Hiru milioi txinatar ur gabe, hondamen baten ondorioz

Kimika lantegi bateko leherketak bentzenoarekin kutsatu du Harbin hiriko ur hornidura

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hondamendi ekologiko batek arriskuan jarri du milioika txinatarren eta errusiarren ur hornidura, Txinako iparraldearen eta Errusiaren arteko mugaldeko eskualdeetan. Kimika lantegi batek eztanda egin zuen joan zen astean, eta herenegun arte hondamendia ezkutatu dute agintariek. Leherketak gai kimiko toxikoz bete zuen Songhua ibaia. Atzo gauean heldu zen ur pozoitua Harbin hirira (3,4 milioi biztanle). Agintariek hiriko ur hornidura eten zuten eta biztanleek edateko likido guztiak eraman dituzte dendetatik. Hondamendiak agerian utzi du Txinako garapen ekonomiko ikusgarriak ingurumenean duen eragina.

Harbindik ateratzeko hegazkinak edo beste garraiobideak hartzen saiatzen ari ziren atzo herritar asko. Etxeko bainuontziak bete zituzten astelehenean, hornidura moztuko zutela zabaldu zenean. Hamabost erietxe alerta egoeran daude, eta eskolak, itxita. Txinako prentsak gogor gaitzetsi du Pekingo gobernuak hondamendia ezkutatu izana.

Minbizia sortzen duen pozoia

«Songhua ibaiko uren bentzeno mailak 108 aldiz gainditzen du segurtasun muga», esan zuen atzo Txinako Ingurumen Ministerioak. Bentzenoa eta nitrobentzenoa aurkitu dituzte, besteak beste, ibaian. Gai horiek toxikoak dira eta minbizia sortzen dute.

Hilaren 13an lehertu zen Jilin hiriko lantegia. Eztandaren ondorioz, «karbono anhidridoa eta ura» baino ez zela isuri esan zuten agintariek. Asteartean, ordea, Harbingo ur hornidura bertan behera uzteko agindu zuten. «Konponketa lanak egiteko», esan zuten hasieran. Zurrumurruak zabaldu ziren gero hirian, eta izua nagusitu zen.Gai toxikoa Songhua ibaiko uretan nahastuta jaisten ari da. Atzo gaueko hamarretan (Euskal Herrian) heldu zen hirira, eta gutxienez bi egun beharko ditu erabat igarotzeko. Ura iragazteko 700 tona ikatz aktibo behar zutela esan zuten atzo agintariek. Edateko 16.000 tona ur garraiatzen hasi ziren atzo hirira. Edonola ere, kopuru hori Harbingo biztanleek egun batean kontsumitzen dutena baino gutxiago da. «Ekialdeko San Petersburgo» esaten diote Harbini. Izan ere, Errusiako kulturaren eragin handia du, eta Txinako hiririk hotzenetakoa da. Turista asko joaten dira neguan, izotz jaialdia dela eta. Errusiari ere eragiten dio hondamendiak. Songhua ibaiak muga gainditzen du, eta Amur ibaian isurtzen ditu urak. Amur da Khabarovsk hiriaren ur iturri nagusia. Milioi bat pasatxo pertsona bizi dira Amur ibaiak ureztatzen duen eskualde horretan.

KUTSADURA TXINAN



Garapen ekonomiko ikusgarriaren prezioa



«Ur tanta bakoitzarengatik borrokatu edo hil, horra Txinak duen erronka», esan du berriki Pekingo gobernuko Ur Baliabideen ministroak, Wang Shuchengek. Izan ere, kutsadura da Asiako erraldoia garapen ekonomiko azkarrarengatik ordaintzen ari den prezioa. Edateko ur falta da horretan larriena. Ur segurtasuna bermatuta dagoela esateko Nazio Batuen Erakundeak ezarritako mugatik behera daude Txinako iparraldean. Txinatar bakoitzak duen ur hornidura munduko beste biztanleek batez bestean dutenaren laurdena da. Hiriak zein lantegiak hazi ahala, eskaera areagotzen ari da etengabe.Txinako Gobernuaren kalkuluen arabera, 360 milioi pertsonak ez dute edateko ur egokirik, eta ibaien zein aintziren %70 kutsatuta daude. Yangtze ibaiak munduko 12 biztanletik bat hornitzen du, baina haren 207 ibaiadarretatik laurden baten urak ez dira egokiak ezta landareak ureztatzeko ere. Yantzek hornitzen du Chonqqing hiria, eta hiriko erdialdeko iturriko uretan Txinan debekaturik dauden 101 gai kimikotik 80 aurkitu dituzte. Lur azpiko urak ere kutsaturik daude (%95). China Daily egunkariaren arabera, gutxienez bi milioi pertsona gaixotu dira Txinan, edateko urak artsenikoa duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.