Hirukoiztu egin dira exekutatuen inguruko zenbakiak aurreko urteari dagokionez. Albiste ona honakoa da: munduan heriotza zigorra gehien erabiltzen duen herrialdea da Txina eta exekuzioak areagotu baino, gardentasuna areagotu da. 2003 eta 2004ko kopuruen artean halako diferentzia dago «ezaguturiko kasuak gehiago direlako eta informazio iturri gehiago lortzerik izan delako, hein handi batean», esan zuen atzo AIk Suitzan duen eledunak Manon Schick. Albiste txarra, ordea, honakoa da: Amnesty Internationalek aipaturiko Txinako barne iturrien arabera, 10.000tik hurbil legoke exekutatuen benetako kopurua.
Tortura eta epaiketa okerrak
«Kezkagarria da munduan exekutatu dituzten gehienek ez dutela epaiketa justurik izan. Asko zigortu dituzte torturapean lorturiko 'frogetan' oinarrituta», dio nazioarteko erakundeak. Txina, Iran, Vietnam eta Ameriketako Estatu Batuak dira lehenak exekutatzaile nagusien zerrendan. Lau estatuotan egiten dituzte mundu osoko exekuzioen %97.
AEBetako adibide bat jarri zuen mahai gainean AIk, heriotza zigorrak justiziarekin zerikusirik ez duela nabarmentzeko. Heriotzaren korridorean bost urte eman ondoren iaz askatu zuten Ryan Matthews. 17 urte zituenean pertsona bat hil izana leporatu zioten, eta epaileek erruduntzat jo zuten. Helegite epaile batek gero erabaki zuenez, epaiketan fiskaltzak frogak isilpean gorde zituen eta DNA azterketek Matthews errugabe jotzen zuten. 1973. urtetik heriotzaren korridoretik errugabeturik atera den 115. presoa da Matthews.AIk pozik hartu du AEBetako Auzitegi Nagusiak aurtengo martxoan adingabekoen inguruan emaniko ebazpena. Horren arabera, Konstituzioaren aurkakoa da heriotza zigorra ezartzea legea hautsi zuten garaian 18 urte baino gutxiago zituztenei.Edonola ere, haurrak exekutatzen jarraitzen dute hainbat herrialdetan. Iranen gutxienez hiru hil zituzten 2004an. Txinan beste bat hil zuten, legea hautsi zuen garaian zer adin zuen argitu baino lehen.Itxaropenerako zirrikitu bat ikusi du AIk Txinako Auzitegi Nagusiko presidenteordeak Huang Songyou eginiko iragarpenean. Txinan ebazten diren heriotza zigor guztiak Auzitegi Nagusiaren eskutik igarotzeko beharra ezarriko dela esan zuen Songyouk. 1980ko hamarkadatik auzitegi apalagoek erabaki eta aztertzen dituzte heriotza zigorren %90. Songyouk proposaturiko erreforma ezarrita, egun emanda dauden zigor guztiak berriz aztertu beharko dituzte.
Estatu exekutatzaile berriak
Hainbat estatutan pertsonak exekutatzen berriz hasi direla jakiteak iluntzen ditu, ordea, AIk ikusitako itxaropen argiak. Afganistanen buruzagi militar bat hil zuten epaiketan defentsarako abokaturik ere izan ez zuen arren. AIk protesta egin ondoren, exekuzioak bertan behera utziko zituztela esan zuen Hamid Karzai presidentearen eledun batek.
Indian 1990tik ezagutzen den lehen exekuzioa egin zuten abuztuan. Dhananjoy Chatterjee urkatu zuten, 13 urte preso eman ondoren, neska gazte bat bortxatzea eta hiltzea leporatuta.Indonesian indiar bat hil zuten, herrialdera heroina sartu izana leporatuta, hiru urte exekuziorik egin gabe igaro ostean.Steven Oken hil zuten ekainaren 17an Marylanden (AEB). Estatu horretan 1998tik heriotza zigorra jaso duen lehen pertsona da Oken. Luzapena ezarri zuen azken gobernadoreak. Berriak atzera jarri ditu indarrean exekuzioak.
-
Datua
7.395
Iaz 7.395 pertsona zigortu zituzten heriotzara munduko 63 herrialdetan.