Duela bi urte Flores uhartean (Indonesia) aurkitu zuten eskeleto zatia, Hobbit izenez bataiatu zuten hura, giza espezie berri batena dela berretsi du Ameriketako Estatu Batuetako, Australiako eta Indonesiako ikertzaile talde batek. Hobbit-en garezurra aztertu dute eta Homo erectus-aren antz handia duela ikusi dute. Zalantzarik ez dago, haien ustez. Edo, behintzat, ez dago kontrakoa esateko moduko frogarik. Floresko uhartean aurkitu zuten garezurra ez da behar bezala garatzeko arazoak izan zituen Homo sapiens batena, hominido espezie berri batena baizik. Ustezko giza espezie horri Homo floresiensis izena jarri zioten joan zen urrian Australiako New England Unibertsitateko arkeologoek.
2003. urteko irailean aurkitu zituzten gizaki horren aztarnak, Flores uharteko kareharrizko leize batean, 5,9 metroko sakoneran. Hasieran, ume baten eskeleto zati bat zela pentsatu zuten arkeologoek, 91 zentimetroko garaiera zuelako. Hobbit izena jarri zioten orduan, J.R.R. Tolkienen The Lord of the Rings eleberriko pertsonaia txikien omenez. Geroago, gizaki heldu batena zela jakin zuten, hortzen analisia eginda. Pelbisaren formagatik, eskeletoa emakume batena zela ondorioztatu zuten hurrena, eta femur edo izterrezurrak osatuta, tente ibiltzen zela ere jakin zuten.
Baina horrek barik, Homo Floresiensis-en garezur edukierak —enfaloaren bolumenari dagokiona—, eta eskeleto haren ondoan aurkitutako tresnek harritu zituzten gehien arkeologoak. Hobbit-ek 380 zentimetro kubikoko garezur edukiera zuen. Hau da, txinpantze baten buruaren edota pomelo baten tamainakoa. Bestera esanda, orain dela lau milioi urteko Australopitecus-ak baino buru txikiagoa zuen. Baina hark ez bezala, honek tresnak ekoizten zituen, eskeletoa aurkitu zuten leize berean hainbat tresna aurkitu baitzituzten.
Eta horrek eztabaida handia sortu zuen. Izen handiko arkeologo askok zalantzan jarri zuten Australiako New England Unibertsitateko arkeologoen teoria. Haien ustez, ezin zitekeen giza espezie berri baten eskeletoa izan. Teuku Jacob Indonesiako paleontologo ezaguna izan zen teoria hori ezbaian jarri zuenetako bat. Jacoben arabera, Floresko uhartean aurkitu zuten garezurrak buruko gaitzen bat zuen Homo sapiens batena izan behar zuen, nahitaez. Mikrozefalia edo antzeko gaitzen batek jotako gure espezieko batena, hain justu ere. Mikrozefalia sortzetiko malformazioa da, eta gaitz hori dutenen garezurrak eta garunak ez dira behar bezala garatzen. Ondorioz, adimen urritasun arazoak izaten dituzte sarri. Pertsona batek mikrozefalia duela esateko, haren garezurraren zirkunferentzia horizontalak gehienez 40 zentimetrokoa baino txikiagoa izan behar du.
Ikerketa berri honek, baina, hankaz gora jarri du mikrozefaliaren teoria hori. Homo floresiensis-en garezurraren hiru dimentsiotako molde bat osatu dute ikertzaileek, eta hori zenbait hominido espezieren garezurren irudiekin alderatu dute. «Garezurraren tamainan eta garaieran Australopithecus-aren antzekoa da, baina garunaren forman Homo erectus-aren antz handiagoa du», dio Dean Falk Floridako Unibertsitateko antropologoak, Science zientzia aldizkarian argitaratu duten artikuluan. Homo erectus-aren garezurraren ondoan berezitasun batzuk ere baditu, baina. «Hobbit-en lobulo tenporala zabalagoa da». Edozelan ere, Floresko gizakiak ez zuen garuneko gaixotasunik: «Gure ustez, LB1ak —Homo Floresiensis-en garuna— ez zuen inongo gaitzik. Garun edukiera txikikoa izan arren, trebetasun kognitibo handia zuen Floresko gizakiak, adituen arabera. Sua egiten ere bazekien. Ikerketa honek, baina, oraindik ez ditu uxatu zalantza guztiak.
'Hobbit', sendiko gazteena
Floresko uhartean aurkitu zituzten aztarnak hominido espezie berri batenak direla berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu