INGURUMENA

Europako kutsaduraren mapa

'Aura' satelitearen bidez, munduko kutsaduraren kartografia osatzen ari dira zientzialariak, eta Europakoa da lehen irudia

Erredakzioa
2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Lehen aldiz, mundu osoko kutsadura zain dezakegu, egunez egun», esan du Pieternel Leveltek, Herbehereetako Institutu Meteorologikoko zientzialariak. NASAren Aura satelitean ezarritako tresna baten bidez, kutsaduraren mapa zehatzak osatzen ari da Levelt. Europako kutsaduraren puntu beltzak agertzen dituen mapa argitaratu du. Sateliteen bidezko jarraipenari esker, kutsadura nola sortzen eta desagertzen den aztertzeko asmoa du.

Aura sateliteko Ozonoa Zaintzeko Gailuari (Omi) esker, egunez egun airearen kalitatearen argazkia egiten ari da Herbehereetako eta Finlandiako zientzialari talde bat. Aura satelitearen lau gailuetatik bat da Omi. Atmosferaren osaketa kimikoa zaintzen dute, batez ere, ozono geruza. Horrez gain, hirietako kutsadura osatzen duten gasak aztertzen ari dira.Troposfera zaintzen dute, hau da, atmosferaren parterik baxuena. Hor nahasten da bizidunek arnasten duten airea.

Nitrogeno dioxidoari jarraika

«Gure mapek lagunduko dute kutsadura nola sortzen den ulertzen, nondik datorren, alegia, eta nora doan», gaineratu du zientzialariak. Nitrogeno dioxidoa (NO2) jarraitzen ari dira Omiren bidez. Gas horrek parte hartzen du lur azaleko ozonoa sortzen. Ozonoa oso onuragarria da atmosferaren goiko geruzetan. Ozono geruza osatzen du han eta Eguzkiaren izpi ultramore arriskutsuetatik babesten ditu Lurreko bizidunak. Troposferaren maila baxuetan, ordea, pozoi arriskutsua da ozonoa eta arnasbideetako arazoak eragiten ditu. Ozonoaz gain, euri azidoa eragiten du nitrogeno oxidoak. Nekazaritzan kalte egiten du eta uraren kalitateari kalte egiten dio. Horrez gain, mutazio biologikoak eragiten dituzten hainbat gai toxiko sortzen ditu, bestelako gasekin eta konposatu organikoekin erreakzionatzen duenean. Lurraren berotzea bultzatzen du, osagaien artean berotegi gasak dituelako. Uda guztietan, larrialdia eragiten du ozonoak Europako hainbat hiritan, Parisen, esaterako.

Gasolina eta kerosenoa erretzen duten motoreetan sortzen da nitrogeno dioxidoa, baita prozesu industrialetan, egurra edo bestelako gai organikoak erretzean ere. Ekaitz elektrikoetan ere NO2 sortzen dute tximistek. Edonola ere zirkulazioak sortzen du NO2ren erdia baino gehiago. Gasa erraz barreiatzen da, eta sorburutik milaka kilometro bidaia ditzake. Horregatik da interesgarria haren jarraipena egitea. «Kutsaduraren kimika ulertzen laguntzen digute mapok, eta oso garrantzitsua da gure ereduak zuzenak diren egiaztatu nahi badugu», dio Leveltek.Gasaren jarraipena eginez, aire kutsadura arazo larriak non sortuko diren aurresateko aukera emango du Omik. Plazaratu duten lehen mapak erakusten duenez, gas kontzentrazio handiak daude Europako hiri handienetan, eta arazoa bereziki larria da Anberesen (Flandes), Rotterdamen (Herbehereak) eta Ruhr ibaiaren arroilan (Alemania). Mapak froga fasean daude egun, datuak fidagarriak ote diren ikusteko. Mundu osoko informazioa aurki eskuragarri jartzen hastea espero dute.

 



-

POLUZIOA ETA OSASUNA



 

Kontaminazioak 100 pertsona hil ditu Teheranen





Irango osasun agintariek zabaldu dutenez, 100 pertsona hil dira azken egunotan Teheran hiriburuan, kutsadurak eraginda. Erietxeetako iturrien arabera, 1.000 bihotzeko kasu edo arnasketa krisi artatu dituzte. Eskolak eta bulego publikoak itxi dituzte, zirkulazioa murrizteko asmoz. Izan ere, hiru milioi auto daude Teheranen. Teheran mendiz inguratuta dago, eta aire kutsatua hiriaren gainean gelditu da, azken asteotan ez delako haizerik edo euririk izan. Bihartik aurrera, soilik autoen erdiari utziko diete hirigunera sartzen, matrikularen lehen zenbakia bakoitia dutenak egun batean eta bikoitia dutenak hurrengoan. Gero eta arazo larriagoa da kutsadura garatzeko bidean diren herrialdetako hiri handietan, batez ere Asian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.