'Hamargarren planeta' Pluton baino handiagoa da

Astronomoen arabera, 3.000 kilometroko diametroa du 2003 UB313 objektuak

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2006ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hamargarren planeta delakoaren auziak bultzada handia jaso du. Duela hiru urte eguzki sistemaren bazterretan aurkituriko 2003 UB313 objektua Pluton planeta baino handiagoa dela diote Alemaniako astronomoek. Susmoa egiaztatu dute horien neurketek: objektuak 3.000 kilometroko diametroa du, Plutonek baino 700 km inguru gehiago. Nature aldizkariaren azken alean eman dute kalkuluaren berri. Objektua eguzki sistemako hamargarren planeta izendatu beharko litzatekeela diotenek beste argudio bat dute. Baina beste batzuek planeten klubeko ateak itxi nahi dizkiete azken orduko etorkinei. Abuztuan bilduko dira munduko astronomoak erabakitzeko.

«2003 UB313 Pluton baino handiagoa dela frogatuta, zailagoa da orain justifikatzea Plutoni planeta deitzea, UB313ri halako kategoria ematen ez bazaio», dio Frank Bertoldi astronomoak. Bertoldi Irratiastronomiarako Max Planck Institutuko kidea da, eta 2003 UB313 objektua neurtu duen taldeko kidea. 1846. urtean Neptuno topatu zutenetik eguzki sisteman aurkituriko objekturik handiena da.

Neurtzeko zaila

Oso zaila da 2003 UB313ren tamaina zehatz jakitea, Eguzkitik oso urrun dagoelako: Plutonena baino bi aldiz urrutiagora heltzen da haren orbita. Sierra Nevada (Espainia) mendikateko Pico Veleta behatokiko Iram teleskopioa erabili dute astronomo alemaniarrek. Objektuak 1,2 milimetroko uhin-luzeran igortzen duen erradiazioa neurtu dute. 2003 UB313ren azala argia ala iluna izan, erradiazio berdina da uhin-luzera horretan.

Edonola ere, 3.000 kilometroko kalkuluak 400 kilometroko akats tartea duela esan dute astronomoek. Edonola ere, Pluton baino handiagoa izango da.

Eztabaidaren objektua

2003ko urriaren 31n egin zioten lehen argazkia, baina hamabost hilabete geroago arte ez zuten haren mugimendurik jaso, oso poliki higitzen delako. Neptunotik harantzago dagoen harri eta izotz multzoan dago, Kuiper Gerrikoan. 2005eko urtarrilaren 8an jabetu ziren objektua oso urrun zegoela, eta horren urrun egoteko argi asko ematen zuela. Hortik ondorioztatu zuten handia izan behar zuela, nahitaez.

2003 UB313 behin-behineko izen ofiziala da, baina astronomoek Xena esaten diote, gogoratzeko eta ahoskatzeko errazagoa delako. Xena telebistako sail bateko heroia da, printzesa gerlaria. Planeta dela erabakitzen badute, Greziako mitologiatik ateratako izen bat jarriko diote.

Edonola ere, eztabaida zaila gertatzen ari zaio Nazioarteko Astronomoen Batasunari. Bi proposamen ditu mahai gainean. Lehenak objektuen tamaina hartzen du kontuan. Onartzen bada, 2003 UB313 hamargarren planeta bihurtuko da eta atzetik joango zaizkio Kuiper Gerrikoan aurkitzea espero duten antzeko tamainako objektuak. Astronomo asko ez daude ados konponbide horrekin, uste dutelako jendea prest egongo dela hamargarren planeta onartzeko, baina ez planetak 23 direla bat-batean entzuteko. Izan ere, 1.000 objektu inguru aurkitu dituzte Kuiper gerrikoan 1992. urtetik, txikiagoak badira ere.

Hona proposatu duten bigarren konponbidea: Pluton planeten familiatik kanporatzea. Plutonek planeta izaten jarrai dezan «arrazoi zientifikorik» ez dagoela argudiatzen dute aukera honen aldekoek. Proposatzen duten definizioaren arabera, objektu bat planeta dela esateko ez da aski neurria kontuan hartzea. Horrez gain, objektu horrek nagusi izan behar du bere ingurunean. Horri kasu eginda, Pluton ez zen planeta izango, Neptunoren orbita gurutzatzen duelako, eta Neptuno handiagoa eta nagusi da hor.

Bigarren proposamena gaitzesten dutenek zera argudiatzen dute: Pluton dagoeneko denbora luzez hartu da planetatzat orain aldatzen hasteko. «Nola azalduko diegu haurrei?», hona, argudio umorezkoa.

Xena-k ilargi bat duela zabaldu zuten urriaren hasieran astronomoek, eta GabrielleXenaren laguna telebista saioan jarri zioten, behin-behinean.

Abuztuan bilduko da Nazioarteko Astronomia Batasunaren biltzar nagusia. Objektu bat noiz den planeta eztabaidatuko dute. 2003 UB313 hamargarren planeta bihurtzen ote den jakingo da orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.