Esne Bidea unibertsoa bera bezain zaharra izan daitekeela esan du Italiako eta Europako Espazio Behatokiko (ESO) astronomo talde batek. Ondorio horretara iristeko, astronomoek punta-puntako teknologia erabili dute. Horri esker, Esne Bidean sortu ziren izar zaharrenen adina zehaztea lortu dute. Hortik ondorioztatu dute gure galaxia Big Bang leherketa handiaren ondoren sortu zen lehenengo galaxietakoa izan zela. Leherketa handia gertatu zenetik 13.700 milioi urte inguru pasatu dira, eta, adituek uste dutenez, gure galaxiak 13.600 milioi urte inguru ditu.
Erloju kosmologikoa
Datatze hori egin ahal izateko, elementu kimiko batean oinarritu dira astronomoak, berilioan. ESOko astronomoek azaldu dutenez, berilioa behatzea oso zaila da, eta soilik teleskopio bakar batekin ikustea lortu dute.
Uves de Kuyen espektrometroarekin ikusi ahal izan dute berilioa. Teleskopio hori Txilen dagoen Paranal behatokiko lau teleskopio handietako bat da. Astronomoek adierazi dutenez, Uves de Kuyenen bitartez, berilioa aurkitu izan dute NGC 6397 kumuluan dauden bi izarretan. Bi izar horiek 7.200 argi urtera daude. Kumulu hori, gutxi gorabehera, orain dela 13.400 milioi urtekoa da.
Berilioa oso elementu kimiko arina da, forma egonkorrenean eta ohikoenean, Berilio 9a lau protoi eta bost neutroi ditu nukleoan. Berilioa baino arinagoak hidrogenoa, helioa eta litioa dira, baina horiek leherketa handiaren ostean sortu ziren, adituen arabera. Astronomoen ustez, berilioak duen ezaugarririk aipagarriena izar artean sortzen dela da. Hori dela eta, erloju kosmologikoa modukoa izan daiteke, eta, hala, izarren adina zehazten lagundu.Berilioa erloju kosmologikomoduan erabiltzeko teoriak indar handia hartu du azkeneko hamarkadetan. Hala ere, berilioa aurkitzeko zailtasunek teoria hori aplikatzea zail egin dute.
ESPAZIOA
Esne Bidea unibertsoa bera bezain zaharra da
Italiako eta ESOko zientzialariak berilioaz baliatu dira kalkulu hori egiteko; haien ustez, 13.600 miloi urte ditu Esne Bideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu