ELIZA KATOLIKOKO BURU BERRIA

Estatu idazkaria mantenduko du Ratzingerrek

Pekinek harreman diplomatikoak berriz abiatzea eskaini dio Vatikanoari, Taiwan Txina dela onartzeko baldintzarekin

Erredakzioa
2005eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Vatikanoko politikak orain arteko ildotik jarraituko duela adierazten dute Joseph Ratzinger Eliza katolikoko aita santu berriak harturiko lehen erabakiek. Izan ere, Angelo Sodano kardinalak Vatikanoko Estatu idazkaritza postuan jarraituko duela ebatzi zuen atzo Benedikto XVI.ak. Horrez gain, ikuskizun da agintari berriak aintzat hartuko ote duen Txinak atzo harreman diplomatikoak berriz abiatzeko Vatikanoari eginiko eskaintza.

Sodano eta Erromako aginteko kuria beste kargudun batzuek beren postuetan jarraituko dutela esan zuen atzo Ratzingerrek. Kuriako buruak «besterik erabaki arte» jarraituko dutela adierazi zuen, eta horrek etorkizunean aldaketak izango direla aditzera ematen du. Sodanoren kasuan, ordea, argi utzi zuen Vatikanoko buru berriak izendapenak ez duela atzerabiderik. Joan Paulo II.ak izendatu zuen Sodano 1991an. Estatu idazkaritza Eliza katolikoko bigarren posturik garrantzitsuena da, aita santuarenaren atzetik. Karguan jarraitu du Sodanok, 2002an 75 urte bete zituen arren. Adin horrekin hartzen dute erretiroa Vatikanoan.

Txinaren baldintzak

Erromako Elizak Taiwanekin duen lotura etenez gero, Vatikanoarekiko harreman diplomatikoak berreskuratzeko prest dago Txina, atzo hango lehen ministroak adierazi zuenez. «Txinak berresten du Vatikanoarekiko harremanak abiatu nahi dituela, baina Vatikanoak onartu beharko du Txina bakarra dagoela munduan», esan zuen Wen Jiabao lehen ministroak.

Pekinek eta Vatikanoak 1951. urtean hautsi zituzten harremanak, Txinan komunistak nagusitu eta bi urtera. Pekinek izendaturiko bi apezpiku eskumikatu zituen Vatikanoak eta Taiwanekin harreman diplomatikoak abiatu. Taiwan 1949. urtean banandu zen Txinakotik, eta Pekinentzat «eskualde matxino» izaten jarraitzen du. Pekinek beste baldintza bat jarri zion atzo: Vatikanoak apezpikuak izendatzeko botererik ez izatea Txinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.