Van hiriko erietxean sartu zituzten joan zen astean Dogubeyazit hiriko 14 urteko Mehmet Ali Kocyigit eta haren hiru anai-arreba. Sukar handia eta eztula zuten, eta odola botatzen zuten ahotik. Umeen aitak esan zuenez, etxeko oilategian hilik agerturiko oilaskoetako bat prestatu zien haurrei jateko. Hegaztia jan eta berehala gaixotu ziren.
Nerabea hil ondoren, hegazti gripe kasua izan zitekeela ohartarazi zuten sendagile kurduek. Ankarak, ordea, pneumonia izan zela zabaldu zuen. Turkiako Gobernuko eledunak, Cemil Cicekek, «gehiegizko ardura» izatea leporatu zien sendagileei, prentsari hegaztien gripea aipatu ziotelako.Atzo 15 urteko Fatma arreba hil zen erietxe berean. Kocyigit sendiko 11 urteko Hulya haurrak ere hegazti gripea duela uste du horretaz arduratzen ari den sendagileak, Ahmet Faik Onerrek. Haurra «hil ala biziko egoeran» dago eta makinek lagunduta arnasten du.
Erietxeak, gainezka
Van hiriko erietxeko beste bederatzi gaixok hegazti gripearen sintomak dituztela esan zuen ospitaleko zuzendaritzak. Gaineratu zuenez, beste gaixo batzuk Erzurum hirira eraman behar izan dituzte, Vanen ez dagoelako arnasten laguntzeko behar beste makinarik.
Haur kurduak hil dituen mikrobioa hegazti gripearen birusaren H5N1 aldaera den aztertzen ari dira Erresuma Batuan, Europako Batasunak izurriari aurre egiteko ezarritako laborategi nagusian. Aldaera hori hilgarriena da gizakientzat. Bruselak ordezkaritza bat bidali du Kurdistanera, egoera bertatik bertara aztertzera. «Litekeena da H5N1 aldaera izatea», esan zuen atzo Osasunerako Mundu Erakundeko eledun Guenael Rodierrek.
Dogubeyazit hirian atez ate ibili ziren atzo hainbat albaitari talde herritarrei hegaztiak emateko eskatzen. Eskualdekoan herritar gehienek hazten dituzte hegaztiak etxean. Dogubeyazit herritik ehun kilometrora hauteman zuten joan zen astean hegazti gripearen izurria, Aralik herrixkan, Armeniako mugatik gertu.
Agerraldia Ukrainan
Krimeako penintsulako herrixka batean hegazti gripearen beste agerraldi bat gertatu dela zabaldu zuten atzo Ukrainako agintariek. Solnetxnoie herriko hegazti guztiak hil zituzten osasun arduradunek. Aste honetan 40.000 inguru oilasko hil dira Krimeako hainbat etxaldetan, baina agintariek esan dutenez, hegazti katarroak hil ditu animaliok, ez gripeak. Lehen ere, H5N1 birusa hauteman dute Ukrainan.
Asteazkenean, 1.800 hegazti hil zituen gaitzak Txinako Sitxuan eskualdean, hegazti gripeak 2006an eginiko lehen agerraldian.
-
MIGRAZIOAK
Asiako erromesekin kezkatuta daude Mekan
Beste batzuk hegazti basatien migrazioekin arduratuta dauden bitartean, Mekara urteroko erromesaldia egitera Asiatik heltzen diren ehunka mila erromesekin daude kezkatuta Saudi Arabiako agintariak. Igandean hasiko da erromesaldia, eta Asiatik helduriko pertsonen kontrola areagotu dute. Gutxienez 70 pertsona hil ditu gaitzak Asian. Mekako aireportura egunero heltzen diren hegazkinetako eskifaiei, esaterako, ez diete ateak irekitzen uzten, kabina desinfektatu dutela frogatu arte. Desinfektagarri pote hutsak erakustera behartzen dituzte. Ondoren aireportuko gune berezi batera eramaten dituzte erromesak, haien herrietan beste gaitz kutsagarrien aurkako txertoak hartu dituztela agirien bidez froga dezaten. Agiriak ez dituztenei, bertan jartzen dizkiete txertoak.