milioika lagunentzako irtenbidea dela esan du Kentek. Bere arabera, ikerketa hauen aurka daudenek gaixoen beharrak gogoratu beharko lituzkete. Kingen ustez, baina, badira gauza bera lortzeko beste irtenbide batzuk ere: «Zelula amekin lan egiten duten erakundeak klonazioarekin zerikusirik ez duten bideak ikertzen ari dira. Egin dezagun gauza bera hemen ere».Giza enbrioiak erabilera terapeutikorako klonatzea legezkoa da bost herrialdeetan: Erresuma Batuan, Suedian, Israelen, Australian eta Singapurren. Baina Newcastlego adituek proiektuarekin aurrera egiteko baimena eskuratuko balute, Europan horrelako zerbait egiten den lehen aldia izango litzateke. Era berean, ordea, EBko kide diren herrialde talde batek klonazio mota guztiak debekatzeko eskatu dio NBEri.Erresuma Batuan debekatua dago klonatutako enbrioiak ernalketarako erabiltzea. Hori egiten duenak hamar urteko kartzela zigorra jaso dezake.Hala ere, lehen giza enbrioi klonikoak Hego Korean sortu zituen bertako zientzialari talde batek. Kasu hartan, zelula amak eskuratu zituzten enbrioi klonikoetatik. Baina gaixo batekin bateragarria ziren zelula amak sortu ahal izateko 30 enbrioi klonatu zituzten 242 obulu erabiliz. Baina, adituen esanetan, esperimentuak ez zuen arraskatarik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.