Esklabotza existitzen dela onartu du Afrika erdiak

Giza trafikoa ezeztatzeko, lankidetza bultzatzeko prest agertu dira herrialde horiek

2004ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Giza trafikoaren gaineko datu kezkagarriak azaldu ditu, berriz ere, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren menpeko Innocenti Ikerketa Zentroak. Afrikako 53 herritako egoera aztertu dute Eman begiratu bat giza trafikoari: Afrikako emakume eta haurren egoera izenburuko txostenean. Ondorioa garbia da: «Afrikako herrien erdiek giza trafikoa existitzen dela onartzen dute, eta arazo larria dela esaten dute».

Giza trafikoaren arrazoiak, egungo joerak eta lekuan lekuko araudiak aztertu dituzte txostenean. Joerei dagokion atalean hainbat datu eman dituzte. Horietako batek dio Afrikako herrien %49k esklabotzak bizirik dirauela onartzen dutela, eta esklabotza arazo larritzat jotzen dutela. Giza trafikoa ezeztatzeko, herrialde afrikarren arteko lankidetza sustatzearen alde agertzen dira horiek. «Neurri eraginkorrak eta arazoaren kontra egiteko estrategia zehatzak» eskatzen dituzte guztiek. Aztertutako 53 herrialdeetatik Libiak, Aljeriak, Cabo Verdek eta Mauriziok bakarrik ukatu dute giza trafikoa existitzen dela.Giza trafikoaren inguruko «datu sinesgarriak» lortzea «ezinezkotzat» jotzen du Andre Rossi txostenaren egileetako batek, «Afrikak ez duelako horretarako bitartekorik». Nolanahi ere, kaltetuenak haurrak eta emakumeak direla nabarmentzen du txostenak. Zentzu horretan dio haurrek emakumeek baino bi aldiz arrisku handiagoa dutela trafikatuak izateko. Hala ere, haurren trafikoa emakumeena baino errazago salatzen dute gobernuek: «Emakumeen trafikoa salatzen dutenen halako bi dira haurren trafikoa salatzen duten herrialdeak».Afrikako giza trafikoa mugez barrukoa da, hein handi batean. Dena den, Afrikako herrien %34ek Europara eta Ekialde Hurbilera ere saltzen dituzte haurrak eta emakumeak, han esklabo gisa jarduteko. Afrika barruko giza trafikoa, berriz, «bi norabidekoa» izaten da normalean. Beste modu batera esanda, haurrak eta emakumeak saldu nahiz erosi egiten dituzte herrialdeen %58 inguruk. Nolanahi ere, pobreziak gogorren astindutako herriak izan ohi dira normalean «herrialde emaileak». Innocentiren arabera, Nigeria da haur eta emakume esportatzaile handiena. Bigarren atal batean, giza trafikoaren arrazoiak aztertzen dituzte. Arrazoi nagusia pobrezia dela dio idatziak, baina ez bakarra. «Giza trafikoaren arrazoiak konplexuak dira eta gehienetan, elkarri lotuta agertzen dira» dio. Gerrak, gatazkak, ezegonkortasun ekonomiko nahiz politikoa, zapalkuntza eta diskriminazioa dira faktore nagusietako beste batzuk. Bestalde, ezkontza goiztiarrek eta erroldarik ez egoteak «nabarmen gaiztotzen dute» haurren eta emakumeen egoera. Guzti horren inguruan, adopzio eskaeren eta haurren salerosketaren inguruan sakonago aztertzea ezinbestekotzat jotzen dute, giza trafikoarekin amaitzeko.Afrikako herrialde askok onartu dute giza trafikoa existitzen dela, baina, txostenaren arabera, gutxik jarri dituzte indarrean haren kontra egiteko araudiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.