Homosexualitateari buruzko eztabaida hasi dute anglikanoek

Rowan William Canterburyko artzapezpikuak mundu osoko 38 primatu bildu ditu Londresen, gogoeta egiteko

Erredakzioa
2003ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Homosexualitatearen gaineko eztabaidari heldu zion atzo Londresen Eliza Anglikanoak. Elizakgotzain homosexualak hautatu izana ez da fededun guztien gustuko erabakia izan eta horrek Eliza Anglikanoaren haustura eragin du zenbaiten ustez. Hala, Rowan Williams Canterburyko artzapezpikuak anglikanoen buruak mundu osoko 38 primatu bildu zituen atzo Lambetheko jauregian, homosexualitateaz eta Eliza Anglikanoaren ustezko hausturaz gogoeta egiteko.

Joan zen abuztuaren 4a. Ameriketako Estatu Batuetako Eliza anglikanoak lehen gotzain homosexuala aukeratu zuen. Gene Robinson banandua, eta bi umeren aita New Hampshiereko elizbarrutiko gotzain izendatu zuten. Erabaki hark kontserbadoreen haserrea eragin zuen, eta eskandalu batzuk tarteko pornografia egitea leporatu zioten, Gene Robinson AEBetako lehen gotzain homosexuala izango zenaren hautaketa atzeratu egin zuten. Kontserbadoreei ez zitzaien zuzena iruditu azken hamahiru urteak gizon baten alboan egin dituen laguna gotzain izendatzea. Garapen bidean dauden herrialdeetako fededunak agertu ziren bereziki kontra.

Canterburyko gotzainak, orduan, arazoari errotik heldu behar zitzaiola esan zuen eta eztabaidarako ordua iritsi zela nabarmendu zuen, horren harira. Hitzordua jarri zuen eta dei egin zien mundu osoko ordezkariei.

Atzo hasi eta gaur bukatuko duten bileraren gai ordenan hiru gai nagusi ageri dira. Batetik, homosexuala zela onartu zuenGene Robinson fededuna New Hampshireko (AEB) gotzain izendatu izanak ekarritako soka. Bestetik, bikote homosexualen arteko ezkontzak, eta azkenik, homosexualak direla onartu duten apaiz eta gotzainek jasan dituzten presioak. Bestela esanda, Estatu Batuetako, Kanadako eta Erresuma Batuko elizbarrutiek hartutakozenbait erabakiren inguruan egingo dute berba.

Kanadako New Westminster elizbarrutiak sexu bereko bikoteak ezkontzea zilegi den edo ez eztabaidatzen hasi ziren atzo. Aldekoak eta kontrakoak egon ziren, baina, eztabaidaren nondik norakoen berri gaur azken ordura arte ez duela jakinaraziko aurreratu zuen Eliza Anglikanoak atzo. Bestetik, Readingeko (Erresuma Batua) gotzain izendatu zuten Jeffrey John apaizaren kasuaz ere hitz egingo dute Eliza anglikanoko ordezkariek.Jeffrey Johnek uko egin zion gotzain postuari, «Eliza anglikanoaren haustura saihesteko». Johnek presio handia jasan zuela onartu zuen orduan, «bereziki fededunen sektore kontserbadoreenaren aldetik». Nigeriako Eliza anglikanoko buruek egin zuten gogorren John izendatzearen kontra.

-Soslaia

Rowan williams

Canterburyko artzapezpikua

Arantzaz jositako ibilbidea







Rowan Williams Canterburyko artzapezpikuak ez ditu une gozoak bizi. Gene Robinson AEBetako lehen gotzain homosexualaren hautaketak eta Jeffrey John apaiz homosexualak gotzaigoari uko egiteak erdi-erdian harrapatu dute. Williamsek beti egin izan du homosexualen eskubideen alde eta homosexualak Elizako kargu gorenak hartzea begi onez ikusi du beti; horrek etsai bat baino gehiago sortu dio «etxekoen» artean.

Liberala da Williams, Eliza anglikanoak kargu gorenetarako bazter uzten dituen taldeen eskubideen defendatzaile amorratua. 52 urte ditu, ezkondua eta bi semeren aita da Williams. Azken milurtekoan Canterburyko artzapezpiku postua hartu duen lehen galestarra da, nahiz oso makal egiten duen galesez.

Artzapezpiku kargua hartu zuenetik, Eliza katolikoarenganako gertutasuna erakutsi du, azkenekoz Vatikanoan Joan Paulo II.a aita santuarekin egindako bileran. Teologia ikasketak egin zituen eta 36 urte zituela Oxfordeko Unibertsitatean hasi zen irakasle lanetan unibertsitateko irakasle gazteena zen. Lehen liburua 29 urte zituela argitaratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.