Ilargira eta Martera gizakia bidali nahi izatekotan, Ameriketako Estatu Batuek NASA espazio agentzian erreformak egin beharko direla esan du George Bush AEBetako presidenteak espazio gaietarako sortutako batzordean. Bestalde, NASAk enpresa pribatuei kasu handiagoa egin behar diela ere esan du.
2020. urterako Ilargira astronauta talde bat bidali nahi duela esan zuen urtarrilean George Bushek. Martera norbait bidali nahi duela ere aipatu zuen egun berean, baina ez zuen noizko eraman nahi zuen zehaztu. Helburu horiek aztertzeko Espazio Gaietarako Batzordea sortu zuen, eta, Edward Aldrige batzordeko buruak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, aztertutakoen berri emateko.14 proposamen ditu batzordeak atzo argitaratu zuen txostenak. Lehenengo atalean, espazioaren azterketarako helburuak zehaztuta daude. Bertan, hiru arrazoiengatik espazio ikerketa sustatu behar dela dio: ezagutza gehitzeko, teknologia berriei lotutako irabazi ekonomikoengatik, eta, AEBen segurtasunerako bide berriak aztertzeko. Ondorio nagusi gisa parte-hartze pribatua sustatu behar delako ideia jarri dute. «NASA misio arriskutsuez eta Gobernuaren intereseko misioez arduratu beharko litzateke. Enpresa pribatuak, berriz, misio arinagoez; beheko orbitetako misioez, esate baterako. Industria pribatuaren lekua zein izan beharko litzatekeen ere esan du batzordeak: «tripulatu gabeko misioak eta garraiorako misioak industria pribatuaren lan eremuan sartzen dira». Hala ere, Edward Aldrigek argi utzi zuen kontua ez dela NASAz kanpoko enpresa pribatuei kontratuak eskaintzea: «Sektore pribatuaren sormena da interesatzen zaiguna eta hori sustatzea NASAri dagokio, hein handi batean».AEBetako Espazio Agentziaren egungo aurrekontuarekin 16.000 milioi dolarrekoa asko egin daitekeela ere nabarmendu zuen Aldrigek.
ESPAZIOA . NASAk parte-hartze pribatua sustatu behar duela diote adituek
Erreformak egitea nahitaezkoa dela dio Espazio Gaietarako Batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu