Eric Noyes American Indian Institute gobernuz kanpoko erakundeko burua da. Beren bizimoduari eutsi nahi dieten indiarrak laguntzen ditu taldeak.
Museoaren inaugurazioan izan zineten, baina jarrera kritikoa duzue.
Museoaren eraikina zoragarria da. Horrez gain, ez ditu soilik kristal baten atzean jarritako iraganeko objektu indiarrak erakusten. Egileak saiatu dira indiarren mundu ikuskera erakusten. Indiarrok bizirik gaudela adierazten dute egungo buruzagien berri zabalduta. Horraino pozik gaude. Inaugurazioa, ordea, ekitaldi politiko hutsa izan da. Politikariak izan dira protagonista: senatari, kongresukideak... Unibertsitatera joan eta abokatu bilakatu diren indiarrak, betiere. Ez dira, ordea, beren herrietan gelditu eta beren nazioen buru bihurtu diren buruzagi espiritualak, edo beren hizkuntzak bizirik gordetzen dituzten indiarrak. Ez eta ohituren eta bizimodu tradizionalen sostengatzaile diren indiarrak. Bi indiar mota horiek behar ditugu, baina museo hau oso bestelakoa izango litzateke indiar xumeak gehiago kontuan hartu izan balituzte.
Zertan izango litzateke desberdin?
Indiar tradizionalek zera esango lukete: hemen ez zabiltzate historia osoa kontatzen, guk holokaustoaren museoa behar dugu. Museoa National Geographic aldizkaria bezalakoa da: argazki ikusgarriak, historia polita... baina ez da inoiz azpian diren gai gogorrak jorratzen. Jakina, zurien artean nork entzun nahi du holokaustoaren inguruan? Zein politikari eta senatarik entzun nahi du oraindik gertatzen ari den sarraskiari buruz? Jendea haserre dago hemen, etenik ez duen amnesia hori dela eta.
Edonola ere, Washingtonen erdian eraikitzean Kapitolioaren ondoan indiarrak azkenean aintzat hartzeko nahia ikusi dute askok.
Omenaldia da, eta, aldi berean, belarrondokoa. Kapitolioak irudikatzen du kristautasunaren izenean mendeetan gure herria sistematikoki sarraskitu duen gobernua. Washington leku egokia da, bestalde, geografikoki nazio guztiak Groenlandiatik, Hego Amerikara ordezkatzen dituelako.
Onurarik aterako dute indiarrek museo honetatik?
Indiar ez direnentzat hezigarria izango da. Indiarrei, ordea, ez die emango gehien behar dutena. Ez die lagunduko beren hizkuntzei eusten, ez die lagunduko gazteak gizarte egitura indiarretan gordetzen. Eredua beste nonbaiten dago, Onandaga nazioan alegia. Onandagek ez dute inoiz gobernu tribalik sortu, eta ez diote inoiz zentimorik onartu Gobernu federalari. Milaka urte dituen tradizio biziari eusten diote, beren buruaren jabe.
INDIARREN MUSEOA WASHINGTONEN. ERIC NOYES
«Holokaustoaren museoa da indiarrok behar duguna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu