Hegazti gripearen aurka egiteko, mila milioi euro inguru biltzeko helburuarekin elkartu ziren asteartean Pekinen mundu osoko ehun bat estatu. Atzo, bi mila milioi inguru bilduta, espero halako bi, amaitu zuten bilera. Pozik zeuden antolatzaileak, baina Txinatik bertatik albiste txarrak heldu ziren: duela astebete hildako emakume batek hegazti gripearen giza aldaera zuela baieztatu zuten analisiek. Txinako seigarren biktima, eta baieztaturiko 79.a munduan.
Txinak, Europako Batasunak eta Munduko Bankuak antolatu zuten Pekingo goi bilera. Arrakasta handia izan da. EBk 200 milioi euro inguru eman ditu, eta Ameriketako Estatu Batuekia 300. «Ahalegin izugarria», egiteko eskatu zien parte-hartzaileei Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Kofi Annanek. Bruselak 100 milioi euro inguru agindu zituen, baina bidea eman die estatukideei diru gehiago emateko. Erresuma Batuak 33 milioi inguru eman ditu, Frantziak 28 eta Alemaniak 23. OMEk eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) kudeatuko dute dirutza. Txinak zortzi milioi baino ez zituen eman, kaltetuenetako bat izan arren.Diruaren erdia Asiako hegoaldean gastatuko da. Han agertu dira kasu gehienak hegaztien zein gizakien artean. Nekazariei kalte-ordainak emango dizkiete, hegaztiak hiltzeko operazioak egiten direnean. H5N1 birusak mutatu eta pandemia abiatzea saihestu nahi dute, gaitzari erroan ekinez. Birusaren aldaera hori zuen urtarrilaren 11n Txinako hego-mendebaldeko Sichuan eskualdean hil zen 35 urteko emakumeak, Pekingo agintariek atzo baieztatu zutenez.
Espero halako bi eman dute estatuek hegazti gripearen aurka
Dagoeneko sei dira gaitzaren giza aldaerak Txinan hil dituen pertsonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu